Toribio Echevarria sariek 35. edizioa betetzen dute aurten, hainbat berritasunekin

Eibarko enpresa- “Made in Eibar" kategoriak, dirulaguntza ekonomikoa emateaz gain, bonu teknologiko bat eskaintzen du produktuak, prototipoak eta patenteak garatzeko. Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 9ra arte dago zabalik
Euskal Autonomia Erkidegoko startupek eta izaera zientifiko-teknologiko nabarmena duten enpresa-proiektuek dagoeneko aurkez dezakete beren hautagaitza Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatutako Toribio Echevarria sarien 35. edizioan. Sari hauek, erreferente direnak ekintzailetza berritzailearen esparruan, Euskadiko ekintzaileen lana aitortu eta haien proiektuen hasiera eta finkapena babesten dute.
Sari hauen bidez, euskal enpresa-sarearen ekimena, berrikuntza, ekintzailetza-gaitasuna, sormena eta enpresa-garapena sustatu eta aitortu nahi dira, berrikuntza teknologikoan arreta berezia jarrita.
Aurtengo edizioaren berritasunak
Aurten, sarien oinarriak birformulatu, eta zenbait berrikuntza gehitu dira, euskal ekintzailetzaren eta enpresa-sarearen errealitatera eta beharretara egokitzeko.
Eibarko Udalak handitu egin du sarien dotazio ekonomikoa (12.000 euro), eta 3 sari banatuko dira, hau da, kategoriako bat: 1) Startupak eta enpresa-proiektuak; 2) Enpresa berritzailea, aurreko edizioetako nazioartekotze-saria jasotzen duen saria; eta, 3) Eibarko Enpresa – “Made in Eibar”, Eibarko Udaleko sari bereziak kategoria ordezkatzen duena.
Eibarko enpresa – “Made in Eibar” saria enpresa-ekimenei, enpresa sortu berriei eta negozio-ildo berriei zuzenduta dago, barne-ekintzailetzako prozesu berritzaile eta/edo zientifiko-teknologikoen ondorioz; beren jarduera, ahal dela, industria aurreratuan, sportech eremuan eta trantsizio ekologikoaren alorretan garatuko dute. Sari hau jasotzeko, enpresek Eibarren izan behar dute egoitza, edo gehienez urtebeteko epean bertan kokatzeko konpromisoa hartu.
Kategoria honetan, esku-diruzko sariaz gain, 10.000 eurora arteko bonu teknologikoa ere eskaintzen da, produktu, prototipo eta patenteen garapenerako, Teknikerrekin edo BRTA sareko beste zentro teknologikoekin lankidetzan aritzeko.
Sari hau beste bi kategoriekiko osagarria izan daiteke, betiere baldintzak betez gero, kokapenari eta lehenetsitako sektoreei dagokienez.
Diru-zuzkidurez gain, Toribio Etxeberria sariek finantzaketa-, aholkularitza- eta prestakuntza-programetarako sarbidea eskaintzen diete ekimen irabazleei, funtsezko tresnak baitira proiektuen garapena, lehiakortasuna eta nazioarteko protekzioa bultzatzeko.
Sarien aurkezpena eta adierazpenak
Jon Iraola Eibarko alkateak, BIC Gipuzkoako proiektuen zuzendari Laura Espinek eta Ekonomia-Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotzi Vanesa Hortasek aurkeztu dute gaur goizean deialdia, edizio berriaren berrikuntzekin, eta nabarmendu dute garrantzitsua dela Euskadin berrikuntza eta ekintzailetza bultzatzen jarraitzea.
Alkateak adierazi du Eibar beti lotu dela esfortzuarekin, berrikuntzarekin eta industriarekin. “Horrelako sariekin izaera hori elikatzen jarraitu nahi dugu, ekiten eta proiektu berriak sortzen ausartzen direnak babestuz. “Made in Eibar” kategoria berriak tokiko enpresekin eta gure herrian kokatzea erabakitzen dutenekin dugun konpromisoa irudikatzen du, benetan uste baitugu talentua garatzeko berau babestu eta bultzatuko duen ingurua behar dela.”
Laura Espinek honela dio: "Bic Gipuzkoarentzat, sari hauetan parte hartzeak ekintzailetza aurreratua bultzatzeko gure estrategia indartzen du; izan ere, gure bazkideekin elkarlanean ari gara proiektu estrategikoetan, hala nola terapia aurreratuetan, Gipuzkoa Quantum Hub, Sportek Hub, mugikortasun eta zibersegurtasun alorretan. Sari hauek estrategia horiekin bat egiten dute, balio handiko ekintzailetza sortu eta talentu espezializatua erakartzeko aukera diren aldetik”.
Vanesa Hortas Ekonomia-Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak adierazi duenez, "Toribio Echevarria sarien edizio bakoitzarekin beste urrats bat ematen dugu gure ekosistema ekintzaileari laguntzeko.
Aurten, laguntza ekonomikoaz gain, tresna praktikoak eskaini nahi izan ditugu, hala nola bonu teknologikoa, enpresei aukera emango diena prototipoak, patenteak edo produktu berriak garatzeko Tekniker bezalako puntako zentroekin lankidetzan. Helburu argia dugu: ideia berritzaileak Eibarko eta Euskadiko enpleguan eta lehiakortasunean eragina duten enpresa-errealitate bihur daitezen erraztea”.
Oinarriak eta hautagaitzen aurkezpena
Prentsaurrekoan azpimarratu den bezala, hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 9an amaituko da, eta oinarriak eta baldintzak sarien webgunean kontsulta daitezke: www.toribioechevarria.com
Antolaketa eta babesleak
Toribio Echevarria sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatutako ekimen bat dira eta bertan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomia-Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak.
Parte hartzen dute, era berean, SPRI entitateak, Gipuzkoako Ganberak, Elkargik, APDk, Debegesak, Confebaskek eta Adegi, Cebek eta SEA enpresari-elkarteek.