Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak martxan jarri du beste behin Eibarren finkatutako enpresek langabeak kontratatzeko dirulaguntzak

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2023/10/24

Diruz lagunduko zaie gutxienez urtebeteko iraupena duten kontratazio mugagabeei. Ikuskizunen sektorean, iraupen mugatuko kontratuak ere lagunduko dira, baldin eta gutxienez hiru hilabetekoak badira. 269.900 euroko aurrekontutik, Udalak 163.450 euro jarriko ditu, eta gainerakoa Lanbidek ordainduko du; eskaerak aurkezteko epea urtarrilaren 10era arte egongo da zabalik.

Eibarko Udalak martxan jarri du berriz ere herrian finkatutako enpresek langabetuak kontratatzeko dirulaguntzen deialdia. Programa, Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera garatzen dena, lan-merkatuan txertatzeko eta enplegua sortzeko udal-politiken barruan kokatzen da.

Bideratuko den diru-partida 269.900 eurokoa da; Udalak 163.450 euro jarriko ditu eta Lanbidek 106.450. Kopuru horiek % 20 gehitu daitezke, baldin eta kreditua agortuta eskabideak erantzuteke gelditzen badira.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, "langabezia murrizten ari da gure herrian azken urteotan, baina oraindik ez da nahikoa eta Udaletik ez dugu etsiko, langabezia murrizten jarraitu behar dugula uste dugu, bere balioa erakutsi duten honelako programei jarraipena emanez. Beste erakunde eta enpresa batzuekin elkarlanean jarraituko dugu langabezia murrizteko. "

Dirulaguntzak eskuratzeko honako baldintza hauek bete behar dira: kontratatzailearen kasuan, pertsona fisikoak edo juridikoak izango dira, lantokia eta jarduera ekonomikoa Eibarren dutenak. Kontratatuko den pertsonaren kasuan, Eibarren erroldatuta egon beharko du gutxienez 2023ko urtarrilaren 1etik; horrez gain, langabezian egon, eta Lanbiden izena emanda eta enplegu-eskatzaile gisa alta emanda egon beharko du kontratua hasi aurreko egunean. Gainera, ezin du enpresaburuarekin edo zuzendaritza-karguekin ahaidetasun-harremanik izan, bigarren graduraino, hura barne. Halaber, ezin du enpresa berak kontratatu, baldin eta kontratazio hori aurreko deialdietan diruz lagundu bada.

Kasu guztietan, kontratuak dagokion sektoreko hitzarmenaren arabera egin beharko dira, eta batez besteko plantillan enplegu garbia sortzea ekarri beharko dute, kontratazioaren aurreko sei hilabeteetan. Ez dira lau kontratu baino gehiago diruz lagunduko enpresa onuradun bakoitzeko.

Dirulaguntza motak

Programak bi kontratu mota jasotzen ditu. Alde batetik, lanaldi osoko kontratu mugagabeak edo gutxienez % 50eko lanaldia dutenak; haien iraupena hamabi hilabetekoa izango da gutxienez, eta kontratu mugagabe bidez formalizatu beharko dira eta 2023. urtean hasi. Bestalde, ikuskizun publikoetako artisten eta teknikarien eta laguntzaileen iraupen mugatuko kontratuak finantzatuko dira, lanaldi osoan edo gutxienez % 50eko lanaldian. Halako kasuetan, kontratuaren iraupena, gutxienez, hiru hilabetekoa izango da.  2023ko urtean hasi, eta diruz lagunduko den aldia hiru eta sei hilabetekoa izango da.

Kontratu mugagabeek 8.000 euroko dirulaguntza jasoko dute, lanaldi osokoak badira; eta kopuru hori jaisten joango da, kontratatutako lanaldi-iraupenaren arabera.  Laguntzaren azken zenbatekoak ezin izango du kontratatutako pertsonaren urteko soldata-kostuen % 75 gainditu, enpresaren kargurako Gizarte Segurantzako kotizazioa barne. Laguntza 10.000 eurokoa izan daiteke baldin eta kontratatutako pertsona DSBEren jasotzaile, titular edo onuradun, luzaroko langabetua, edo 35 urtetik beherakoa edo 55 urtetik gorakoa bada. Gainera, kopuru guztiak % 10 gehituko dira, kontratatutako pertsonak emakumeak direnean.

Artisten eta ikuskizun publikoetako teknikarien eta laguntzaileen iraupen mugatuko kontratuei dagokienez, laguntza gehienez 6.000 eurokoa izango da sei hilabete edo gehiagoko lanaldi osoko kontratu bakoitzeko; eta kontratuaren eta lanaldiaren iraupen-murrizketaren arabera kopurua ere murrizten joango da. Laguntza 7.500 eurokoa izan daiteke baldin eta kontratatutako pertsona DSBEren jasotzaile, titular edo onuradun, luzaroko langabetu, edo 35 urtetik beherakoa edo 55 urtetik gorakoa baldin bada. Kasu honetan ere, kopuru guztiak % 10 gehituko dira, kontratatutako pertsonak emakumeak direnean.

Eskabideak aurkezteko epea 2024ko urtarrilaren 10ean amaituko da. Elektronikoki egin behar dira (www.eibar.eus) udal-webgunearen bidez; bertan kontsultatu daitezke deialdiaren oinarriak eta aurkeztu behar den dokumentazioa.