Udalak neurriak hartu behar ditu, 2024an kriminalitateak gora egin du-eta

Garajeetan eta trastelekuetan egindako lapurretak izan dira gorakadaren arrazoi nagusia. Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko lankidetza areagotu, eta kaleetan presentzia handiagoa egongo da.
Duela aste batzuk jakin genuen 2024an, 2023ko datuekin alderatuta, kriminalitateak gora egin zuela Eibarren, Gipuzkoa osoan bezala.
Datu horiek behar bezala azaltze aldera, eta herritarrek Udalari adierazitako kezka ezagututa, gaur goizean Jon Iraola Eibarko alkatea, Julen Saldias Eibarko Udaltzaingoaren burua eta Guillermo Argente Udaltzaingoaren buruordea prentsaurrekoan agertu dira.
Lehenik eta behin, agenteek azaldu dute Eibarren 2024an izandako delinkuentziaren gorakada, funtsean, ondarearen aurkako delituei zor zaiela: batetik, lapurreta txikiak, eta, bestetik, indarkeria erabilita etxebizitzetan, establezimenduetan eta bestelako instalazioetan egindako lapurretak.
Lapurreta txikien kasuan, 2023ko 376 intzidentzietatik 436etara igaro gara 2024an, hau da, % 16ko igoera izan da, 20.000 biztanletik gorako gure inguruko beste udalerri batzuetakoa baino zertxobait handiagoa, hazkunde txikiagoak izan baitituzte, % 13 ingurukoak. Hala ere, Eibarren izandako igoera hiriburuan izandakoa baino nabarmen baxuagoa da oraindik, % 30etik gorakoa izan baita.
Etxebizitzetan, establezimenduetan eta bestelako instalazioetan indarra erabiliz egindako lapurretei dagokienez, 2024an 270 lapurreta izan ziren. Era berean, etxebizitzetako, garajeetako eta trastelekuetako lapurretak direla-eta, 199 intzidentzia egon ziren, horien % 85 garaje eta trastelekuetan, eta % 15 etxebizitzetan. Horrez gain, iazko urtearekin alderatuta, etxebizitzetan egindako lapurretak % 17 jaitsi dira.
Udaltzaingoak xehetasun handiagoz azaldu ditu datu horiek, eta azpimarratu du gure herrian delinkuentzia-hazkundearen zati handi bat hiru edo lau pertsona konkreturen delitu-jarduerarekin dagoela lotuta. Alegia, delitugile berberak dira lapurretan aritzen direnak, urte betean (2024), esaterako, 76 aldiz eraman dituzte epailearen aurrera. Pertsona horien legez kanpoko delituen oinarrizko tipologia zera da: saltokietan lapurreta txikiak eta garaje eta trastelekuetan egindako lapurretak.
Polizia-iturriek gaineratu dutenez, susmoa dute pertsona horiek intzidentzia gehiagotan ere susmagarriak izan daitezkeela, baina ezin izan da susmo hori argitu eta, beraz, ezta haien aurkako prozedura judiziala bideratu ere.
Zentzu horretan, "pertsona kopuru txiki baten jarduera kriminala, gure kasuan gertatzen den bezala, nahikoa izan daiteke herriko estatistikak nahasteko; izan ere, haien jarduerarekin lotutako kriminalitatearen koiunturazko hazkundea islatzen du, eta pertsona horiek lapurtzeari utzi, espetxean sartu edo herria uzten dutenean beherakada egoten da”, adierazi du Jon Iraola Eibarko alkateak.
Agintarien zailtasun nagusietako bat da garaje eta trastelekuetako lapurretak antzematea oso zaila dela, eta horrek zaildu egiten du poliziaren lana, in fraganti ari diren delitugileei aurrea hartzeko edo haiek ustekabean harrapatzeko.
Gainera, indarrean dagoen esparru judizialak ez du laguntzen; izan ere, garrantzi txikiko lapurretak behin eta berriro egiten dituztenek jasotzen duten gaitzespen penalak, Eibarren kasuan bezala, ez du disuasio-gaitasun nahikorik, eta horrek kezka sortzen du bai segurtasun-taldeen artean, bai herritarren artean.
Horren harira, “garaje eta trastelekuetako intzidentziak direnez, ohikoena da jarduten duten bakoitzean hainbat garaje edo trastelekuetan egitea, eta, beraz, eraso bakar batek hainbat intzidentzia sortzea eta datuak oso modu deigarrian puztea”, adierazi du Iraolak. Hori horrela, funtsezkoa da gutako bakoitzak oinarrizkoak diren neurriak hartzea, horrelako gertakariei aurre egiteko”.
Halaber, Udalak nabarmendu du, azaldutakotik harago, Eibarko datu orokorrek bilakaera positiboa adierazten dutela, kriminalitatea dela-eta. Hala, 2024an ez zen inolako hilketarik gertatu Eibarren, lesio-delituak % 23,7 jaitsi ziren, 38tik 29ra; sexu-askatasunaren aurkako delituak % 50, 18tik 9ra; eta indarkeriaz eta intimidazioz egindako 20 lapurreta gertatu ziren, 2023ko kopuru bera. Era berean, ibilgailuetan egindako lapurretek % 75eko beherakada izan zuten 2024an, 2023an baino % 12 gutxiago, eta droga-trafikoagatiko delituek % 6 egin zuten behera, 2023an 17 izatetik 2024an 16 izatera igaro baitziren. Ziberkriminalitatea ere % 6,5 jaitsi zen.
Alkateak dioenez, “ezinbestekoa da gure herriko kriminalitate-datuak testuinguruan aztertzea eta herritarrei azaltzea gorakada zergatik gertatu den”. Ulertzekoa da eibartarren kezka, datu gordinak kezkagarriak dira-eta. Horrexegatik azaldu nahi izan ditugu izandako gorakadaren arrazoiak, eta, era berean, balioan jarri, dudarik gabe, beste intzidentzia penal batzuen bilakaera. Nolanahi ere, eta Ertzaintzarekin koordinatuta, segurtasun-dispositiboak indartzen ari gara gurean gertatzen diren gorabeherei aurrea hartzeko eta eraginkortasunez erantzuteko ".
Lankidetza eta gertutasuna herritarrekin
Bai alkateak bai Udaltzaingoaren buruak eta buruordeak iragarri dutenez, pixkanaka-pixkanaka hainbat neurri jarriko dira martxan, udalerriko segurtasuna indartzeko.
2024an, Udala trafiko-kamerak jartzen hasiko da herrian, alde batetik, ibilgailuen joan-etorria ezagutzeko, eta, bestetik, segurtasuna indartzeko eta polizia-eraginkortasuna hobetzeko delituak saihesteko eta jazartzeko xedez.
Bestalde, kaleetan oinez dabiltzan udaltzainen presentzia indartuko da, baita patruilena ere, batez ere gauez, bizilagunek haien gertutasuna antzeman dezaten eta, horrela, herriko segurtasun-pertzepzioa hobetu dezaten.
Ekitaldi honetan zehar, 4 "auzozain" hasiko dira lanean. Herritarrek asko estimatzen dute figura hori, gertutasunagatik eta aukera ematen dielako zuzenean eta aurrez aurre segurtasun-arloko kezkak helarazteko, baina baita beste eremu garrantzitsu batzuetan ere, hala nola hiri-mantenimenduan.
Horrez gain, herritarrei zuzendutako komunikazio-eta gertutasun-kanpainak jarriko dira martxan, esaterako, segurtasunaren inguruko hitzaldiak eta antzerakoak.
Horrekin batera, 2025ean zehar, Udaltzaingoak zerbitzu gehiago jarriko ditu herritarrei begira, salaketak jasotzeko aukera martxan jarriz.
Azkenik, Eibarko Ertzainetxearekiko koordinazioa eta lankidetza hobetu nahi da, baita zenbait jarduketatan elkarrekin lan egin ere. Horrek kalean agente gehiago egotea ekarriko du, eta segurtasun handiagoa kaleetan.
Iraolak lasaitzeko deia egin du, eta hauxe esan du: “ Gure herriko delinkuentzia-datuak ohiko parametroen barruan sartzen dira, eta gure inguruko datuen antzerakoak dira. Konpondu beharreko aipatu diren unean-uneko gorabeheretatik eta haien datuetan duten intzidentzia koiunturaletik harago, ez dago alarmatzeko bestelako arrazoirik. Hala ere, arestian esan bezala, arazoari heldu egin behar zaio; izan ere, zoritxarrez, badira behin eta berriro lapurretan aritzen direnak, eta sistemak zailtasunak ditu kasu horietan erantzuna emateko. Berriro ere diot Ertzaintzarekin batera ari garela lanean egoera honi aurre egiteko. Badakigu segurtasuna kezka-iturri handia dela eibartarrentzat, eta, horrexegatik egin nahi izan dugu, hain zuzen ere, prentsaurreko hau, Eibarren hartuko diren babes-neurrien berri emateko”.