Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalaren Kirol Patronatuko bostehun bat pertsonak hartu dute parte ematen den zerbitzuari eta abonatuen premiei buruzko iritzia jakiteko egin den inkestan

Ipuruako Polikiroldegia.

Ipuruako Polikiroldegia.

2022/09/30

Hobetzeko egindako eskaera nagusiak hauek izan dira: barruko igerilekuak handitzea, fitness eta kalistenia guneak berritzea, padel pista gehiago jartzea edo eskaladako eremu zabal bat sortzea. Eskari horiei Ipuruako kiroldegi berriarekin erantzun nahi zaie. Ipurua II aurreproiektuaren idazketa martxan da eta laster irtengo da lizitaziora.

Joan den maiatzean Eibarko Udalaren Kirol Patronatuaren egungo eta etorkizuneko instalazioen egoerari eta aurreikuspenari buruz egindako prozesu parte-hartzaileak 500 inkesta baino gehiago biltzea lortu zuen abonatuen artean. Jasotako datuetan oinarrituta, inkestan parte hartu zutenak, 18 eta 64 urte bitarteko emakumeak eta gizonak gehienak, herriko hiru instalazio nagusietako baten erabiltzaileak dira; goizez zein arratsaldez erabiltzen dituzte instalazioak, eta astean 1-4 egunetan egiten dute jarduera fisikoa.

Inkestan egiaztatu da erabiltzaile gehienek kirolen bat egin nahi dutela, beren egoera fisikoa hobetu edo, besterik gabe, aisialdiko une batez gozatu.  

Hala ere, badira beste pertsona batzuk helburu dutenak pisua galtzea edota lesioetatik errekuperatzea edo adinak eragindako narriadura fisikoari aurre egitea.

Alde horretatik, inkestari erantzun dioten 299 erabiltzailek adierazi dute beren helburuak behar bezala betetzen ari direla, eta 98k erantzun dute ez dutela lortzen.

Instalazioen kalitateari eta egoerari dagokienez, parte-hartzaileek, oro har, balekotzat jotzen dituzte instalazioen garbiketa, argiztapena, tenperatura, espazioak eta ordutegiak. Nolanahi ere, erantzunetan aipatzen da kirol-materialak eguneratu beharra dagoela, fitness-makinak, esaterako, bai eta gimnasioetako zoruak ere. Lan horien inguruan jada diagnostiko bat egiten ari da, eta obrak aurten hasi eta hurrengo urtean jarraituko dute.

Bestalde, jardueren eskaintza nola hobetu luketen galdetuta, erabiltzaileek, nagusiki, zera proposatzen dute: Crossfit-klaseak ematea, eskalada, padela, zunba eta boxeoa.

Udalaren Kirol Patronatuan jarraitzeari dagokionez, % 92k adierazi du bere abonua beste urtebetez berritzeko asmoa duela, eta, gainera, % 75,8k adierazi du Eibarko Kiroletako Udal Patronatua gomendatuko liekeela bere ezagunei.

Ipurua IIren etorkizuna

Inkestan, gainera, erabiltzaileei galdetu zitzaien zer ikuspegi zuten Ipurua IIko instalazio berriei buruz. Horretarako, Patronatuko abonatuei eskatu zitzaien adierazteko zein diren eraikin berrian ezinbestekotzat joko lituzketen ekipamenduak.

Eskaririk errepikatuenak hauexek izan dira: barruko igerilekuak handitzea, fitness-guneak handitzea eta eguneratzea, kalistenia-parke bat sortzea, padel-pista gehiago egitea edo eskalada-eremu zabal berri bat.  Beste eskabide ez hain arrunten artean, erabiltzaile batzuek zera proposatu dute: aisialdirako, atsedenerako eta ikasteko gune komunak sortzea  kirola egiten duten eta horretarako espazio bat behar duten gazteentzako.

Laster aterako da lizitaziora Ipurua IIko instalazio berrien aurreproiektua, zeinak, batetik, duela hilabete batzuk hiriko kirol-klubekin egindako Kirol Mahaiaren bilkuran ateratako ondorioak jasoko baititu, eta, bestetik, egindako inkestan abonatuek emandako iritzi eta proposamenak.   

Horren haritik, hala adierazi du alkateak: “Kirol-kluben eta Patronatuko erabiltzaileen ekarpenak kontuan hartzea nahi dugu Ipuruako kiroldegi berria eraikitzeko eta, hala, gure herriko kirolaren benetako beharrak asetu.”