Udalak programa bat jarri du martxan zaintzaren eta etxeko arretaren arloan enplegagarritasuna hobetzeko

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2021/11/10

Programaren hartzaileak kualifikazio gutxiko langabeak izango dira eta sektore soziosanitarioan profesionalki jardun nahi dutenak. Guztira 15 pertsonak parte hartu ahal izango dute eta izena emateko epea gaur hasi eta azaroaren 19ra arte egongo da zabalik.

Eibarko Udalak, Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren bitartez, programa bat jarri du abian, kualifikazio baxua duten eta sektore soziosanitarioan, zehazki, zaintzaren eta etxeko arretaren arloan, profesionalki jardun nahi duten 15 pertsonaren enplegagarritasuna hobetzeko.

Programa hau bultzatzearen arrazoia zera da: Eibarren derrigorrezko prestakuntzarik (DBH) ez duten langabe asko dagoela, eta, horrek eragotzi egiten diela  beren kualifikazioa eta lan-merkatuan sartzeko aukerak hobetzeko prestakuntza-programetan sartzea.

Horregatik, programa langabezia dauden (DBHrik gabe) pertsonei zuzenduta dago; gaztelaniaren ahozko eta idatzizko ezagutzak izan behar dituzte. Horretarako, intserzio-ibilbide integratu baten bidez lan egingo da, eta honako gai hauek jorratuko dira: gaitasun soziolaboralak (12 ordu), gaitasun giltzarriak (50 ordu) eta oinarrizko kualifikazioa Etxeko Arretaren arloan (60 ordu).

Parte-hartzaileek prestakuntza jasoko dute gaitasun giltzarrietan, 2. mailako profesionaltasun-ziurtagirietarako sarbide-probak prestatzeko, horretan sartzen baita mendekotasuna duten pertsonei arreta soziosanitarioa ematea. Programaren bidez, proben prestakuntzan lan egingo da, eta 60 orduko oinarrizko trebakuntza bat emango da zaintza pertsonalen eta etxez etxeko zerbitzuaren arloan. Prestakuntza horretan alderdi hauek sartuko dira: higienea eta garbitasuna, elikadura, laguntza psikosoziala, antolamendua edo higiene-arauak.  

Programan parte hartzeko baldintzak hauexek dira: 20 eta 55 urte bitartean edukitzea, Eibarren erroldatuta egotea, langabezian egotea eta Lanbiden izena emanda, DBHra arteko gehieneko kualifikazioa edukitzea, gainditu gabe, gaztelania ahoz eta idatziz ulertzeko maila egokia izatea, eta etxeko arretaren eta zaintzaren eremuan profesionalki jardun nahi izatea.

START izeneko programa azarotik urtarrilera bitartean egingo da, eta izena emateko epea gaur hasi eta azaroaren 19an (biak barne) itxiko da. Modu honetara egin daiteke: Pegoran aurrez aurre, edo elektronikoki Udalaren webgunean sartuta www.eibar.eus (izapide elektronikoa egiteko ziurtagiri digital bat eduki behar da, hala nola (B@K-Q, NAN elektronikoa, Izenpe txartela).

Interesdunek honako agiriak aurkeztu beharko dituzte: programan parte hartzeko eskabidea (Pegoran eta webgunean www.eibar.eus eskuragarri dagoen eredua), NANa edo balio bereko dokumentua, Lanbidek emandako inskripzio-aldien txostena, curriculum vitae eguneratua, eta, legezko ordezkaritzaren kasuan, legezko ordezkariaren agiri baliokidea eta ordezkaritzaren legezko egiaztagiria.

Programa honek, azken urteotan Eibarko Udalak bultzatutako antzeko beste ekimen batzuekin batera, langabeei, ahal den neurrian, lan-merkatuan sartzen lagunduko dieten tresnak eman nahi dizkie.

Horren harira, Jon Iraolak hauxe gogorarazi du: “Hau bezalako programei esker, parte-hartzaileen ehuneko handi batek lana aurkitu du; horixe izan da Denda-lan programaren kasua, non parte hartu zutenen % 70 lan-merkatuan sartu ziren.”

Iraolaren hitzetan, “orain inoiz baino garrantzitsuagoa da halako programak bultzatzea, egoera ekonomikoa gero eta larriagoa delako pandemiak lan-merkatuan izan duen eraginaren ondorioz”. Eta gehiago START programaren kasuan, “kontuan izanik gero eta zaharragoa den gizarte batean handitzen ari dela sektore soziosanitarioan lan egiten duten profesionalen eskaria, eta programa honetan parte hartzea atea izan daitekeela laneratzea ahalbidetuko duen prestakuntzara iristeko.”