Eibarko Udala
kirolak

Kirol-instalazioetako ordutegiak egokitu dira abuztuan, hobekuntza-lanak egiteko

2026/07/29
Ipuruako kiroldegiko igerileku estalia. Argazkia: www.euskadi.eus
Ipuruako kiroldegiko igerileku estalia. Argazkia: www.euskadi.eus

Ipurua, Unbe eta Orbeako instalazioen funtzionamendua aldatu egingo da abuztuan, zerbitzua eta mantentze-lanak bateragarriak izan daitezen. Besteak beste, aldagelak hobetu, dutxak eta txorrotak berrikusi, estalkiak konpondu eta igerileku estaliaren urteroko mantentze-lanak egingo dira.

Eibar Kirolak-ek abuztuko kirol-instalazioen ordutegien berri eman du. Hurrengo hilabetean hobekuntza- eta mantentze-lan batzuk egingo dira, erabiltzaileei kalitate eta erosotasun handiagoko instalazioak eskaintzen jarraitzeko.

Ipuruako instalazio guztiak itxita egongo dira abuztuaren 1etik 24ra; kanpoko igerilekuek ohiko funtzionamendua izango dute. Abuztuaren 25etik 31ra, instalazioak 9:00etatik 14:00etara egongo dira irekita. Igerileku estalia itxita egongo da irailaren 1era arte. Egun horretan instalazio guztiak ohiko ordutegira itzuliko dira, goizez eta arratsaldez.

Abuztuko atsedena aprobetxatuko da mantentze-lanak egiteko.   Beste lan batzuen artean, aldageletako dutxak eta txorrotak osorik berrikusi, eta esku-hartzearen zain zeuden aldageletako sabaiak eta muskulazio-gela pribatuan dauden itoginak konponduko dira.

Halaber, urtero bezala, hustu egingo da igerileku estalia, onddoen aurkako tratamendua egiteko eta ontziaren barrualdea pintatzeko. Prebentzio-jarduera horri esker, instalazioa higiene- eta kontserbazio-baldintza onenetan mantendu daiteke.

Bestalde, Unbeko instalazioak itxita egongo dira abuztuaren 1etik 16ra.

Orbean, instalazioak zabalik egongo dira abuztuaren 1etik aurrera, astelehenetik larunbatera; igerilekua, berriz, abuztuaren 5etik aurrera egongo da erabilgarri. Spa abuztuaren 10ean irekiko da.

Andoni Ameztoy Kiroletako zinegotziak azpimarratu duenez, "uda une egokia da horrelako lanak egiteko, erabiltzaile gutxiago egoteak aukera ematen baitigu hainbat jarduketa egiteko; beste hilabete batzuetan zailagoa da lan horiek egitea zerbitzuari kaltetu gabe".

“Ohiko mantentze-lanez gain, aurten erabiltzaileek asko eskatzen dituzten elementuetan esku hartuko dugu, hala nola, dutxetan, txorrotetan edo aldageletan, eta, aldi berean, muskulazio-gelako itoginak konponduko ditugu". Zinegotziak gaineratu duenez, "helburua da urtean zehar milaka eibartarrek erabiltzen dituzten instalazioak hobetzen jarraitzea, eta, abuztutik bueltan, gune erosoagoak, seguruagoak eta funtzionalagoak izatea bermatzea".

Udalak eskerrak eman dizkie erabiltzaileei itxierak sor ditzaketen eragozpenengatik, eta gogorarazi du lan horiek guztiek instalazioen bizitza baliagarria luzatzeko eta udalaren kirol-ekipamenduen erabilera-esperientzia hobetzeko aukera emango dutela.