Udalak zuzeneko dirulaguntza lerro bat jarriko du enpresa txiki-ertainentzat eta autonomoentzat, alarma-egoerak sortutako galerak konpentsatzeko

2020/06/10

Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreek jaso ahal izango dituzte dirulaguntza hauek; 700.000 euro jarri dira horretarako. Udalak adierazi du ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiek izango dutela bermatuta dagokien dirulguntza. Dirulaguntza hauek eskatzeko epea ekainaren 12ko 8:00etatik ekainaren 30eko 15:00etara izango da. Dirulaguntzak modu elektronikoan eskatu beharko dira, udalaren webguneko "Bekak, dirulaguntzak eta laguntzak" atalaren bidez.

Eibarko Udalak onartutako Talka Planaren baitan, zuzeneko laguntza-lerro bat prestatu da herriko autonomoentzat eta ETE enpresa txiki eta ertainentzat, COVID-19ak eragindako alarma-egoeraren ondorioz itxi behar izan dituzten edo fakturazioa % 50era baino gehiagora murriztu zaien establezimenduetan sortutako galera ekonomikoak konpentsatzeko. Programa honetarako, Udalak 700.000 euroko partida bat jarriko du.

Zuzeneko laguntzen lerro hau beren kontura lan egiten dutenentzat, autonomoentzat edo mikroenpresentzat da, zerbitzu horiei likidezia emateko, jarduerari eusteko eta zenbait gastutan laguntzeko, hala nola alokairuan, kontsumoetan, hornitzaileei ordaintzean edo autonomoen kuotetan.

Zuzeneko laguntzaren kopuruak hauexek dira: 900 euro beren jarduera itxi behar izan duten enpresa txiki eta ertainentzat eta pertsona autonomoentzat, eta 450 euro jarduera zabalik izan baina fakturazioaren % 50etik gorako diru-galerak izan dituztenentzat (merkatu-plaza barne).

Ezarritako gutxieneko dirulaguntza osagarri batzuen arabera handitu ahal izango da, gehienez ere 1.600 eurora iritsi arte itxi behar izan dituzten negozioentzat, eta 800 euro fakturazioan % 50etik gorako galerak izan dituztenentzat.

Jarduera itxi egin behar izan bada, hauexek dira osagarriak: 300 euro, errentamenduaren titularra bada; 100 euro, 1 eta 3 langileren artean baditu; 200 euro, 4-6 langile baditu; eta 300 euro, 6 langiletik gora baditu. Halaber, 100 euroko dirulaguntza bat emango da titular onuraduna emakumea bada, edo, pertsona juridikoaren kasuan, emakumeen partaidetza % 50etik gorakoa bada.

Jarduerak zabalik egon baina fakturazioan % 50etik gorako galerak izan badituzte, osagarriak hauexek izango dira: 150 euro, errentamenduaren titularra bada; 50 euro, 1 eta 3 langileren artean baditu; 100 euro, 4-6 langile baditu; eta 150 euro, 6 langiletik gora baditu. Halaber, 50 euroko dirulaguntza bat emango da titular onuraduna emakumea bada, edo, pertsona juridikoaren kasuan, emakumeen partaidetza % 50etik gorakoa bada.

Marka edo enpresa handien filialak dirulaguntza hauetatik kanpo geratzen dira. Gainera, udalaren dirulaguntza hori bateragarria izango da beste erakunde batzuek ematen dituztenekin, betiere hala adierazten badu beste erakundeak (nagusiki Lanbideren dirulaguntzak).

Dirulaguntza hauek eskatzeko epea ekainaren 12ko 8:00etatik ekainaren 30eko 15:00etara izango da. Dirulaguntzak eskatzeko interesa duten pertsona autonomoek eta enpresa txiki eta ertainek modu elektronikoan egin beharko dute prozedura, Udalaren webgunean egongo den formularioa betez; horretarako, beharrezkoa izango da ziurtagiri digitala (B@K-Q, NAN elektronikoa edo IZENPE txartela, besteak beste). Zehatzago, Udalaren plataforma aktibatu egingo da webguneko “Bekak, dirulaguntzak eta laguntzak” atalean, ekainaren 12an, 8:00etatik aurrera.

Formularioarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

  • Eskatzailearen nortasun juridikoa egiaztatzeko dokumentuak: (NANa edo estatutuak).
  • Legezko ordezkaritzaren kasuan, legezko ordezkariaren NANa edo balio bereko dokumentua eta ordezkaritzaren egiaztagiriak.
  • Eskatzailearen banku-kontuaren titulartasuna egiaztatzen duen agiria, eskatzailearen nortasunarekin bat etorri behar duena.
  • Jarduerari atxikitako lokala errentan egonez gero, errentamendu-kontratua eta ordaindutako azken ordainagiria.
  • “Alta emanda dauden langileen batez besteko lantaldearen txostena”, martxoaren 14koa, Gizarte Segurantzak emana.
  • Sozietate Zibilek edo Ondasun Erkidegoek entitate horietan emakumeen partaidetza % 50 baino handiagoa dela egiaztatzeko, Sozietate Zibila edo Ondasun Erkidegoa eratu izanaren kontratua.
  • Sozietateen kasuan, akziodunen % 50 emakumeak direla egiaztatzeko, enpresaren titulartasunean aldakuntzak egin izanaren eskriturak.
  • Fakturazioan murrizketa egon dela egiaztatzen duen agiriren bat.

Zehaztapen horiek guztiak dirulaguntzen oinarrietan daude jasota, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira bihar, hilak 11.

Nahiz eta prozedura-arrazoiengatik eskabideak iritsiera-hurrenkeraren arabera ebatzi, aurkezten diren eta deialdiaren oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiek bermatuta izango dute dagokien laguntza.

Era berean, eskabidea aurkezteko erabili behar den plataforman kolapsorik egon ez dadin, Udalak, balizko onuradunei eta eskaerak izapidetu ditzaketen gestoriei bidalitako gutun batean egin duen bezala, sarea ez saturatzeko ahal duten guztia egiteko eskatzen die interesdunei; eskatzen dute ez sartzeko zerbitzarian epea irekitzen den lehen unetik, zeren sarea blokeatzeak kalte besterik ez bailieke ekarriko dirulaguntzak eskatu nahi dituzten pertsona guztiei.

Udalak dirulaguntza programa hau Talka Planaren barruan sartu du, osasun-krisiaren eraginez sortutako egoera ekonomikoari aurre egiteko neurrien testuinguruan. 

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.