Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak uztailean ordainduko du San Andres elizaren organoa zaharberritzeko konprometitutako zatiaren % 90a

San Andres elizako organoaren irudia.

San Andres elizako organoaren irudia.

2021/07/09

“Asmo hau aurrera eramateko lana eta gestioak ez dira inoiz eten”, ziurtatu du Kultur zinegotziak.

Eibarko Udalak uztailean ordainduko du San Andres Elizaren organoa zaharberritzeko konprometitutako zatiaren % 90a. Bere garaian izenpetutako akordioan jasotzen zen Foru Aldundiak zaharberritzearen % 50 ordainduko zuela, Udalak % 25, eta gainerako % 25a Elizak (funtsak jasotzeko kanpaina baten bidez eskuratutako dohaintzekin).

Azken hilabeteetan, Udaleko Kultura Saila lanean aritu da akordioa ixteko, eta, aldi berean, inplikatutako alderdiekin bildu da proiektuari ekiteko gestioak eta izapideak errazteko, bere garaian hitz eman zuen bezala. “Etengabe aritu gara lanean akordioa zehazteko”, adierazi du Patxi Lejardi Kulturako zinegotziak.

Izan ere, joan den asteazkenean, ekainak 30, Udal Kultura Saila organoa zaharberritzea sustatzen duen elkarteko ordezkari diren Maite Erostarberekin eta Jon Zarraberekin  bildu zen, prozesuaren egoera azaltzeko eta Udalak dirulaguntzak lortzeko egin dituen kudeaketen berri emateko. Halaber, Kultura Saila etengabe egon da harremanetan Xabier Zubizarreta San Andres Elizako parrokoarekin, gestion berri emateko.

San Andres Elizaren organoa zaharberritzeko kostua 140.000 euro ingurukoa da. Gipuzkoako Foru Aldundiak ordaindu du dagoeneko akordioan zegozkion 70.000 euroen % 50a. Udalak uztailean zehar ordainduko du dagozkion 35.000 euroen % 90a, “aurreikusita zegoen bezala”, adierazi du Lejardik, eta gainerako % 10a aurrerago egingo du.

Prozesu honetan zehar, Udaleko Kultura Sailarekin eta organoa zaharberritzea sustatzen duen elkarteko ordezkariekin batera, nabarmendu behar da Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Mari Jose Telleria eibartarraren inplikazioa, une oro jarduera bultzatu baitu.

San Andres elizako organoak ehun urte beteko ditu laster, joan den mendeko 20ko hamarkadan egin eta 1922an Eibarrera ekarri baitzuten. Juan Melcher alemaniarraren fabrikan diseinatu eta eraiki zen. Urteekin, hondatzen joan da, baina tresna bakar eta errepikaezina da.