Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak lizentzia emango dio aurki Eusko Jaurlaritzari Bittor Sarasketako epaitegi zaharrean 19 zuzkidura-bizitoki egiteko

Bittor Sarasketa kaleko epaitegi zaharreko eraikina.

Bittor Sarasketa kaleko epaitegi zaharreko eraikina.

2021/01/21

Herrian bizi diren gazteentzako formula bat da, babeseko alokairuko erregimenean; errenta gazteen ahalmen ekonomikora egokituta egongo da eta merkatu librekoa baino asko baxuagoa izango da. Eusko Jaurlaritzak eraikinaren sotoa eta beheko solairuaren zati bat lagako dizkio Udalari.

Aste honetan Eibarko Udaleko Hirigintzako Batzorde Aholkulariak oniritzia eman dio Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak egindako eskaerari Bittor Sarasketa kaleko epaitegi zaharreko eraikina eraldatzeko eta 19 zuzkidura-bizitoki egiteko. Eusko Jaurlaritzak eraikinaren sotoa eta beheko solairuaren zati bat lagako dizkio Udalari, 380 metro karratuko azalera erabilgarri batekin, udal zentro ludiko bat irekiz herriko alde horri zerbitzua emateko.

Jarduketa hau Etxebizitza Sailak eta Eibarko Udalak bere garaian lortutako akordioaren emaitza da. Akordio horren arabera, Eusko Jaurlaritzak, eraikinaren titularrak, zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko konpromisoa hartu zuen, eta, aldi berean, sotoa eta beheko solairuaren zati bat Udalari utzi zizkion, goian adierazitako helbururako erabiltzeko.

Zuzkidura-bizitokiak bizitegi-formula bat dira, udalerrian bizi diren gazteei bizitoki bat emateko alokairu babestuko erregimenean, denbora mugatu batez, eta beren ahalmen ekonomikora egokitutako errenta batekin, merkatu librekoa baino txikiagoa. Modu horretan erantzun egiten zaio herrian horrelako bizitokiez dagoen eskaerari.

Eusko Jaurlaritzak obrako hondakinen gestioari dagokion abala aurkezten duenean, Tokiko Gobernu Batzarrak lizentzia emango du.  Behin lizentzia hori emanda, Eusko Jaurlaritzak higiezinaren eraberritze integrala egingo du, egitura osorik utziz eta barrualdea hustuz. Hortaz, fatxadak eraitsiko dira eta obrak egin proiektatutako bizitokien azpiegiturara egokitzeko.

Eraikinak gaur egun sotoko solairu bat, etxabea, solairuartea, hiru solairu eta estalkia ditu.

Egindako azterketaren arabera, higiezina ahalik eta ondoen aprobetxatzeko, proposatzen da solairuartea eraistea eta etxabeko forjatuaren kota igotzea. Hala, etxabean eta sotoan udal zentro ludikoa egingo da, 380 metro karratu inguruko azalera erabilgarri batekin.  Bi solairuak igogailu batek lotuko ditu, bizitokietatik aparte egongo dena.

Zuzkidura-bizitokiak goiko hiru solairuetan kokatuko dira, 6 solairuko. Gainera, beheko solairuan premia berezietako pertsonei egokitutako bizitoki bat eraikiko da (57,6 metro karratuko).  19 bizitokietatik, hiru bi logelakoak izango dira, bakoitza 58 metro karratuko azalera erabilgarriarekin.  Gainerako 16ek logela bana izango dute, bakoitza 35 eta 39 metro karratu erabilgarrikoak.    Sukaldea eta bainua ere izango dute beren altzariekin eta berokuntza-zerbitzuarekin.

Etxebizitza guztiek izango dute terraza txiki bat, garbigailu-lehorgailua, eta balkoietan toki bat (kaletik ikusiko ez dena), arropak eskegitzeko. Eraikinak dauden zerbitzu guztietako hartuneak ditu, hala nola ur-hornidura, saneamendua, euri-urak, energia elektrikoa, gasa eta telekomunikazioak.

Kanpoko urbanizazioa amaituta dago eta partzela inguratzen duten kaleek badituzte dagoeneko beharrezkoak diren zerbitzuak eta harguneak eraikina bizitoki bihurtzeko.

Modu puntualean, Bittor Sarasketa kalean dagoen espaloian lan egingo da, kalearen malda erregularizatu eta dena berdinduz. Bestalde, eraikinaren ertzean, sarbideko eskailerak kendu eta sarbide berri bat egingo zaio udal zentro ludikoari.

Bittor Sarasketako epaitegi zaharreko eraikina hutsik dago 2002ko martxotik, Juan Gisasolako Justizia Epaitegira joan zirenez geroztik. Epaitegi zaharra ez erabiltzeak eta urteen joanak ekarri dute eraikinak arazo asko izatea; beraz, egungo eraikuntza-baldintzak aztertu ondoren, erabaki da beharrezkoa dela erabat zaharberritzea.