Eibarko Udala
Garapen ekonomikoa, enplegua eta berrikuntza

Eibarko Udalak ongietorria eman dio HANSA-FLEX enpresaren proiektuari

2026/07/28
Jon Iraola alkatea eta Vanesa Hortas Garapen Ekonomikoko zinegotzia, HANSA-FLEXeko arduradunekin.
Jon Iraola alkatea eta Vanesa Hortas Garapen Ekonomikoko zinegotzia, HANSA-FLEXeko arduradunekin.

Jon Iraola alkateak eta Vanesa Hortas zinegotziak Eibarrera etorri berria den konpainiaren instalazioak bisitatuko dituzte, enpresaren garapen-planak ezagutzeko.

Jon Iraola Eibarko alkateak, Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotzi Vanesa Hortasekin eta Ainhora Romero eta Josu Ansola udal teknikariekin batera, HANSA-FLEX Ibérica enpresaren instalazio berriak bisitatu ditu, enpresaren proiektua eta hazkunde-aurreikuspenak bertatik bertara ezagutzeko.

Bisitan, konpainiako arduradunek HANSA-FLEXek egiten duen lana aurkeztu (sistema hidraulikoetarako soluzioak), instalazioak erakutsi, eta enpresa Eibarren kokatzeko izan dituzten arrazoiak azaldu dituzte, baita etorkizunerako  dituzten perspektibak ere industria-tradizio handiko ingurune batean.

Instalazio berri hauek irekitzea HANSA-FLEXen estrategiaren parte da. Izan ere, Euskadin duten presentzia indartu nahi dute eta lurraldeko enpresei zerbitzu hurbilagoa eta arinagoa eskaini, erantzuteko gaitasuna eta bezeroekiko hurbiltasuna hobetuz.

Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu du garrantzitsua dela enpresa berriek gure herria aukeratzea beren jarduera garatzeko. “HANSA-FLEX bezalako enpresa bat Eibarrera etortzea albiste bikaina da. Gure herriak industria gune gisa duen erakargarritasuna indartzen du, eta aukera ematen du jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen jarraitzeko. Udalak lagundu egin nahi die hemen inbertitzea erabakitzen duten enpresei, beren proiektuak arrakastaz garatzeko aukera izan dezaten”.

Bestalde, Vanesa Hortas Garapen Ekonomikoko zinegotziak azpimarratu du enpresa-ekimen berriak Eibarrera etortzeak lagundu egiten duela udalerriko ekoizpen-sarea sendotzen. "HANSA-FLEX bezalako enpresa berriek gure ekosistema industriala aberasten dute eta Eibar inbertitzeko leku lehiakorra izaten jarraitzen duela erakusten du. Gure konpromisoa hauxe da: jarraitzea berrikuntza, erakunde eta enpresen arteko lankidetza eta tokiko garapen ekonomikorako aukerak sortzen lagunduko duten politikak bultzatzen.”

Bisitak bide eman du, halaber, Eibarko industria-errealitateari buruzko iritziak trukatzeko, eta Udalaren eta konpainiaren arteko lankidetza indartzeko.