Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak programa berri bat jarri du martxan Eibarko langabeak gizarteratu eta laneratzeko

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2021/05/04

‘Denda-Lan’ programa Eibarko 15 langaberi emango die formakuntza kutxako eta produktua birjartzeko eragiketetan. Izena emateko epea maiatzaren 21era arte dago zabalik.

Eibarko Udalak formakuntza-programa bat antolatu du “Kutxako eta produktua berriz hornitzeko eragiketak” izenekoa, Eibarren erroldatuta egon eta 20 eta 55 urte bitartean dituzten langabeentzat, maiatza eta uztaila bitartean egingo dena. Ikastaroa 15 lagunentzako diseinatu da, eta izena emateko epea maiatzaren 21era arte dago zabalik.

80 orduko ikastaroaren helburua kutxako eta produktuak birjartzeko eragiketetan formakuntza emateaz gain, gaitasun soziolaboralen maila handitzea eta konpetentzia digitalak hobetzea ere bada.

Hasieran, banakako eta taldeko orientazioa emango da (diagnostiko espezializatua eta laneratze-plan pertsonalizatua), ondoren formakuntza (trebetasun soziolaboralak eta komunikazioari buruzkoak, oinarrizko konpetentzia digitalak eta ikastaroaren edukiari buruzko gaitasun espezifikoak, 60 orduko iraupenarekin), formakuntza praktikoa lanpostuan (20 ordu), eta laguntza indibiduala laneratze-prozesuan.

Programan parte hartzeko baldintzak dira eskabidea egiterakoan 20 eta 55 urte bitartean edukitzea, Eibarren erroldatuta egotea, langabezian eta Lanbiden izena emanda egotea, gehienez ere Batxilergoa izatea, eta gaztelaniaz ahoz eta idatziz egoki moldatzea. Gainera, baldintza hauetakoren bat ere bete beharko da: Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo langabezia-saria jasotzea, karga familiarrak edukitzea, edo iraupen luzeko langabea izatea (12 hilabete baino gehiago).

Ikastaroaren 80 orduetan, hainbat alderdi landuko dira, besteak beste, bezeroari arreta ematea; kutxa eta saltokiko terminala (STren elementuak, ezaugarriak eta erabilera, STa irekitzea eta ixtea, eskanerra eta produktuaren informazioa irakurtzea); kobratzeko prozedura eta salmenta-eragiketen ordainketa (kobratzeko eta ordaintzeko sistemak eta bitartekoak, ordainagiriak, itzulketak eta bonoak, kutxako kontaketa); eta produktua birjartzea (produktuen antolaketa eta banaketa, erakusgai jartzeko mailak).

Ikastaroan parte hartzeko eskabidea Pegoran egin daiteke; horretarako beharrezkoa da aldez aurretik txanda hartzea; modu elektronikoan eginez gero, Udalaren www.eibar.eus webgunean sartu behar da ziurtagiri digital baten bidez  (B@K-Q, NAN elektronikoa, Izenpe txartela, etab.).

Interesdunek hainbat dokumentu aurkeztu beharko dituzte: programan parte hartzeko eskaera, NANa edo agiri baliokidea, Lanbidek emandako inskripzio-aldien txostena, curriculum vitae eguneratua edo, eskatzailea DSBE baten titularra bada, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duen agiria.