Eibarko Udala
Azokatik Mahaira

“Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin”: sukaldaritza tailerra larunbat honetan Errebalen

2026/09/22
Kartela.

Bi ordutan, aste osorako janaria prestatzeko tailerra Eibarren.

“Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin” tailerra antolatu du Gipuzkoako Azoken Sareko lantaldeak Eibarko Udalarekin elkarlanean. Nutrizio eta sukaldaritza tailer berezi hau irailaren 26an, larunbatean, egingo da, goizeko 11etatik aurrera Errebaleko Merkatu plazan. Helburua herritarrak Merkatura hurbildu, eta sasoiko eta gertuko elikagaiekin, eguneroko otorduak modu erraz, osasungarri eta iraunkorrean antolatzeko tresnak eskaintzea da. 

Proposamenaren ardatza argia da: egun bakarrean, bi ordutan, aste osorako janaria prestatzea.

Tailer honetan parte hartzen dutenek sukaldean denbora optimizatzen ikasiko dute, aldi berean dieta orekatu eta osasungarria bermatuz. Horretarako, bertako eta garaiko produktuak erabiliko dira, tokiko ekoizleen lana balioan jarriz eta kontsumo arduratsua sustatuz.

Saioa Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistek gidatuko dute, sukaldaritzaren eta elikaduraren ikuspegi osagarriak uztartuz. Haien eskutik, parte hartzaileek aholku praktikoak eta egunerokoan aplikatzeko moduko errezetak jasoko dituzte.

Tailerrean ez da aurretik izena eman behar, bertaratzearekin nahikoa da. Saioan, egun horretan sukaldatutako platera dastatzeko aukera egongo da, eta Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin tailerrean egingo diren errezetak eta nutrizio aholkuak ere eskuratuko dira.

Ekimen hau Landaolak Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak antolatzen du Gipuzkoako Azoken Sarearen parte den Eibarko Udalarekin elkarlanean, landa garapena eta tokiko ekonomia sustatzeko helburuarekin.

Tailerrak aukera paregabea eskaintzen du elikadura ohiturak hobetzeko, denbora aurrezteko eta aldi berean, inguruko produktuen balioa ezagutzeko.

Baserritarren azoka indarberritzea tokian tokiko azoka guztien helburua da, eta egitasmo honen bidez, indarberritze horretan eragitea lortu nahi da. Hala, saio honetan, zuzenean ikasi ahalko da garaian garaiko produktuak kontuan hartuta etxean modu azkarrean eta erosoan errezetak egiten, ohiko plateretatik pixka bat urrundu eta egunerokotasunean kontsumitu daitezkeen bertako elikagaiak modu erakargarriago batean prestatzen.

Osasuntsu jateak duen garrantzia ere azpimarratu nahi da, eta elikagai bakoitzak nutrizionalki dituen abantailak jakiteaz haratago, osasuntsu nola elikatu ikasteko aukera ere egongo da.