Udalak proposamen turistiko anbiziotsu bat sustatu nahi du, herriaren industria-, kultura- eta natura-identitatea bisio berri batekin lotuko duena

Bisio integratzaile batekin, hiria prestatzen ari da erreferente turistiko jasangarria izateko Gipuzkoan eta Euskadin.
Eibarko Udalak bere udal-estrategia turistiko berriztua aurkeztu du. Ibilbide-orri bat da, gure herria bisitarien helmuga izateko duen berezitasuna balioan jartzen duena. Eskaintza lau ardatz nagusiren inguruan egituratuta egongo da: industria, kirola, arte-kultura-historia eta natura. Apustu hau 2024. urtean zehar garatu da, Euskadiko, Gipuzkoako eta Debabarreneko plan estrategikoekin lerrokatuta. Planaren helburua da Eibar turismo identitarioaren erreferente izatea, eredu jasangarri, integratzaile eta lehiakor batekin.
"Merezi du Eibarko historia kontatzea eta bizitzea”, adierazi du Jon Iraola Eibarko alkateak. “Gure herrian ez da beharrezkoa errelato turistiko bat asmatzea: badauka bat, eta indartsua, benetakoa eta eraldatzailea da. Proposamen honekin, pauso erabakigarri bat emango dugu, munduari zer garen erakusteko: nortasun handiko hiri bat, balioak dituena, berrikuntzaren aldeko apustua egiten duena, eta konprometituta dagoena bere jendearekin eta inguruarekin".
Proposamenak alderdi kulturalak, sozialak, urbanistikoak eta kirol- eta berdintasun-arlokoak uztartzen ditu, hazkunde ekonomikoaz gain, herritarren bizi-kalitatea hobetuko duen turismo mota bat sustatzeko. Hainbat proiekturen bidez —hala nola espazio enblematikoak berrerabiltzea edo Eibarko iraganari eta orainari lotutako ekimenak bultzatzea—, helburua da hiria dinamizatzea eta Eibar Euskadiko turismo industrialaren erreferente gisa kokatzea.
Eibarko industria-ondarea esperientzia turistiko bereizgarri baten ardatz nagusia izango da. Industria-arkitekturaren ibilbidetik hasita (bisita gidatuekin) funtzionamenduan dauden egungo tailerretaraino, hiria museo bizi bat izango da.
Vanesa Hortas Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza zinegotziak: "Eibarko herriaren arima industrian dago. Nahi duguna da bisitariek sentitzea nola lan egiten den, eta nola egiten den berrikuntza, lehen eta orain. Horregatik egiten dugu apustu esperientzia bizien alde: teknologia, tailerrak, ibilbideak eta aplikazio digital bat. Bisitaria lagunduta egongo da une oro”.
Armagintzaren Museoa giltzarria izango da prozesu honetan, eta, etorkizunean, museoa bat egingo da, industriaren eta kirolaren kulturan oinarrituko dena, ikuspegi interaktibo eta hezitzaile batekin. Horri guztiari Toribio Etxebarria Sarien sustapena gehitu behar zaio, BIC Gipuzkoarekin eta beste erakunde batzuekin lankidetzan, eta Eibarko gazteen artean STEAM bokazioak bultzatzea.
Eibarko kirol-tradizioa proposamenaren beste zutabeetako bat da. Astelena pilotalekutik Ipuruako estadioraino, Itzulia Basque Country, Arrateko Igoera, txirrindularitzari lotutako jarduerak, tiro olinpikoa edo beste ekitaldi batzuk tarteko, Eibarko kirolari eta sektoreari lotutako industriari balioa ematea izango da helburua.
“Eibarrera datozenek senti dezaten zer harro gauden gure klub, azpiegitura eta tradizioekin. Kirola ere ondarea da, eta merezi du ikusgarritasuna ematea, herriko klubekin lankidetzan, eta espazio museistiko berrien bidez”, gehitu du Hortasek.
Eibarko proposamen turistikoa ez litzateke ulertuko haren historia eta kultura balioan jarri gabe. Hauxek dira iraganaren, orainaren eta etorkizunaren ikuspegi konektatu honetan txertatzen diren baliabideetako batzuk: udaletxea —Bigarren Errepublikaren aldarrikapenaren ikurra—, jauregi historikoak, eraikin erlijiosoen sarea, Gerra Zibilaren Frontearen Interpretazio Zentroa edo Coliseo antzokia.
Iraolak: “Eibarko historia ez da gure historia soilik, herri honen historiaren parte da. Protagonistak izan ginen une erabakigarrietan, eta horixe da partekatu nahi duguna bisitariekin. Oroimen demokratikoaren proposamen kulturalak, halaber, gure identitate kolektiboa indartzea du xede”.
Horren harira, hainbat ekimen egingo dira, besteak beste, Errepublikari buruzko erakusketa bat, Eibarren hasiko dena. Era berean, esku-hartze batzuk planteatzen dira, ondare handiko elementu arkitektoniko eta erlijiosoak barne hartzen dituztenak, hala nola Arrateko santutegia edo San Andres eliza.
Eibarrek —mendiz eta bailaraz inguratua— ingurune naturalarekin duen lotura indartu nahi da, garapen turistikorako eta herritarren ongizaterako zutabe gisa. Otaola aldean, ibaiaren inguruko jarduketak proposatzen dira, bidezidorrak egokitzea Arraterantz edo Elgeta alderantz, sarbideak hobetzea, eta seinaleak jartzea Pagaegikorta aldean edo Gerra Zibilaren Interpretazio Zentroaren inguruan.
“Natura gure esentziaren parte da. Herrira datozenak paisaiarekin konektatzea nahi dugu, baina baita gure jendeak are gehiago disfrutatzea ere. Jasangarritasunaren eta bizi-kalitatearen aldeko apustua da”, azaldu du Hortasek.
Gainera, aurreikusten da aplikazio digital bat martxan jartzea, Arrateko aterpetxea irekitzea taldeentzat eta jarduerak egiteko, eta espazioak berreskuratzea, hala nola Armeria Eskolako parkea.
“Aukera ezin hobea dugu Eibar munduari irekitzeko, gu garena galdu barik. Proiektu turistiko hau ez da bakarrik kanpotik datozenentzat, guretzat ere bada. Gure herriaz harroago senti gaitezen", esan du alkateak.