Azahara Dominguez diputatuak Eibarko eraldaketa turistikoa nabarmendu du herrira egin duen bisitan
Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak Eibar bisitatu du, gure herriaren garapen turistikoa bultzatzen ari diren proiektuak ezagutzeko.
Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatua Eibarren izan da turismo-eragileekin egoteko. Jon Iraola alkatearekin eta Vanesa Hortas Garapen Ekonomikoko zinegotziarekin batera, diputatua Eibar Hoteleko eta Ixua Hoteleko ordezkariekin bildu da, eta baita Unzaga Hoteleko jabe berriekin ere, zeinek datozen asteetan ekingo dieten eraikinaren eraberritze-prozesuari. Topaketa horietan, sektore turistikoaren erronka eta aukera nagusietako batzuk jorratu dira, besteak beste, profesional berriak sektorera erakartzearen garrantzia eta talentuaren garapena, esperientzia turistikoaren kalitatea bermatzeko eta turismoaren eskaintzaren hazkundeari eta sendotzeari laguntzeko.
Azahara Domínguezek balioan jarri du Eibar egiten ari den bidea turismoa garapen ekonomikorako aukera bihurtzeko, betiere nortasun indartsu batean oinarrituta, bere industria-tradizioak, ekintzaile-izaerak, ondare aberatsak eta ingurune naturalak markatua. "Eibar oso eraldaketa interesgarria egiten ari da. Bere identitate industrial, enpresarial eta kulturala bereizgarri turistiko bihurtzen ari da, erakutsiz Gipuzkoako eskaintza turistikoaren barruan gero eta leku garrantzitsuagoa har dezakeela", adierazi du diputatuak.
Gainera, Dominguezek aitortu nahi izan du Eibarko Udala eraldaketa prozesu horretan Made in Eibar proiektuarekin egiten ari den lana: «Eibarko eraldaketa turistikoa ez litzateke posible izango hiri-ikuspegi argirik gabe eta tokiko erakundearen konpromisorik gabe. Udala hiria berroneratzeko eta eraldatzeko estrategia garrantzitsu bat bultzatzen ari da, batez ere, bertako biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko eta hiriko kide izatearen harrotasuna indartzeko. Testuinguru horretan, Made in Eibar proiektuak balioan jartzen du gure hiria bereizi egiten duten identitatea, historia eta izaera industrial eta ekintzailea, legatu hori etorkizuneko aukera bihurtuz. Eibar erakusten ari da posible dela proposamen turistiko propio bat eraikitzea, benetakoa eta bereizgarria, bisitarientzako jarduera ekonomikoa eta erakargarria sortzeko ahalmenarekin, bere identitateari uko egin gabe eta ahaztu gabe eraldaketa horren onuradun nagusia bertako biztanlea izan behar dela», nabarmendu du.
Diputatuak gogorarazi du eskualdeko potentzial turistikoa datuetan ere islatzen dela. Debabarrenak 45.329 bidaiari izan zituen 2025ean, aurreko urtean baino %15 gehiago. Horrek bilakaera positibo bat erakusten du, eskualdeko eskaintza turistikoarekiko dagoen interesa frogatuz. "Datu horiek islatzen dute benetako eskari eta hazkunderako potentzial handia daudela. Orain, joera hori sendotzea da erronka, ostatu-gauak gehitzea eta lortzea turismoak gero eta jarduera ekonomiko eta enplegu gehiago sortzea gure udalerrietan", azaldu du.
Zentzu horretan, Dominguezek azpimarratu du garrantzitsua dela eskualdeko ostatu-eskaintza indartzea, bereziki eskaintza murriztu den honetan. 2026ko datuek erakusten dutenez, ostatu-gauen kopuruak behera egin du, eta, aldi berean, ostatu-plazak galdu dira, besteak beste, Unzaga Hotela itxi delako. Hain zuzen, bisitaren helburu nagusietako bat izan da establezimendu enblematiko horren egoera ezagutzea, zeinak 2025eko urrian itxi zituen ateak. Duela gutxi euskal hotel-talde batek erosi du. "Eibarko ostatu-ahalmena indartzea albiste bikaina da eskualdearentzat eta Gipuzkoarentzat”.
Era berean, diputatuak gogorarazi du turismoa Gipuzkoako sektore ekonomiko garrantzitsuenetako bat dela eta enplegu eta jarduera iturri milaka pertsonarentzat, hainbat sektoretan, besteak beste, ostalaritzan, merkataritzan, garraioan, kulturan eta zerbitzuetan. “Turismoa Gipuzkoako BPGaren 8,7 da, eta 40.000 pertsona baino gehiago daude lanean turismoarekin lotutako jardueretan. Enpleguaz, aukera ekonomikoez eta lurralde osoarentzako jardueraz ari gara”.
Bestalde, Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu du turismoaren aldeko apustua hiria eraldatzeko estrategia zabalago baten parte dela. «Turismoa gure nortasuna, historia eta bereizten gaituen oro ezagutarazteko aukera gisa ulertzen dugu Eibarren. Ez dugu beste turismo-helmuga bat izan nahi; nahi duguna da balioan jartzea gure industria-ondarea, enpresa-ehuna, kultura eta ingurunea, nortasun propioa duen hiri bat aurkitzeko interesa duten pertsonak erakartzeko».
Halaber, prozesu hau sendotzeko, erakundeen eta sektore pribatuaren arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du Iraolak. «Unzaga Hotela berriz martxan jartzea, Made in Eibarrekin garatzen ari garen lanak eta establezimendu turistikoen inplikazioak erakusten dute norabide egokian goazela. Gure helburua da jarduera ekonomikoa eta aukerak sortzen jarraitzea, betiere turismo-eredu jasangarri batetik abiatuta, hiriaren eguneroko bizitzarekin bateragarria, eta, lehenik eta behin, eibartarren bizi-kalitatea hobetzeko pentsatua».