Udalak nazioarteko lankidetzarekin duen konpromisoa sendotu du dirulaguntza-lerro gehiagorekin

2025eko aurrekontuak 427.000 euro baino gehiago bideratzen ditu garapen-, sentsibilizazio- eta gazteen elkartasun-proiektuak laguntzera Jon Iraola alkateak eta Sonia Archeli zinegotziak Eibarrek justizia globalarekin eta herritarren parte-hartzearekin duen konpromisoa nabarmendu dute.
Eibarko Udalak, Gizarte Zerbitzuen Sailaren bitartez, nazioarteko lankidetza sustatzeko dirulaguntza sorta berri bat jarri du abian, elkartasun globalarekin eta giza garapen jasangarriarekin duen konpromisoa sendotze aldera. Laguntzak 2025eko udal-aurrekontuan sartuta daude, eta hiru ildo nagusi dituzte, guztira 427.077,04 eurokoak.
Lerro garrantzitsuena garapenerako lankidetza-proiektuetara bideratuta dago, 399.077,04 euroko zuzkidurarekin, aurreko ekitaldiarekin alderatuta, 30.000 euro gehiago. Partida hau udal-aurrekontuaren % 1 da, eta horrela, Udalak arlo honetan hartutako konpromisoa betetzen du.
Laguntza horiek irabazi-asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakundeei zuzenduta daude, helburua izanik komunitate hartzaileen hobekuntza sozioekonomikoa bultzatzen duten eta Eibarko herritarren artean gizarte-eraldaketarako hezkuntza sustatzen duten programak babestea. Proiektuek tokiko eragileen parte-hartze aktiboa bermatu beharko dute, baita esku-hartzearen ondoren izango duten jarraitutasuna ere; horrez gain, komunitate-eremuan garatu beharko dira, eragin kolektiboarekin.
"Eibarko Udalak bokazio solidario argia izateaz gain, justizia globalarekiko konpromiso irmoa ere badu", adierazi du Jon Iraola alkateak. "Horrelako laguntzen bidez, testuinguru zaurgarrietan bizi-baldintzak hobetzen laguntzeaz gainera, munduan dauden desberdintasunei buruzko herritartasun kritikoagoa eta kontzienteagoa sustatzen dugu".
Bigarren dirulaguntza-lerroa, 25.000 eurokoa, sentsibilizazio- eta heziketa-proiektuei zuzenduta dago, eraldaketa sozialari begira. Horrela, Eibarko biztanleen artean elkartasuna, ekitatea edo diskriminaziorik eza bezalako balioak sustatu nahi dira, tokiko erakundeek antolatutako tailer, ikastaro edo jardunaldien bitartez. Proiektu bakoitzeko aurrekontua 10.000 €-koa izango da gehienez.
"Horrelako ekimenak funtsezkoak dira herritarrei beste herrialde batzuetako errealitateak hurbiltzeko eta injustizia globalen aurrean jarrera aktiboa sustatzeko", azaldu du Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. "Lankidetza eraldatzailean sinesten dugu, kanpoan ez ezik, Eibarren ere eragina izango duena, ezagutzaren eta sentsibilizazioaren bidez".
Azkenik, hirugarren dirulaguntza lerro bat sartu da, "Elkartasun Bekak" modalitatekoa, 3.000 euroko partida duena, tokian tokiko lankidetza proiektuetan parte hartu nahi duten gazte eibartarrentzat. Beka hauei esker, gazteek GKE (Gobernuz Kanpoko Erakundeak) aktiboekin zuzenean kolaboratu ahal izango dute atzerrian, gutxienez hilabetez. Udalak dirulaguntza emango du, eta onuradunaren ardura izango da bidaia eta egonaldia antolatzea.