Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak programa berri bat jarri du martxan fabrikazio mekanikoan eta soldaduran enplegua sustatzeko

2022/02/15

Eibarko langabeentzako programa honetan izena emateko epea atzo, otsailak 14, hasi zen eta martxoaren 1ean bukatuko da, azken egun hori barne. Iaz, programa hauetan parte hartu zuten pertsonen erdiek enplegua lortu zuten lan-esparru horretan.

Eibarko Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza Sailak berriro jarriko du martxan fabrikazio mekanikoan eta soldaduran oinarritutako prestakuntza- eta enplegu-programa.

Programak honako prestakuntza hau hartzen du bere baitan:

  • Gaitasun teknikoak txirbil-harroketaren bidezko mekanizazioan (MF0091) (210 ordu)
  • Garapen pertsonaleko gaitasunak (16 ordu).
  • Orga jasotzaileak gidatzeko gaitasun teknikoak (30 ordu).
  • Gaitasun teknikoak elektrodo-estaldura bidezko soldaduran (60 ordu)
  • Praktikak enpresan (gutxienez 60 ordu).
  • Laneratzeko laguntza

Armeria Eskola elkartearen bidez Armeria Eskolak emango duen programan, gehienez ere 15 pertsonak parte har dezakete. Formazio teorikoa martxotik ekainera bitartean emango da, baina irailera arte luzatu ahal izango da, orduan hasiko baitira enpresako praktikak, tutoretzak eta laguntza-saioak laneratzeko prozesuan.

Programan parte hartzeko baldintzak hauek dira: Eibarren erroldatuta egotea, langabezian egotea eta Lanbiden izena emanda egotea, eta gaztelaniaren ahozko  nahiz idatzizko ulermen-maila egokia izatea. Fabrikazio Mekanikoaren eta/edo Soldaduraren arloan esperientzia profesionala eta/edo ezagutza izatea balioetsiko da.

Interesdunek gaurtik (otsailak 14) martxoaren 1era (biak barne) aurkez ditzakete eskaerak. Eskaerak Pegoran bertan (Herritarrentzako Zerbitzu Bulegoan) egin ahal izango dira, edo, bestela, posta elektronikoz, Udalaren web orrian: www.eibar.eus  Izapidea elektronikoki egiteko beharrezkoa da ziurtagiri digital bat izatea ( B@K-Q, NAN elektronikoa,  Izenpe txartela, eta abar).

Ildo horretatik, programan parte hartzeko eskaera aurkeztu beharko da (Pegoran eta www.eus webgunean eskuragarri), eskatzailearen NANaren fotokopia edo agiri baliokidea, Lanbidek emandako inskripzio-aldien txostena eta curriculum vitae eguneratua.

Iaz enplegu-programa hau modu independentean eman zen, eta programa bat fabrikazio mekanikoaren arlokoa eta beste bat soldaduraren arlokoa izan zen. Programa horiek amaitu ondoren, praktiketan parte hartu zuten enpresek egiaztatu zuten bateratu egin behar zirela programa biak, prestakuntza kualifikatuagoa eta mota honetako lanpostuen beharretara egokituagoa lortzeko. Arrazoi horrengatik, gaur irekiko den programan prestakuntza biak batu dira, parte-hartzaileei laneratzeko aukera gehiago eskaintzeko.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “joan den urtean garatutako programetan lortutako emaitza onek —parte hartu zuten pertsonen % 50ek lortu zuten lana— eraman gaituzte formazio biak programa bakar batean bateratzera eta berriro eskaintzera, eta ziur gaude berriro ere lagungarri suertatuko zaiela enplegu berri bat aurkitzeko aukera gehiago izan nahi duten edo fabrikazio mekanikoaren eta soldaduraren arloan trebetasun berriak lortu nahi dituzten pertsonei.”