Eibarko Udala

Udaleko Kultura Arloak eta Andretxeak Telegrameko kanal propioak sortu dituzte beren jardueren berri emateko

2020/07/03
Telegrameko logotipoa.
"Eibarko Kultura" eta "Andretxea Eibar" dira Kulturatik zein Berdintasun Zerbitzua-Andretxetik antolatzen diren jarduera, ikastaro, ekitaldi edo tailerrei buruzko informazioa bidaltzeko erabiliko diren kanalak. Aurrerantzean, bi udal arloek erabiltzaileei informazioa bidaltzeko erabiltzen zuten WhatssApp zerbitzua bertan behera geratu da ofizialki; izan ere, 2019ko abendutik debekatuta dago informazioa modu masiboan bidaltzeko hedapen zerrendak erabiltzea.

Eibarko Udaleko Kultura Sailak eta Berdintasun Zerbitzuak-Andretxeak, aste honetatik, beren kanal propioak dituzte Telegram bat-bateko mezularitza-aplikazioan, antolatzen dituzten ekitaldi, jarduera, ikastaro edo tailerrei buruzko informazioa bidaltzeko euren jarraitzaileei. Kulturaren kasuan, kanal berriaren izena "Eibarko Kultura" da, eta Berdintasun Zerbitzuaren kasuan, berriz, "Andretxea Eibar".

Gure gizartean teknologia berriek gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari direla eta herritarrak dauden tokian egotea ezinbestekoa dela jakinik, bi udal-zerbitzuek tresna hori beren eguneroko lanean komunikazio-kanal berri gisa erabiltzearen alde egiten dute.

Bi kasuetan, tresna hori ezartzearen helburua da bi arloetatik programatzen diren jarduera ugarien hedapena eta informazioa hobetzea, eta informazio hori herritarrengana modu zuzenagoan eta gardenagoan iristea.

Kultura nahiz Berdintasun Zerbitzua-Andretxeako nobedade guztiak lortu nahi dituzten pertsonek Telegram aplikazioa deskargatu beharko dute mugikorretan eta harpidetu egin beharko dira beren intereseko kanaletan. Kanaletan argitalpen berri bat egiten den bakoitzean, aldez aurretik harpidetu diren pertsonek jakinarazpen bat jasoko dute beren telefonoetan.

Kultura Sailaren kasuan, erabiltzaileek programatutako jarduerei buruzko informazioa jasoko dute, hala nola antzezlanak, zinema-karteldegia, dantza, haurrentzako jarduerak edo erakusketak. Bestalde, Andretxeako kanalera atxikitako erabiltzaileek mota guztietako berriak jasoko dituzte ikastaro, hitzaldi, zineforum, jarduera edo erakusketa anitzei buruz.

Hemendik aurrera, Kultura Arloko eta Andretxeako WhatsApp zerbitzuak bertan behera geratuko dira, WhatsAppeko konpainiak berak 2019ko abendutik debekatzen baitu aldi berean 250 pertsona baino gehiagori informazioa bidaltzeko hedapen-zerrendak erabiltzea. Hori dela eta, bi udal zerbitzuak Telegramen egongo dira orain, baita Facebook eta Twitter bezalako sare sozialetan ere.