Udalbatzak 2023rako Ordenantza Fiskalak eta Prezio Publikoak onartu ditu

PSE-EEk aldeko botoa (9) eman du eta Eibarko EAJ-PNV (3) eta EH-Bildu (4) abstenitu egin dira. Bestalde, Elkarrekin Podemosek aurka bozkatu du (1).
Gaur goizean egindako ezohiko Udalbatzak 2023rako Ordenantza Fiskalak eta Prezio Publikoak onartu ditu. Horrela, hamargarren urtez jarraian, datorren urterako tasak eta zergak izoztea onartu da.
Ekonomia Jardueren gaineko Zergari dagokionez, kuotaren % 50erainoko hobaria sartzen da udal-kuotagatik zergak ordaintzen dituzten subjektu pasiboentzat, baldin eta energia berriztagarriak edo kogenerazio-sistemak aprobetxatzeko instalazioetatik energia erabiltzen edo ekoizten badute.
Azkenik, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, % 50eko hobaria aplikatzekoak diren energia berriztagarri motak zabalduko dira eta ez da mugatuko eguzki-energiara —dagoeneko indarreko Ordenantzan jasota baitago—, baizik eta gainerako energia berriztagarriei ere aplikatzea.
Bestalde, bide publikoa mahai eta aulkiekin, salgai dauden produktuekin edo bestelako elementu osagarriekin erabiltzeari eta okupatzeari buruzko udal-ordenantzan aldaketak egingo dira. Horren prezioa terraza egonkorren prezioarekin parekatzen da, eta ulertzen da “terraza egonkorren kasuan bezala, espazioa kolonizatzen dela, eta, horregatik, moduluaren prezioak egunero muntatzen eta desmuntatzen diren terrazen prezioa baino handiagoa izan behar duela”, adierazi du Telleriak. Gainera, aldaketa bat egingo da, terrazak okupatzeko aldia amaitu aurretik alta- eta baja-kasuetan eska daitezkeen zenbatekoak nola kalkulatu argitzeko, eta, horrela, proportzionaltasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioa betetzeko.
Gainera, 2022ko uztaileko osoko bilkuran onartu zen % 100eko hobariak ematea (edo, bestela esanda, ordainketatik salbuestea) ostalariek bide publikoa urtarrilaren 1etik martxoaren 15era bitartean okupatzeagatik ordaindu beharko zuketen tasa, alegia, ostalaritzako establezimenduek Covid-19a dela-eta izan zituzten murrizketa handieneko epean.
Halaber, zerbitzuak emateagatik edo udal-jarduerak egiteagatik ordaindu beharreko Prezio Publikoak arautzen dituen Ordenantza aldatuko da. Alde batetik, Ordenantzaren edukiera handiko ekipamenduetako ikuskizunen atala (Kiroldegia eta Astelena frontoia) aldatuko da, non Errebal Plazia sartuko den, eta, bestetik, lokal soziokulturalak alokatzeko aukera emango duen atal berri bat sartuko da, “Errebalgo gelak” epigrafearekin.
Portaleko gelekin gertatzen den bezala, tasa hau ordaintzetik salbuetsita egongo dira Udal Intereseko Elkarteen Erregistroan inskribatutako irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeak eta onura publikokotzat jotakoak.