Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak lizitaziora aterako du 'Errebal Plazia' azoka berriko saltoki finkoen kontzesioa edo emakida

Udalak lizitaziora aterako du 'Errebal Plazia' azoka berriko saltoki finkoen kontzesioa edo emakida

'Errebal Plazia'.

2021/06/11

Azoka berriak sei saltoki finko izango ditu: arraindegia, 0 kilometroko produktuak, ozpinetakoak, harategia eta txarkuteria, fruta-denda eta okindegia-gozotegia. Gaur egun Rialto ondoko plazan dauden baserritar guztiak plaza berrira etorriko dira; erdi-erdian egongo dira. Helburua da azoka berria martxan izatea urte honen azken hiruhilekoan.

Eibarko Udalak dagoeneko egin ditu merkatu berriak hartuko dituen saltokien emakida egiteko administrazio-klausulen orriak,  “Errebal Plazia” funtzio anitzeko gunearen eta kultura-ekipamenduaren obrak amaitu ondoren jarriko direnak. Datorren astean aterako da lizitaziora saltoki horien adjudikazioa.

Jon Iraola alkateak eta Ana Telleria Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak gaur emandako prentsaurrekoan azaldu dituzte baldintzen ezaugarriak eta saltokiak adjudikatzeko beteko den prozesua. Eskaintzak aurkeztu eta saltokiak adjudikatu ondoren, asmoa da azoka berria martxan jartzea urte honen azken hiruhilekoan.

Eibarko merkatu plaza berriak sei saltoki edo postu finko izango ditu, eraikin berriaren beheko solairuan, Errebal kaletik sartuta: arraindegia, 0 kilometroko produktuen salmenta, ozpinetakoak eta eratorriak, harategia eta urdaitegia, fruta-denda eta okindegi-gozotegia.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “azokaren osaera hau bigarren parte-hartze prozesuaren emaitza da; eta, prozesu horretan, EAEko azoka plaza nagusien kudeatzaileek hartu zuten parte, beren esperientzia eta aholkuak partekatuz, eta denak bat etorri ziren Errebal berriak ohiko merkatu plaza izan behar zuela esatean”. Eta, alde horretatik, gaineratu du “Eibarko herritarrek kalitate handiko elikagaietan aukera zabala izatea bermatu nahi dugu, eta arreta handia ipini dugu gertuko produktuetan.”

Hori guztia bermatuta egongo da, eta ez bakarrik saltokiek eskainiko duten aukera zabalagatik eta haiei ezarritako baldintzengatik (Eusko Label ziurtagiriak, ore amarekin bakarrik egindako ogia, Euskadiko obradoreetatik datorrena, ziurtagiri ekologikoko produktuak…), baizik eta gaur egun Rialtoko azokako plazan dauden baserritar guztiak merkatu berrira pasatuko direlako. Baserritarrak erdi-erdian egongo dira, alde batean saltoki finkoak eta bestean kafetegiak mugatutako erdiko gunean.

Era berean, baldintza-agiriak zehazten du lizitatutako emakidaren indarraldia hogei urtekoa izango dela, eta, emakida bukatutakoan, adjudikaziodunek libre utzi beharko dituztela saltokiak:  Udalaren eskuetan laga beharko dituzte eman zitzaizkien egoera berean, erabileraren ondoriozko narriadura normala salbu.

Han izango diren sei saltoki finko bakoitzerako orri bereizia aterako da, bakoitzaren azalera eta baldintzak desberdinak baitira. Saltoki finko hauen lehiaketara edozein pertsona aurkez daiteke, ezin baita lehia askearen printzipioaren aurka joan; hala ere, baldintzen orrietan sartu dira esperientzia-irizpideak. Horretan, interesdunek eskaintza bat aurkeztuko dute, gero, udal teknikariek baloratuko dutena.

Lizitazioaren iragarkia argitaratzen den unetik aurrera, interesdunek hilabeteko epea izango dute eskaintzak aurkezteko. Epe horretan, nahi dutenek intereseko postua bisitatu ahal izango dute, mezu elektroniko bat bidalita ekonomia@eibar.eus helbidera.

Bestalde, adjudikaziodunek saltoki bakoitzeko ordaindu beharko duten hileko kanona finkatzeko, udal arkitekto andreak balorazio-txosten bat egin du, eta bertan kontuan hartu dira, batez ere, egingo den jarduera, saltokiaren azalera eta Eibarren pareko biztanle-kopurua duten herrietako edo euskal hiriburuetako auzoetako antzeko saltokien prezioen konparazioa.

Azterlan horren ondorioz, saltoki bakoitzaren hileko kanona hauxe izango da: fruta- eta berdura-denda, 317,20 euro; 0 kilometroko produktuak, 163,80 euro; arraindegia, 797,04 euro; ozpindutakoak eta eratorriak, 199,40 euro; harategia eta urdaitegia, 690,84 euro; okindegia eta gozotegia, 438,34 euro.

Sei saltokiek neurri desberdina dute: 0 kilometroa postuko 16,13 m2-tik harategiaren eta fruta eta barazkien postuko 19,30 m2-ra artekoak dira guztiak, nahiz eta gainerako ezaugarriak eta zerbitzu-hornidurak denetan antzekoak izan. Saltokien titularrek zerbitzu amankomunak izango dituzte (komunak, aldagelak, zabor-biltegia); baita -1 soto-solairuarekin komunikatzeko jasogailua ere.

Merkatuko postu finkoek astelehenetik ostiralera 8:00etatik 20:00etara izango dute jendea hartzeko ordutegia, eta larunbatetan 9:00etatik 15:00etara. Ordutegi horiek aldatu egin daitezke une bakoitzean sortzen diren baldintza eta beharretara eta urtaro eta jaiegunetara egokitzeko. Zamalanetarako ordutegi bat ere ezarri da.

Saltokiak adjudikatzeko irizpideei dagokienez, aurkezten diren eskaintzak puntuazioen arabera baloratuko dira, eta, besteak beste, eskainitako prezioa bezalako gai kuantifikagarriak (baldintza-orrietan postu bakoitzerako ezarritako kanonetik abiatuta) edo antzeko ezaugarriak dituen postu bat ustiatzeko izandako esperientzia aintzat hartuta. Halaber, kuantifikatu ezin diren irizpide hauek ere kontuan izango dira: aurkezten duten espazioa kudeatzeko proiektua, merkataritza-estrategia eta sustapen-kanpainak, edo eskainiko den produktu-aukera.

Hurrengo egunetan Udalaren web orriko “Kontratatzailearen profila” atalean argitaratuko diren agirietan, deialdiari buruzko xehetasun hauek eta beste batzuk kontsultatu ahal izango dira.