Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak Txaltxazelaiko harmaila ingurua hobetuko du eta ur-jolasen gune bat sortu

Artxiboko irudia. Txaltxazelaiko harmailen gunea.

Artxiboko irudia. Txaltxazelaiko harmailen gunea.

2022/10/04

Gaur aurkeztu dute proiektua Obra Batzordean. Besteak beste, honako lanak egingo dira: komun publikoak jarri, harmailen zati bat zurezko moduluekin estali, sarbideko eskailerak hobetu, kioskoa txukundu eta ondoko egonlekua birzolatu. Aurrekontua 704.000 eurokoa da eta lanak udarako egongo dira amaituta.

Txaltxazelaiko harmailen gunea hobetu egingo da laster, hainbat lan egingo baitira bertan, eta, beste batzuen artean, ur-jolasetarako leku bat sortuko da. Proiektua, Bosark Arkitektoak taldeak egina, gaur goizean aurkeztu da Obra Batzordean, eta lanak laster aterako dira lizitaziora.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Txaltxazelai inguruan jende asko ibiltzen da eta, batez ere, aisialdirako erabiltzen da.  Horregatik, Udaletik hainbat jarduketa proiektatu ditugu, gune horren erabilera hobetzea ahalbidetzeko, alde hori erosoagoa bihurtuz eta azpiegitura berriak emanez.”

Horrela, alde batetik, herritarrek erdigunean komun publikoak jartzeko egindako eskaerari erantzunez, Udaleko Obra Sailak pentsatu du Txaltxazelai inguruak  instalazio horiek jartzeko baldintza egokiak betetzen dituela. Hori dela eta, ur-jolasak hornitzeko hasierako proiektuari komun publikoena gehitu zaio; komunak jolasgunearen azpian jarriko dira eta Eibarko Txikito kaletik iritsiko da bertara.

Halaber, eta Obra Sailak proposatuta, proiektuan harmailen zati bat hobetuko da, egurrezko moduluak jarriz; era berean, sarbideko eskailerak hobetu, kioskoa txukundu eta ondoko egonlekua birzolatu egingo da.

Lanen aurrekontua 704.555 eurokoa da; horietatik 500.000 euro jolasetarako izango dira eta gainerako beste hornidura eta espazioetarako. Bestetik, obra egiteko aurreikusitako epea 5 eta 6 hilabete artekoa da, eta esku-hartze eremuaren azalera osoa 576 m2-koa; horietatik 136 m2 ur-jolasguneari dagozkio.

Jolasei dagokienez, jasangarritasun-irizpideei jarraituz, proiektuak ura kontrolatzeko sistema bat dauka, erabilitako ura tratatzeko, arazteko eta berrerabiltzeko zirkuitu bat duena.

Ur-jolasak udako hilabeteetan erabili ahal izango dira.  Gero, elementuak erretiratu eta toki hori libre geratuko da gainerako hilabeteetan, eta bertan egiten diren ohiko jarduerak egingo dira

Ur-jolasak sortzeko proiektua Eibarko PSE-EE eta EAJ-PNV taldeen artean lortutako akordioaren emaitza da.