Eibarko Udala

Udalak STEAM DBH programa sortu du Eibarko ikasleek enpresak gertutik ezagutu ditzaten

2022/12/15
Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuaren artxiboko irudia.
Lehen edizio honetan La Salle, Aldatze eta Azitaingo Lanbide Heziketako Udal Institutuko 135 ikaslek eta inguruko 22 enpresak hartuko dute parte, eta ikasleek 34 lanpostu barrutik ezagutuko dituzte. Proiektua Armeria Eskola Elkartea ari da garatzen, eta Udalak finantzatzen du, enpresen, LHko ikastetxeen edota unibertsitateen laguntzarekin.

Eibarko Udalak STEAM DBH izeneko programa jarri du abian, Eibarko Bigarren Hezkuntzako ikasleek enpresa-esperientziak zuzenean ezagut ditzaten. Lehen edizio honetan, 135 gaztek eta inguruko 22 enpresak hartuko dute parte, eta 34 lanpostu ezagutuko dituzte ikasleek.

Parte hartzen duten 135 ikasleek La Salle Azitainen, Aldatzen eta Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan ikasten dihardute. Ikastetxe horiek bat egin dute ekimenarekin, eta Armeria Eskola Elkarteak garatuko du programa, Udalak finantzatuta.

Egitasmoaren helburuak lau dira: inguruko enpresak gertutik ezagutzea; benetako lanpostuak aztertzea langileekin ordu batzuk igaroz; lanpostu bakoitza betetzeko zer ikasketa egin behar diren jakitea; eta ikasketa horiek eskaintzen dituzten LHko zentroekin edota unibertsitateekin harremanetan jartzea.

Helburu horiek betetzeko, hainbat fase egingo dira. Lehenengoan, martxan dena dagoeneko, sentsibilizazio-jardunaldi batzuk egingo dira, jada aste honetan egiten ari direnak.  Bigarren fasean, bisitak egingo dira enpresetara (otsailean zehar).  Hirugarrenean, LHko zentroekin edo unibertsitateekin jarriko dira harremanetan (otsailean baita ere).  Eta, azkenik, martxoan, ikasleek proiektuen eta lanpostuen emaitzak aurkeztuko dituzte. Aurkezpen horretan hiru proiektu onenak baloratu, aukeratu eta aitortuko dira.

Aldatzeko ikastetxearen kasuan, DBHko hirugarren mailako 46 ikaslek hartuko dute parte, 13 lantaldetan banatuta, eta 13 lanpostu aztertuko dituzte. Ikasleek bisitatuko dituzten bederatzi enpresak hauexek izango dira: Tekniker, EPC, ABC, CodeSyntax, Orbea, Microdeco, CMZ, Bexen cardio eta Dibumet.

Eta enpresetan aztertuko dituzten lanpostuak hauxek: ekoizpen-arduraduna, diseinu mekanikoa, robotika-arloko ikertzaileak, eduki grafikoko teknikaria, produkzio-arduradunak, delineatzailea, ingeniaritza-saila, kolore eta akaberako arduraduna, muntaketa, mekanizazio-prozesuetako ikertzaileak, I+Gko zuzendaria, ingeniaritza eta informatikaria.

La Salle Azitain ikastetxetik DBHko hirugarren mailako 50 ikaslek parte hartzen dute programan, 12 lantaldetan banatuta, eta 12 lanpostu ezagutu eta aztertuko dira honako zazpi enpresetan: AVS, HRE, Sariki, Danobat, Gorosabel, Gurelan eta Jegan.

Enpresa horietan ezagutuko dituzten lanpostuak hauexek dira: metrologia, diseinu hidraulikoko ingeniariak, trokelen eta moldeen diseinua, kableatu-postua, diseinua, muntaketa eta mantentze-lanak, makina-diseinua, diseinu-ingeniaria, eta produkzio-kudeaketa.

Azkenik, Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuko 39 ikasleek 9 lantalde osatuko dituzte eta beste horrenbeste lanpostu ezagutuko dituzte BOJ, Dikar, Biele Group, Ulma, Somabe eta Urkotronik enpresetan. Eta kasu honetan lanpostuak honako hauek izango dira: bulego teknikoa, produkzioaren kudeaketa, mantentze-lanak, diseinu mekanikoa, instalazio elektrikoa, makinako langileak, sail teknikoko teknikaria eta zuzendari nagusia.

Jon Iraola alkateak zera esan du: “Programa hau oso aukera ona da lan-errealitatea bertatik bertara ezagutzeko eta, horrela, ikasleei beren etorkizun profesionala definitzen laguntzeko, haien ezagutza eta lehentasunetara gehien egokitzen diren sektore eta postuak aukeratu ahal ditzaten."