Eibarko Udala
Saratsuegi Udalbusa Eibar

Udalak Udalbusaren zerbitzua handitu du, auzotarrek hala eskatuta

2018/04/24
Udalaren eskariz, Euskotrenek proposamen bat aurkeztu du: Azitainetik Saratsuegira lau igoera gehiago egunero, eta sei jaitsiera gehiago Azitainera. Proposamena Trafiko batzordean onartu da. Txostenean jasotzen den bezala, zerbitzu berri hauek onartu eta hilabete ingurura jarriko dira martxan.

Saratsuegi aldean (Sautsi) Udalbuseko garraio publikoko zerbitzu gehiago jarriko dira auzora iristeko. Zerbitzuaren maiztasuna handitzearen jatorria auzotarrek Udalari (zerbitzuaren titularra) egindako eskaera bat da, enpresa emakidunari (Euskotren) igorri zitzaiona, eta proposamena aztertu ondoren, onartua izan dena.

Gaur egun, 08.27ko autobusa bakarrik iristen da Saratsuegira Urkizura jaitsi nahi duten auzokideak jaso eta Eibarko erdigunera joateko. Gainontzean, bidaiariak oinez jaitsi behar izaten dira geltoki gertueneraino (Barrena edo Urkizu) autobusa hartzeko.

Bizilagunek eskatu dute Barrenan amaitzen diren autobusak (expressak izan ezik) Saratsuegiraino igo daitezela beti, nahi duten pertsonak erdigunera jaitsi ahal izateko. Geldialdi hori egiteak, aurreikuspenen arabera, bi minutuko atzerapena baino ez dakar, eta, hortaz, ez dio gehiegi eragingo autobusaren ohiko ibilbideari.

Onartutako proposamenaren arabera, Azitainetik Saratsuegirako (Tekniker-Amaña norazkoko linea) Udalbuseko igoeren zerbitzuak lau gehiago izango dira egunero, zehatzago, 9.18, 12.18, 13.18 eta 18.18an. Eta Saratsuegitik Azitainerako jaitsierak (Amaña-Tekniker noranzkoko linea) sei zerbitzutan handituko dira: 7.27, 9.27, 11.27, 12.27, 14.27 eta 18.27an.

2018ko egutegia kontuan hartuta, ibilbidea aldatuko diren lanegunak, martxan jartzen denetik hasita, 228 izango dira, ez delako zerbitzu hau abuztuan emango. Ibilbide berriarekin igoko diren partida bakarrak gasoleoa eta mantenimendua direnez, Saratsuegiko zerbitzuen urteroko kostuaren igoera 950 eurokoa izango da.

Onartutako txostenean jasotzen den bezala, zerbitzu berri hauek onartu eta hilabete ingurura jarriko dira martxan.

Hobekuntza hau Eibarko EAJ-PNVk aurkeztu zuen mozio baten bidez eta udal talde guztiek onartu, joan den ekainean egindako osoko bilkuran.

Etengabeko hobekuntzak

Sautsirako zerbitzu-aldaketa hau beste urrats bat da orain arte egindako bidean eta ildo honetatik aurretik garatutako hobekuntzetan. Horren harira, 2016ko urte hasieran, gehitu egin ziren zerbitzuak Saratsuegin eta Azitaingo poligonoan (IK-4 Tekniker), eta baita zerbitzua hobetu ere Iparragirretik eta Txontatik pasatzean.