Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak neurri batzuk onartu ditu herritarrei eta hainbat sektore ekonomikori laguntzeko

Eibarko Udala

Eibarko Udala.

2020/03/18

Bikoiztu egingo dira "Umeak Eskolara" eta "Dirulaguntzak ikasleei" programekin diruz lagundutako zenbatekoak, eta baita Udalak Eibarko Merkataritza Gune Irekiari kanpainak egiteko urtero egiten duen ekarpena; bestalde, itzuli egingo da Udalak zein Kirol Patronatuak sustatutako ikastaroen eta klaseen tasen zati proportzionala. Era berean, hainbat neurri adostu dira eibartarrei (enpresei zein norbanakoei) aldi honetako zerga-karga murrizten saiatzeko, eta, ildo horretan, De los Toyosek gutun bana bidali die Debabarreneko Mankomunitateko eta Gipuzkoako Ur Partzuergoko presidenteei, kobrantzak, hobariak edo salbuespenak etetea azter dezaten.

Bozeramaileen Batzordea berriro bildu da gaur goizean, azken egunetan hartu diren neurriez gain, neurri berriak aztertu eta onartzeko, Eibarko herritarrek osasun-krisiari aurre egiteko orduan, beren bizi-kalitatean eta ongizatean ahalik eta ondorio txikiena izan dezaten laguntzeko; eta, ahal den neurrian, eta Eibarko Udalaren eskumenen baitan, egoera horrek merkataritzan zein ostalaritza sektoreetan eragingo dituen galera ekonomiko handiak konpentsatzeko.

Horren haritik, De los Toyosek bozeramaileei proposatu die "Umeak Eskolara" eta "Diru-laguntzak ikasleei" programetarako aurrekontu-partida bikoiztea, eta 570.000 euroraino luzatzea. Ez-ohiko ekimen bat da, eta udal ordezkaritza duten talde guztien babesa izan du. Hala, 420.000 euro izango dira “Umeak Eskolara” eta 150.000 euro “Dirulaguntzak ikasleei” programetarako; 120,20 euroko dirulaguntza izango da ume/edo gazte bakoitzeko.

Neurri horrekin, Udalak sustatu egin nahi du erosketak Eibarko dendetan egitea, eta, aldi berean, murriztu nahi du Eibarko familiek ikasturte hasieran arropa, oinetakoak, kirol-materiala, ikasmateriala (testu-liburuak izan ezik), betaurrekoak eta lentillak erosteko egin behar duten ahalegin ekonomikoa.

Gainera, Eibarko merkataritzari laguntzeko aurreko neurriaren ildotik, bikoiztu egingo da Udalak merkataritza sustatzeko kanpainak garatzeko Eibar Merkataritza Gune Irekiari egiten dion ekarpena. Hala, dirulaguntza 38.900 euro izatetik 77.800 izatera igaroko da.

Bi neurriek baliabide publikoen ezohiko mobilizazioa dakarte, 323.900 euro, hain zuzen; injekzio ekonomiko handia da, zeinarekin, bere eskumenen arloan, Udalak  hirirako erreferentziazko sektore bat berreskuratzen eta Eibarko familia askoren enpleguari eusten laguntzea espero baitu.

Bestalde, Bozeramaileen Batzordearen baitan, Eibarko EAJ-PNV udal taldeak proposatuta, udal igogailuen garbiketa indartzea ere adostu dute, eta, Eibarko EH-Bildu taldeak gogorarazi nahi izan die herritarrei genero-indarkeriaren aurkako telefonoa 016 dela.

Eibartar herritarren eta enpresen zama fiskala murrizten laguntzeko neurriak

Bestalde, alkatea, Kontu-hartzailetza eta Diruzaintza sailetako ordezkariekin batera, hainbat neurri aztertzen ari da, eibartarrei, bai banaka bai enpresetan, aldi honetako karga fiskala murriztea helburu dutenak. Jarraian zehazten diren ekimen horietako batzuk gaur goizeko Bozeramaileen Batzordean ere aurkeztu dira.

Batetik, itzuli egingo da Udal Musika, Zeramika eta Marrazki Eskoletako matrikulen, eta ikastaroen tasen eta abarren zati proportzionala, baita Udal Kirol Patronatuarena ere. Itzulketa horiek osasun-alarma amaitzean egingo dira.

Halaber, Miguel de los Toyos alkateak ebazpen bat emango du, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga ordaintzeko borondatezko epe-amaiera irailaren 15era arte atzeratzeko; hala, aldatu egingo da 2020rako egutegi fiskalean finkatutako epea, zeinaren azken eguna ekainaren 30a zen.

Ostalaritza-sektoreari dagokionez, 2021eko ekitaldian establezimenduei ez zaie kobratuko bide publikoan terrazak jartzeari dagokion tasa.

Bestalde, helburu hori lortzeko beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzeko, De los Toyosek gutun bana bidali die Debabarreneko Mankomunitateko eta Gipuzkoako Ur Partzuergoko presidenteei, hurrenez hurren, hiri-hondakin solidoak biltzeko zerbitzuaren hiruhileko bateko kobrantza eteteko eta hobariak, salbuespenak eta ordaintzeko erraztasunak emateko neurriak har ditzatela eskatzeko.

Eibarko Udalak unean-unean jakinaraziko die herritarrei zeintzuk izango diren azkenean arlo fiskalean hartuko diren neurriak, bai Udalari dagokion zatian, bai gainerako erakundeei dagokienean ere.