Udalak lizitaziora atera ditu Mutiola kalea berrurbanizatzeko lanak

600.000 eurotik gorako aurrekontua bideratuko dira proiektu hau egiteko. Jarduketak 1.350 m²-ko eremua hartuko du eta azpiegiturak hobetuko ditu.
Eibarko Udalak abian jarri du Mutiola kalea berrurbanizatzeko lizitazio-prozesua. Proiektua aurten gauzatuko da, eta 600.000 eurotik gorako inbertsioa izango du. Jarduketaren helburua da irisgarritasuna hobetzea eta oinezkoentzako eta ibilgailuentzako hiri-espazioak berrantolatzea, eremua indarrean dagoen araudira egokituz eta ingurune seguruagoa eta funtzionalagoa sortuz. Kontratuaren aurrekontua 628.701 eurokoa da, BEZa barne.
Gaur egun Mutiola kaleak hainbat gabezia ditu oinezkoei eragiten dietenak. Besteak beste, espaloiak estuak dira, kotxeak nonahi aparkatuta daude, eta erdiko parkeak funtzionalitate-mugak ditu. Gainera, ibilgailuen zirkulazioan, antolaketa falta da ibilgailuentzako eta oinezkoentzako espazioetan.
Plan berriak alderdi horiek hobetzea du helburu. Horretarako, oinezkoen ibilbide irisgarriak sortuko ditu, trafikoa berregituratu ibilgailuen abiadura murrizteko, eta espazio publikoak optimizatu, bizikidetza eta parke nagusiaren erabilera egokia sustatzeko.
Jarduketa-eremuak 1.350 m² inguruko hiri-azalera hartuko du. Zirkulazio-bidea murriztu eta berrantolatu egingo da, trafikoaren noranzkoa aldatuz eta bidearen zabalera 3 metrora murriztuz, eremu horretan ibilgailuen presentzia gutxitu eta segurtasuna hobetzeko xedez. Espaloiak zabaldu egingo dira, gutxienez 2 metroko zabalera bermatzeko, hala ezartzen baitu irisgarritasun-araudiak. Aparkalekuei dagokienez, 9 plaza seinaleztatu dira, haietako bat mugikortasun urriko pertsonei zuzendua eta beste bat motorrentzat.
Erdiko plaza aldatu egingo da, espazio itxiaren sentsaziorik ez izateko; hala, gune ireki eta irisgarriago bat egingo da, bankuekin, haurrentzako jolasekin eta berdeguneekin. Halaber, azpiegiturak modernizatuko dira, hala nola ur-hornidura, saneamendua, telekomunikazioak eta argiteria publikoa.
Jon Iraola Eibarko alkateak ekimen honen garrantzia azpimarratu du: “Jarduketa honek erakusten du irisgarritasunarekin eta espazio publikoaren hobekuntzarekin dugun konpromisoa. Gure helburua da pertsona guztiak erosotasunez eta segurtasunez mugitzea kaletik”. “Proiektu hau auzoko herritarren hobekuntza-planteamendu batetik sortu da, eta guk horri erantzun diogu”, adierazi du Jon Iraola alkateak.
Bestalde, Pedro Escribano Obretako zinegotziak herritarren eguneroko bizimoduan izango duen inpaktu positiboa azpimarratu du: “Mutiola kaleko berrurbanizazioak auzoko premia bati erantzuten dio. Hobekuntza hauekin, trafikoa eta aparkalekuak antolatzeaz gain, ingurune atsegin eta irisgarriago bat bermatzen dugu denontzat”.