Eibarko Udala
ingurumena

Udalaren “rexcatering” zerbitzuan beste lau ikastetxe sartu dira eta bi “hozkailu” berri instalatu dira

2026/02/04
"Rexcatering" proiektuaren aurkezpena Errebalen.
"Rexcatering" proiektuaren aurkezpena Errebalen.

Egogain Zentroan eta J.A. Mogel Ikastolan berreskuratutako elikagaiez gain, La Salle Isasi, San Andres, Aldatze eta Arrateko Andra Mari ikastetxeetako soberakinak ere eibartar guztien eskura jarriko dira. Proiektu honen bidez, Ingurumen Arloak eta parte hartzen duten ikastetxeek elikagaien xahuketaren aurka borrokatzea dute helburu, soberakinak edonoren eskura jarriz, eta hondakin organikoaren prebentzioan eta “Hondakin Zero” kudeaketan beste urrats bat emanez.

La Salle Isasi, San Andres, Aldatze eta Arrateko Andra Mari ikastetxeak elikagai xahuketaren aurkako Rexcatering sarearekin bat egin dute. Gaur, otsailak 4, inauguratu da ofizialki lau ikastetxe horietako jantokietan sortzen diren elikagai soberakinak berreskuratzeko proiektua, Zero Hondakin Fundazioarekin lankidetzan eta Eibarko Udalaren zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketari esker. Berreskuratutako elikagaiak herritar guztien eskura jarriko dira doan, bi vending makina berritan (Eibarko Zero Hondakin Hozkailuak), Errebaleko merkatu plazaren barruan eta Urki kaleko 16. zenbakian (arkupeetan, eskailera mekanikoen ondoan).

Egogain Zentroak eta J.A. Mogel Ikastolak —azken horrek Goyeneche Fundazioko Eibarko Garagune zentroaren laguntzarekin— 2024ko erdialdetik ari dira beren eguneroko soberakinak Egogain Zentroaren kanpoaldean (frontoiaren ondoan) dagoen vending makinan uzten, doan. Jantoki kolektiboetan janaria ez botatzen ahalegin handia egin arren, saihestezina den soberakin portzentaje bat dago beti, eta Rexcatering proiektuari esker beste pertsona batzuek janari hori aprobetxa dezakete.

Hori baieztatzera datoz Egogain Zentroaren kanpoaldean kokatutako Eibarko lehen “Hondakin Zero Hozkailuaren” emaitzak: 2024ko uztailean martxan jarri zenetik makinara sartutako janariaren %100 kontsumitu da, eta guztira 4.543 errazio berreskuratu dira (1.706, 2024ko uztailetik abendura bitartean, eta 2.837, 2025ean). Kontuan hartuta 2025eko uztailean eta abuztuan zerbitzua ez zela martxan egon, batez beste hilean 303 errazio eta egunean 20 errazio berreskuratu dira. Epe horretan ikusi da makina batez beste 3,7 ordutan husten dela; beraz, makina hutsik egoteak ez du esan nahi zerbitzua ez dagoenik martxan, baizik eta janaria oso azkar kontsumitzen dela.

4.543 elikagai-errazio berreskuratzeak 4.994,54 kg CO isurtzea saihestu du (2.107,73 litro erregairen baliokidea), 29.352,82 litro ur kontsumitzea (1.234 dutxaren baliokidea) eta 11.081,58 m² lurzoru okupatzea (27.258 euroko baliokidea). Soberan geratu ohi diren platerak lehen platerak izaten dira (lekaleak, pasta/arrozak, pureak, etab.), horrelako janariekin zailagoa baita errazio kopurua edo prestatu beharreko bolumena kalkulatzea.

2026 honetan, beste lau ikastetxeeetako ikasleek eta sukaldeko langileek Egogain Zentroaren eta J.A. Mogel Ikastolaren bideari jarraituko diote. Horretarako, aurretik elikagaien xahuketari buruzko azterketa bat egin da, parte hartu nahi izan duten ikastetxe bakoitzean, jantokien diagnostikoa egiteko eta haien egoerara eta izaerara egokitutako ekintza-plan erreal bat diseinatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak partzialki finantzatutako azterketa horri esker, ikastetxe bakoitzak hilean elikagaiak berreskuratzeko duen potentziala ezagutu da, eta horrek proiektura batzea erraztu die. Parte-hartzea baieztatu ondoren, sukaldeko langileei eta irakasleei trebakuntza eman zaie soberakinak errazionatu eta ontziratzeko; ikasleek, berriz, etiketatzeaz eta kasu batzuetan, hozkailu eramangarriekin elikagaiak garraiatzeaz arduratu dira. Egogain Zentroaren kasuan, gainera, desgaitasun intelektuala duten pertsonak ere aktiboki parte hartzen hasi dira. Goyeneche Fundazioko Eibarko Garagune zentroak, halaber, jarraitzen du eramaten J.A. Mogel Ikastolako soberakinak ikasleak autobusetik jaisten diren geralekutik Egogain Zentroaren kanpoaldeko “Zero Hondakin Hozkailura”.

Horrela, parte hartuko duten ikastetxeei udalak eskura jarriko dizkie beharrezko makina eta materialak (termozigilagailuak, etiketagailuak, hozkailu-motxilak, tabletak, etiketak…), baita hiru vending makina ere, ikastetxeen artean partekatuko direnak. Egogain Zentroaren kanpoaldeko makinara (frontoiaren ondoan) Egogain Zentroak eta J.A. Mogel Ikastolak eramaten jarraituko dute soberakinak, eta horiei La Salle Isasi ikastetxea gehituko zaie.

Errebal merkatu plazaren barruan jarriko den Hondakin Zero hozkailura San Andres eta Aldatze ikastetxeek eramango dituzte soberakinak, eta Urkiko makinara Arrateko Andra Mari ikastetxeak. Makinen kokapena aurretik adostu da ikastetxeekin, guztiak 300 metro baino gutxiagora egon daitezen.

“Ekimenak duen gauzarik azpimarragarriena atzean dagoen giza kalitatea da; izan ere, posible egiten duen boluntario sareari esker, egoera onean dagoen janaria doan aprobetxatu daiteke guztion artean, eta, aldi berean, elikagaien xahuketak sortzen duen ingurumen-inpaktua murrizten da (karbono-aztarna, ur-aztarna, lurzoruaren okupazioa, etab.)”, adierazi du Eva Juez Garmendiak.

Jon Iraola Eibarko alkateak adierazi duenez, "Rexcatering proiektua zabaltzeak erakusten du erakundeok, ikastetxeok eta herritarrok elkarrekin lan egiten dugunean, arazo bat aukera bihurtzeko gai garela. Elikagaiak alferrik galtzea herritarrentzako baliabide erabilgarria bihurtzen ari gara, eta hori ekonomia zirkularraren adibide bikaina da. "

Azken hamarkadan, elikagaien xahuketaren inguruko zalantzak eta kontzientziazioa handitu egin dira mundu mailan, eta arazo larria bihurtu da, elikagaiak hondakin gisa tratatzeak dakarren ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-inpaktu handiagatik. Ondorioz, funtsezkoa da balio-kateko eragile guztien papera eta gizartearen sentsibilizazioa, ekoizpen- eta kontsumo-ereduetan egiturazko aldaketak sortzeko, eta eskaintza zein eskaria inpaktu txikiena duten produktu eta zerbitzuetara bideratzeko.

Ekimen honek NBEren 2030 Agendako 12. Garapen Jasangarriko Helburua (Ekoizpen eta Kontsumo Arduratsuak) betetzen laguntzen du, eta Eibarko 2022-2030 Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planaren (PACES) ildo estrategikoetako batean kokatzen da. Plan hori 2023ko urtarrilaren 30ean onartu zen.

Eibarko Udalak, elikagaiak berreskuratzeko zerbitzu hau ezarri eta zabaltzeko, berriro eskatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak ekonomia zirkularraren arloan ematen duen dirulaguntza.

Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak, Eibarko Eskola Agenda 2030eko ardatz nagusia

Eskola Agenda 2030aren baitan, “Ekoizpen eta Kontsumo Arduratsuak” izeneko Garapen Jasangarriko 12. helburua lantzen ari da. Udalerriko ikastetxeak, Eibarko Udaleko Ingurumen Sailarekin eta Debegesarekin lankidetzan, “elikagaien xahuketa” gaian zentratu dira, eta ikasturte honetako proiektuaren barruan, laster gai horri buruzko sentsibilizazio-kanpaina jarriko dute martxan.

Horretarako, programan parte hartzen duten sei ikastetxeetako ikasleek hainbat euskarri komunikatibo diseinatuko dituzte (kartelak, esku-orriak, aurkezpenak…), elikagaien xahuketa murrizteko praktika onen aholkuak eta Rexcatering proiektuari buruzko informazioa jasoko dituztenak. Era berean, ikasleak herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin, hainbat jarduera antolatuko dira, hala nola kalean informazioa emateko ekintzak, jubilatuen elkarteetan hitzaldiak  ematea eta Rexcatering proiektua martxan duten zentroetara bisitak egitea.