Eibarko Udala
HAPO

Eibarrek lizitaziora atera du Eibarko Plan Orokorraren idazketa berria

2026/09/22
Eibar.

Hirigintza plangintzako tresna nagusia berrikusteari ekingi dio udalak, zeinak ardatz izango dituen hiria berroneratzea, etxebizitza, irisgarritasuna eta erabiltzen ez diren espazio industrialak berreskuratzea.

Eibarko Udalak Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria idazteko lizitazioa onartu du; urrats erabakigarria da indarrean dagoen plangintza berrikusteko eta datozen hamarkadetarako hiri eredua definitzeko

Dokumentu berria idazteko, azken urteetan egindako lana hartuko da oinarri, eta, bereziki, Aurrerapen Dokumentua, non Eibarren etorkizuneko hirigintza-garapenerako helburu, irizpide eta alternatiba nagusiak ezartzen diren. Hiri-berroneratzean, jasangarritasunean, irisgarritasun unibertsalean eta herritarren bizi-kalitatearen hobekuntzan oinarritutako ereduaren alde egiten du planteamenduak.

Aurrerapen Dokumentuan aurreikusten denez, ikuspegiaren aldaketa nagusietako bat izango da hiriaren eraldaketari garrantzia ematea, hazkunde hedakorrean oinarritutako ereduak alde batera lagata. Helburua izango da dagoeneko finkatuta dauden hiri-espazioak hobeto aprobetxatzea, eremu degradatuak berreskuratzea eta zaharkituta geratu diren lurrei eta eraikinei erabilera berriak ematea.

Ildo horretan, Aurrerapen Dokumentuan gaur egun erabiltzen ez diren industria-gune zaharrak berreskuratzea aurreikusten da. Lapeyra, AIBE edo Bittor Sarasketa bezalako eremuak hiri-berroneratze eta -birziklatze estrategia horren adibide dira.

Jon Iraola Eibarko alkateak azpimarratu duenez, plangintza berriak hiriaren errealitateari lotutako hazkunde mota finkatzeko balio behar du. «Eibarrek barrutik hazten jarraitu behar du. Gure historiaren parte diren espazio industrialak ditugu, eta aukera bat izan daitezkeenak etxebizitza, ekipamenduak eta jarduera ekonomikoa sortzeko. HAPO berriak espazio horiek eraldatzen lagundu behar digu, eta hiri hobea, irisgarriagoa, eta jasangarriagoa lortzen, pertsona guztientzako bizi-kalitate handiagokoa eskainiz».

Etxebizitza izango da plangintzaren berrikuspenaren beste ardatz nagusietako bat. HAPO berriak etxebizitza publikoa eta babestua sortzea sustatu beharko du, bereziki gazteei zuzendua. Horretarako, jada urbanizazio finkatua duten espazioak aprobetxatuko ditu.

Luis Vicente Castellanos Hirigintza zinegotziak azpimarratu du garrantzitsua dela planifikazio tresna eguneratua izatea Eibarko egungo beharrei aurre egiteko. «Eibarko errealitatea aldatu egin da, eta gaur egungo eta datozen urteetako hiriaren beharrei erantzungo dien Plan Orokor bat behar dugu. Etxebizitza lehentasuna izango da, baina baita gure auzoak hobetzea, gaur egun degradatuta dauden espazioak berreskuratzea eta hiria irisgarriagoa eta funtzionalagoa izatea ere».

Castellanosek gogorarazi du, gainera, hiria berroneratzeko estrategia ez dela hutsetik abiatzen, eta udalak urteak daramatzala industria eremu zaharrak berreskuratu eta eraldatzeko lanean. «Urteak daramatzagu espazio industrialak birsortzeko eta berreskuratzeko jarduerak bultzatzen. Aurrerapenaren agirian jasotzen denez, HAPO berriak lan horri jarraipena eman behar dio, eta ikuspegi orokor bat ezarri, dagoen hiri-lurzorua hobeto aprobetxatzeko, aukera berriak sortzeko eta Eibarrek lur berriak kontsumitzeko beharrik ez izateko».

Hirigintza-eredu berriak aurrera egin nahi du, halaber, eguneroko joan-etorrietan hiri erosoago bat lortzeko. Aurrerapenaren dokumentuak oinez eta bizikletaz ibiltzearen alde egiten du, auzoen arteko lotura hobetzen du eta irisgarritasun unibertsala indartzen du.

Hiri irisgarriago bat diseinatzeko erronka nagusietako bat Eibarko orografia konplexua da. Hori dela eta, etorkizuneko plangintzak jarduketa berriak jaso beharko ditu, egun dauden oztopoak murrizteko eta udalerriko gune desberdinen arteko lotura errazteko.

Planak, orobat, xede izango du berdeguneak eta koxistentzia-guneak sortzea eta hobetzea, degradatutako inguruneak ingurumenaren aldetik berreskuratzea eta Eibar klima-aldaketaren eraginetara egokitzea.

«Bere konfigurazioagatik irisgarritasunaren eta auzoen arteko loturaren aldetik zailtasun handiak dituen hiria hobetzen jarraitu behar dugu», dio Iraolak. «Hirigintzak pertsonen zerbitzura egon behar du, eta lagungarria izan behar da herritik ibiltzea, bertan bizitzea eta gozatzea gero eta errazagoa izan dadin».

HAPO berriaren idazketan gaur egun hiri-plangintzaren funtsezko parte diren gaiak ere sartu beharko dira, hala nola genero-ikuspegia, hizkuntza-inpaktuaren ebaluazioa, hiri-osasuna eta ingurumen-babesa.

Udalak, horrela, eraikinen eta lurzoruen antolaketatik harago doan dokumentu bat planteatzen du, Eibarko etorkizunerako estrategia orokor bat ezartzea ahalbidetuko duena.

«HAPOa ez da dokumentu urbanistiko hutsa», dio Castellanosek. «Tresna honi esker ordenatu eta koordinatu ahal izango ditugu Eibarren etorkizunari buruz hartuko ditugun erabaki asko: non eta nola sortu etxebizitza, nola hobetu auzoak, zer espazio berreskuratu behar ditugun, nola egin aurrera irisgarritasunean eta nola prestatu hiria aurrean ditugun ingurumen eta gizarte erronketarako».

Idazketa lanen lizitazioarekin, udalak fase berri bati ekin dio udal plangintzaren berrikuspenean, aurrerapen agirian jasotako ildoak datozen hamarkadetarako hiri proiektu bihurtzeko asmoz. Helburua da Eibar bizigarriagoa, irisgarriagoa eta kohesionatuagoa lortzeko bidean aurrera egitea, lehendik dagoen hiria eraldatzeak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatuz eta hirigintza-plangintza herritarren oraingo eta etorkizuneko beharren zerbitzura jarriz.