Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalaren Kontratazio Mahaiak Mekolako lehenengo igogailuaren adjudikazioa Altuna y Uría SA enpresari ematea proposatu du

Mekolako lehen igogailuaren infografia.

Mekolako lehen igogailuaren infografia.

2023/02/03

Lanak berehala hasiko dira, enpresa adjudikaziodunak datozen egunotan eskatutako dokumentazioa aurkeztu eta kontratua formalizatu ondoren. Igogailu trenbidearen gaineko Berdintasun Pasealekutik hasi eta Mekola kaleraino iritsiko da. Proiektuaren barruan, Bildosolaneko txalet zaharraren lursailaren hondeatze- eta prestatze-lanak ere egingo dira. Jarduerak 1.642.547,24 euroko kostua du (BEZa barne) eta obra egiteko 40 asteko epea ezarri da.

Eibarko Udaleko Kontratazio Mahaiak, atzo (urtarrilak 31) egindako bileran, Mekola inguruan proiektatutako bi igogailuetako lehenaren eraikuntza Altuna y Uría SA enpresari adjudikatzea proposatu zuen, 1.642.547,24 eurotan, lanak egiteko 40 asteko epe bat ezarriz.

Lizitaziora aurkeztutako hiru eskaintzak aztertu ondoren, Altuna y Uríari dagokiona aukeratzea proposatu zen. Adjudikazioa behin betikoa izango da enpresak eskatutako dokumentazioa entregatzen duenean. Une horretatik aurrera formalizatuko da kontratua, eta horren ostean hasiko dira lanak.

Lehen igogailu hau Berdintasun Pasealekutik abiatu (udaletxe ostean dagoen trenbidearen gaineko pasealekua) eta Mekola kaleraino iritsiko da. Obraren barruan sartzen da igogailuaren oinarria kokatuko den lurra hondeatzea eta prestatzea, Bildosolaneko txaleta zegoen orubean.

Hondeaketa egin ondoren igogailuaren abiagunea oinezkoentzako pasealekuarekin bat eginda geratuko da, haren kota berean.  Igogailu honek 11 metroko altuera gaindituko du eta tarteko geldialdi bat izango du Mekolako 6, 7 eta 8 zenbakiei zerbitzua emateko. Ardantzatik Mekolara doan bideraino iritsiko da.

Mekolako irisgarritasun-proiektua osatzeko, bigarren igogailu bat eraikiko da Arratebideraino, zeina gaur egun eraikitzen ari diren etxebizitzen urbanizazio berriaren ondoan kokatuko den. Egitasmo horri azken ukituak ematen ari dira Udalean, aurki lizitaziora ateratzeko.

Bi igogailuen proiektua plan zabalago batean txertatuko da. Egitasmo horren barruan, Bildosolaneko txaleta zegoen lurretan parke bat egingo da jardingune zabal batekin, oinezkoentzako pasealekuaren ondoan, eta San Juan kalearen atzealdean dagoen aisialdi-eremua berrurbanizatu egingo da.

Mekolako irisgarritasuna igogailu publikoen bidez hobetzea auzoko jendearekin izandako partaidetza-prozesu baten fruitu izan da. Prozesu horretan egin ziren bileren ondorioz, igogailuentzako hainbat kokapen posible proposatu ziren. Parte-hartzaileekin eztabaidatu ondoren azken aukera bat adostu zen, eta horixe izan da egitasmoa idazteko enpresa adjudikaziodunak kontuan hartu duena.

Parte-hartze prozesuan adostu zen, baita ere, Mekola kalean hobekuntzak egitea Ardantzako Babes Ofizialeko Etxeen urbanizaziotik Arratebideraino, eta gogoeta bat egitea auzoko trafikoaren inguruan.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “proiektu honen bidez, Eibarko erdigunearen eta Mekola eta Arratebide inguruaren arteko irisgarritasuna hobetuko da, eta, eremu horren berrurbanizazioa erraztearekin batera, hiriaren erdigunean aisialdirako gune berriak sortuko dira”. Iraolaren arabera, aurreneko igogailuaren adjudikazioarekin, “obrak berehala hasiko dira”.