Eibarko Udala

Udalak programa berri bat antolatu du 45 urtetik gorako pertsonen enplegagarritasuna sustatzeko

2017/09/25
Programa berriro jarri da martxan kolektibo hau lan munduan txertatzeko asmoz; izan ere, langabetuen % 47 sartzen dira talde horretan. Esperientzia + 45 programan izena emateko epea irailaren 27an hasiko da.

Eibarko Udalak, Enplegu Planaren barruan, Esperientzia + 45 izeneko programa abian jarriko du 45 urtetik gorakoak izan eta gutxienez 5 urteko lan-esperientzia duten pertsonentzat; pertsona horiek formakuntza izan dezakete edo ez. 

Kolektibo hau lan munduan txertatzeko xedez jarri da abian programa. Langabezian dauden pertsonen % 47 dira talde horretakoak eta iraupen luzeko langabetu bihurtzeko arriskuan daude.

Esperientzia + 45 programan izena emateko epea irailaren 27an hasiko da, Eibarko Lanbideko bulegoetan bere edukiak aurkeztu ondoren. Epea urriaren 4an amaituko da eta izen-emateak Pegorara bidaliko dira.

Esperientzia + 45 Eibarko Udaleko Garapen Ekonomiko eta Enpleguaren sailak sustatu eta bultzatu du berriz ere. Alberto Albistegui zinegotziaren hitzetan: “Administraziook ekintzak egin behar ditugu lehen enplegu bat lortzeko edo langabetuak berriz ere lanean hasteko. Eibarko Udalak berak —edo beste enpresa batzuekin lankidetzan— baditu hainbat programa lan bila ari direnen formakuntza-beharrei erantzuteko”.

Ekimenaren helburua lan bila ari diren pertsona hauek “aktibatzea” da, bai eta prozesuaren protagonista bihurtzea ere; horrez gain, haien enplegagarritasun hobetzeko gaitasunak eta tresnak emango zaizkie.

Parte hartzaileek hainbat eduki hobetzeko lan egingo dute. Beren gaitasun profesional zein pertsonalak, automarketina, motibazioa, curriculumaren hobekuntza, lana bilatzeko tresna berriak, nola planifikatu lana bilatzeko prozesua… Gainera, lana topatzeko helburuz, banakako zein taldeko coaching saioak jasoko dituzte.

Programa honen jatorria Debabarrenako Enplegu Mahaia delakoa da; mahaia Eibarko Udalaren ekimenez sortu zen eta bertan erakunde hauek parte hartzen dute: eskualdeko zortzi udalek, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako eta Bizkaiko Diputazioek, enpresetako gerenteek eta Debegesak.

Mahaian sortutako proposamenak eta ekimenak lotuta daude lan bila dabiltzanen profilekin eta enpresen premiekin edo aukerekin. Enplegu Mahaiaren ondorioetako bat da kolektibo espezifikoen araberako ekintzak egin behar direla. Eta ekimen honek, langabeziak gehien zigortutako taldeetako bati lagundu nahi dio, 45 urtetik gorakoei, alegia.