Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak mugatu egin du Urtezahar gauean petardoak eta etxapligoak botatzeko ordutegia

2019/12/26

Etxapligoak eta petardoak 00:00etatik 00:30era bitartean bakarrik jaurti ahal izango dira, eta, ordu horretatik aurrera, administrazio-zehapenak jarriko dira. Erabaki honekin Udalak elkarbizitza bermatu nahi du, Gabonak petardoak eta suziriak erabiliz ospatu nahi dituztenen eta horiek dakarren zarataren ondorioz kaltetuak izan daitezkeen pertsona eta animalien artean.

Eibarko Udalak mugatu egin du Urtezahar egunerako petardoen eta etxapligo edo suzirien erabilera 00:00etatik 00:30era arte; beraz, urtarrilaren 1eko ordu erdi horretan bakarrik erabili ahal izango dira. 00:30etik aurrera, petardoak eta suziriak erabiltzen dituzten pertsonei indarrean dagoen araudia aplikatuko zaie, eta dagokion administrazio-zehapena jarri ahal izango da. Erabaki horri bide emateko, Miguel de los Toyos alkateak bandoa jarri du herriko hainbat lekutan.

Une honetan, Udala petardoen eta bestelako material piroteknikoaren erabilera arautzeko araudi bat zehazteko bidean dago. Gabon jaietan jarduera horrek gaurkotasuna hartzen du. Izan ere, neurri honen helburua da herritarrek petardoak eta etxapligoak erantzukizunez eta arduraz erabili ahal izateko baldintzak ezartzea, pertsona jakin batzuengan edo maskotengan eragin ditzakeen kalteak kontuan hartuta.

Eta, alde horretatik, alkateak gogorarazi du garrantzitsua dela oreka bilatzea petardoak eta piroteknia-elementuak erabiltzeak dakarren zarataren eragina jasan dezaketen pertsonen eta Gabon jaiak ospatzeko horrelakoak erabiltzen dituzten pertsonen arteko bizikidetza bermatzeko. Eta hau guztia, herritarrei ahalik eta kalte gutxien eragiteko xedez.