Eibarko Udala
ingurumena

Udaleko Ingurumen arloak 800 kilo hondakin bildu eta kendu ditu Ego ibaitik eta Eibarko erreketatik

2025/07/23
Artxiboko irudia.

Ekainaren amaieran, kanpaina bat egin zen ibaiaren estali gabeko tarteetan (2.195 metro) eta Txonta, Aiagaerreka, Asuaerreka eta Gorosta erreketan (480 metro). Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak diruz lagundu du garbiketa, zaborren foku sakabanatuak prebenitzeko eta zuzentzeko laguntza-ildoaren barruan (125.000 euro). Bildutako 800 kiloetatik 270 erreus-hondakinei zegozkien, eta gainerakoak bestelako hondakinei, hala nola txatarrari, gurpilei, zurari edo plastikoei.

Pasa den ekainean, Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak kanpaina bat egin zuen Ego ibaia eta ibaiarekin bat egiten duten errekak garbitzeko. Jarduera horren ondorioz, 800 kilo hondakin bildu eta kendu ziren.

Horietatik 270 kilo errefus-hondakinei zegozkien, eta gainerako 530 kiloak beste mota bateko hondakinei, eta Eibarko Garbigunean utzi ziren. Horretarako, Debabarreneko Mankomunitatearen laguntza izan zen. Kendu ziren materialak, batez ere txatarra, plastiko zurrunak, zura, obra-hondakinak, gurpilak eta bestelako hondakin bereziak izan ziren (hala nola erosketa-orga bat edo koltxoi baten egitura bat).

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasunaren Departamentuak lagundu du diruz garbiketa, sakabanatutako zaborren fokuak prebenitzeko eta zuzentzeko laguntza-ildoaren barruan (125.000 euro). Jasagarritasuneko diputatuak azpimarratu du tokiko ekimen hauek oso garrantzitsuak direla hondakinak itsasora iristea geldiarazteko. "Sakabanatutako zaborra ingurumen-kutsaduraren modu nabarmen eta kezkagarrienetako bat da.  Laguntza-lerro honen bidez, udalerriei lagundu nahi diegu gure ibaiak, errekak, hondartzak eta naturguneak garbi mantentzeko konpromisoan.  Jarduera horiek gure ingurunea hobetzen dute eta zuzenean laguntzen dute ekosistemen osasunean eta itsas kutsaduraren aurkako borrokan", adierazi du José Ignacio Asensio foru diputatuak.

Guztira, 2.675 m garbitu dira udalerriko ibai-tarte desberdinetatik. Alde batetik, garbiketa-lanak Ego ibaiaren estali gabeko lau zatitan egin ziren, 2.195 metroko hedaduran: Otaola-Torrekua (420 metro), Ego-gain (275 metro), Barrena-Murrategi-Azitain (490 metro) eta Apalategi-Maltzaga (1.010 metro). Bestalde, lau erreketako zatiak ere garbitu dituzte: Txonta (220 metro), Aiaga-Murrategi (95 metro), Asuaerreka (65 metro) eta Gorostia- Azitaingo poligonoa (100 metro).

Ildo horretan, aipatzekoa da hondakin gehienak Barrena-Murrategi-Azitain (500 kilo) eta Apalategi-Maltzaga bidegorrien (162 kilo) tarteetan bildu zirela. Aipatutako hondakinez gain, hainbat ontzi, plastiko, ehun eta toallatxo bildu dira adarretan eta ertzetako landaredian korapilatuta.

"Zaborrak eskuz bildu ziren, arreta bereziz, landarediari, faunari eta inguruneari eragin ez ziezaioten; zabortzat ulertuta nahita edo ustekabean ibai-ingurunean amaitu den edozein material solido antropogeniko, manufakturatu edo prozesatu, hala nola plastikoak, ehunak, pneumatikoak edo metalak" nabarmendu du Ingurumeneko presidente Evak.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, "Hondakinen bilketa hutsetik haratago doan lan baten aurrean gaude. Ego ibaiaren garbiketa honek hiri-eredu jasangarri batekin dugun konpromisoa islatzen du, non ingurune naturala babestea lehentasuna den. Funtsezkoa da erakunde gisa jardutea, baina baita herritarrak inplikatzea ere partekatzen ditugun espazioak zaintzen. "

Halaber, adierazi duenez, "Eibar udalerri industriala eta urbanoa den aldetik, espazio konpartitzen du errekekin. Badakigu ingurune horiek, balio ekologikoaz gain, ondare kolektiboa ere badirela. Erretiratzen dugun hondakin bakoitza aukera bat da ondare horren zati bat berreskuratzeko, gure ibai-ertzak birnaturalizatzeko eta guztiontzako ingurumen-kalitate hobe baterantz aurrera egiteko."

Ermuko hiri-eremuaren hasieratik Maltzagan itsasoratzen den arte, Ego ibaia erabat aldatuta dago, ibilbidearen zati handi batean estalita, edo horma bertikalez bideratuta, eta horrek ibai-ertzen degradazioa dakar. Gauza bera gertatzen da Egora isurtzen diren eta Eibarko herrigunea estalita zeharkatzen duten erreken behealdeko ibilbideekin.

Saneamendu-sarearekin dagoen arazoaz gain, hori baita Ego ibaiaren kutsadura organikoaren arrazoia, arazo bat dago: zaborra pilatu egiten da ibaiaren hainbat zatitan, eta, batez ere, hondakin plastikoak eta ehunak pilatzen dira, ibaiak herrestan eramaten dituenak eta adarren eta landaretzaren artean korapilatzen direnak.

Ibaian gora, ibaia hormigoizko hormekin edo harri-lubetekin bideratuta dagoen tarteek bereziki, Eibarko hirigunetik igarotzean, ez dute zaborra sakabanatuta pilatzeko arazo handirik, hondakinak ez baitira hain atxikita geratzen. Hala ere, garrantzitsutzat jo da bideratutako tarte batzuk berrikustea eta garbitzea. Era berean, estali gabeko ibai-tarteetan zenbait puntu hauteman dira, hondakin astunagoak eta/edo tamaina handiagokoak dituztenak (gurpilak, txatarrak, zurak, plastiko zurrunak...), plastikoez eta ontzi arinez gain.

Garbiketa hau, urtero egiten dena,  2022an hasi zen, eta urte horretan 3.005 kilo bildu ziren. 2023an 220 kilo jaso ziren eta 2024an, 392 kilo.

"Jarduera honen bidez, Udalak itsas ingurunera iristen den hondakin kopurua murrizten laguntzen du, eta hori gaur egun handitzen doan arazo globala da eta neurriak hartzea eskatzen du. Itsasora iristen diren hondakin horien % 80 lurretik datozela uste da, neurri handi batean kontzientziazio faltagatik, eta horrek ibaietan amaitzen diren hondakinak kontrolik gabe isurtzea eragiten du, azkenean itsasoetara iritsiz ", azaldu du Eva Juezek.

Jarduera horretarako, beste behin ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Iraunkortasun Departamentuaren dirulaguntza jaso da.