Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak Tokiko Lehen Energia-Komunitatea sortzea sustatu du, zeinean etxeek eta enpresa txiki eta ertainek parte hartu ahalko duten beren faktura elektrikoa murrizteko

2023ko maiatzaren 9ko ezohiko osoko bilkura.

2023ko maiatzaren 9ko ezohiko osoko bilkura.

2023/05/09

Gaurko ezohiko bilkuran hartu da erabakia: Udala bazkide sustatzaile gisa Eibarko Tokiko Energia Komunitatean sartuko da, eta udal-titulartasuneko hiru estalki lagako ditu plaka fotovoltaikoak jartzeko. Proiektu honek ahalbidetzen du Eibarko Klima eta Energia Jasangarrirako 2022-2030 Ekintza Planean (iaz onartua) jasotako konpromisoak betetzeko bidean aurrera egitea.

Eibarko Udalbatzak, ezohiko bilkuran, aho batez erabaki du Udala bazkide sustatzaile gisa integratzea Eibarko Tokiko Energia Komunitatea (TEK Eibar) elkartean. Erabaki horren arabera, udal-titulartasuneko eraikinen hiru estalkiren erabilera lagako zaio elkarte horri, horietan energia sortzeko plaka fotovoltaikoak jartzeko.

Horrela, Eibarko Udala, Eibar Merkataritza Gune Irekia (EMGI) elkartearekin lankidetzan, Eibarren lehenengo Tokiko Energia Komunitatea sortzeko moduan da.

Akordio hori dela-eta hauxe esan du Jon Iraola alkateak: “Tokiko administraziook egoerak eskatzen digunaren ildotik bultzatu eta garatu behar ditugu gure jarduerak eta politikak. Zentzu horretan, lehenengo Tokiko Energia Komunitate hau sortzeak, Eibarko Udalak energia berriztagarrien erabilera progresiboarekin duen konpromisoa erakusten du, eta, gainera, urrats garrantzitsu bat da  herritarrak helburu horretan inplikatzeko eta, horrela, ingurumenari, gizarteari eta ekonomiari lotutako onurak lortzeko.”

Akordio honek Udalak martxoan hartutako erabakian du jatorria. Erabaki haren bidez, TEK Eibarreko irabazi-asmorik gabeko elkarte baten forma juridikoarekin,  pertsonek, saltoki txikiek eta ETEek energia-sektorean parte hartzea helburu duen komunitate bat sustatu eta lagundu nahi da, energia berriztagarria sortzeko eta kudeatzeko proiektuen garapenaren inguruan taldekatua.

Horrela, Energia Komunitate berri horretan -Edinor enpresak diseinatutako TEK ereduaren arabera eratuko dena-, 205 etxek eta ETEk parte hartzea aurreikusten da. Parte-hartzaile horiek Udalak TEK Eibarri laga dizkion hiru eraikinen estalkietako eguzki-plaken energiaz baliatu ahal izango dira , bai eta horren ondoriozko argiaren fakturaren murrizketaz ere.

Zehazki, Portaleko Kultur Etxeko, Arrateko Andra Mari ikastetxeko (Urki) eta Amañako eskoletako eraikinen estalkiak lagatzea aurreikusten da. Estalki horien lagapena, doakoa, 15 urterako izango da; eta beste 10 urtez luzatu ahal izango da.

Eibarko Udalak instalazio horiek aukeratu ditu, kokapen estrategikoa dutelako, udalerriaren azaleraren % 100 inguruko estaldura-eremua bermatzeagatik; izan ere, Eibarko etxebizitza ia guztiak aipatutako udal-eraikinetako batetik 2.000 metro baino gutxiagora daude.  

Horren ondorioz, aurreikusten da 163,9 kW-ko potentzia instalatua lortzea, soilik energia berriztagarrietatik eratorria eta autokontsumo partekatura bideratua. Plaka horien instalazioari esker, 25 urtez Km0 energia deskarbonizatuzko 4.335 MWk sortuko dira, hau da, atmosferara 1.083 tona CO2 ez isurtzea, 25 urtez atmosferaren CO2 xurgatzen duten 4.335 zuhaitz Eibarren landatzearen baliokidea.

Proposatzen da etxebizitza bakoitzeko 0,5 kW-ko potentzia harpidetzea eta ETEek 5 kW-rainokoa, 0,5 kW-ko partaidetzetan. Horren ondorioz, argi-orduetako energia-kontsumoa % 25 inguru murriztuko da, betiere familia edo establezimendu bakoitzaren kontsumo-ohituren arabera.  Enpresa txiki eta ertainen kasuan, esleipena beharren arabera egingo da, eta, beraz, kasu bakoitzean azterketa energetiko pertsonalizatu bat egingo da.  

Kontsumituko duten gainerako energia kontratatuta duten elektrizitate-merkaturatzailearen bidez iritsiko zaie, edo, hala badagokio, TEKen erosketa mankomunatuko sisteman sartu ahal izango dira. Horri esker, merkatuko eskaintzarik onuragarrienak kontratatu ahal izango dituzte, betiere % 100eko jatorri berriztagarriko bermedun energia hornituz.

Horrela, parte hartzen duten etxebizitzek eta establezimenduek beren kontsumoaren % 25erainoko autonomia energetikoa izango dute, eta jasangarritasun energetikoari lagunduko diote, udalerrian energia berriztagarriaren ekoizpena eta kontsumoa sustatuz, plakak beren teilatuetan instalatuta baleude bezala.

Proiektu honi buruzko informazio gehiago emateko eta eibartarrek proiektuan parte har dezaten bultzatzeko, datozen hilabeteetan informazio-kanpaina bat egingo da, ekimena auzo eta kolektibo guztietara hurbilduz.  Era berean, ‘TEK Eibar’ ekimenak, datozen hilabeteetan prozesu bat irekiko du,  udalerriaren iraunkortasuna sustatu eta argiaren fakturan aurrezteko interesa duten herriko pertsona eta enpresa txiki eta ertain guztiak bat egin dezaten, 0 kilometroko energia garbia hornitzeko gai den proiektu baten bidez.

KEJEPeko konpromisoetako bat betetzea 

Tokiko Energia Komunitatea sortzea urrats garrantzitsua da eta Eibarko Osoko Bilkurak aurtengo urtarrilean onartutako Klima eta Energia Jasangarrirako 2022-2030 Ekintza Planean (KEJEP) jasotako konpromisoetako bat betetzen du.

Plan horren bidez, Klimarekin eta Energiarekin Alkateen Itunari atxikitzeko hartutako konpromisoekin, Udalak lortu nahi du 2030erako Eibarren berotegi-efektuko gasen emisioak % 55 murriztea, energia-kontsumoa % 35 murriztea eta Udalak energia berriztagarria sortzeko duen gaitasuna % 32 handitzea kontsumo elektriko eta termikoari dagokionez, EAEko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legearen baldintzak betetzen direla bermatuz.