Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak merkataritza-gida bat jarri du abian, Eibarko merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduen direktorio bat jasota

2022/10/20

Direktorioa www.erosieibarren.eus webgunean gordeko da. Hemendik aurrera, horixe izango da merkataritzaren alorrean Eibarren egingo diren ekintza guztien erreferentziazko webgunea. Udalak establezimendu guztiak gonbidatzen ditu ekimenarekin bat egin eta gida berrian parte hartzera.

Eibarko Udalak denden eta zerbitzuen direktorio global berri baten sorrera jarri du martxan, www.erosieibarren.eus webgunean ostatatu eta integratuko den gida baten bidez. Direktorio horretan, Eibarko mapa ikusi ahal izango da, establezimenduen kokapena sektoreka antolatuta; hala, erabiltzaileak erraz kontsultatu ahal izango ditu establezimendu bakoitzaren informazioa eta irudiak.

Horrela, eta direktorioa abian jarri ondoren, www.erosieibarren.eus webgunea izango da herriko merkataritzaren alorrean egiten diren ekintza guztien erreferentzia-webgunea. Bertan, merkatariek zein herritarrek, oro har, eskura izango dute buruzko informazio guztia, adibidez, Visa Oparitu Eibar txartela, aldizkako kanpaina-erosketak, etab.

Jon Iraola alkateak zera dio:  “Ekimen honekin ahalik eta gidarik adierazgarriena lortu nahi dugu Eibarko merkataritzaren inguruan, eta, aldi berean, web-orriari funtzio berriak eman nahi dizkiogu, une bakoitzean bultzatzen ditugun merkataritza-sustapeneko jarduera guztiak bertan bateratuta. Zalantzarik gabe, oso tresna erabilgarria izango da, herritarrei sektore horri buruzko informazio guztia eskuratzeko aukera emango die-eta".

Udalak eta Eibar Merkataritza Zentro Irekiak (ECCA) bultzatutako ekimen hau aurrera eramateko, dagoeneko eskutitzak bidaltzen ari dira Eibarko establezimenduetara, ekimenean parte hartzera eta merkataritza-gida berri honen parte izatera gonbidatuz.

Gutun horretan, gainera, adierazten da denden inplikazioa ezinbestekoa dela web-orriko informazioa ahalik eta osoena izan dadin. Hala, datozen egunetan, www.erosieibarren.eus webguneko talde komertziala udalerriko establezimenduekin harremanetan jarriko da establezimendu bakoitzari buruzko informazioa biltzeko eta proiektuan aurrera egiteko.

Proiektuan parte hartu nahi duten establezimenduek informazio gehiago jaso dezakete Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza Saileko posta elektronikora joz eta haiekin harremanetan jarrita (ekonomia@eibar.eus Ainhoa Romero) edo proiektuaren merkataritza-taldearekin hartu emanean ipinita (kaixo@erosieibarren.eus).