Udalak aurten ere ostalaritzako eta elikadurako bonu-txartelen kanpaina (685 bonu) jarriko du martxan asteartean, irailak 16

Kanpainak % 20 eta % 40 arteko deskontuak izango ditu, eta urriaren 12an amaituko da. Bonu-txartelak asteartetik aurrera (irailak 16) eskuratu ahal izango dira, 9:00etan, helbide honetan: www.erosieibarren.eus.
Datorren asteartean, irailak 16, bonu-txartelen kanpaina hasiko da. Ekimenean kanpainari atxikitutako Eibarko ostalaritzako eta elikadurako establezimenduek hartuko dute parte. Udalak bultzatutako kanpaina berria —15.000 euroko dirulaguntza jasotzen duena— Eibar Merkataritza Gune Irekiarekin eta Nafarroako Rural Kutxarekin lankidetzan antolatu da.
Jon Iraola alkateak adierazi duenez, "bonu kanpaina hauek funtsezko motorra dira gure tabernak, jatetxeak eta janari-dendak babesteko, eta, aldi berean, aurrezpen zuzena dira Eibarko familientzat. Gure herrian erosketa sustatzen jarraitu nahi dugu, Eibarren geratzen den euro bakoitzak gure ehun ekonomiko eta soziala indartzen duelako".
Aurtengo edizioan, kanpainak bi sektore izango ditu helburu: elikadura eta ostalaritza. Horretarako, bonu-txartel desberdinak izango dira modalitatearen arabera, eta baldintzak ere bakoitzak bereak izango ditu.
Kanpaina honetarako, 685 bonu atera dira guztira diru-kopuru desberdinekin, eta, hala, erosketak eta zerbitzuak eskuratu ahal izango dira, % 20 eta % 40 arteko deskontuekin.
Kontsumitzaileek 50 eta 100 euroko bi txartel-modalitate aukeratu ahal izango dituzte, txartelak amaitu arte. Erosteko azken eguna urriaren 2a izango da. Elikadurako sektoreetako txarteletan % 20ko deskontua egingo da; hortaz, salmenta-prezioa 40 eurokoa izango da eta benetako balioa 50ekoa. Ostalaritzaren kasuan, % 40ko deskontua egingo da; beraz, salmenta-prezioa 30 eurokoa izango da eta benetako balioa 50ekoa.
Bonu-txartelak irailaren 16an jarriko dira salgai, 9:00etan. Interesa dutenek www.erosieibarren.eus helbidean erosi ahal izango dituzte.
Esan beharra dago bonu-kopuru jakin bat egongo dela salgai bai Eibarren bizi diren pertsonentzat, bai beste herri batzuetan bizi direnentzat. Gehienez ere, bi bonu eskuratu ahal izango dira NAN edo AIZ bakoitzeko, alegia, 50 euroko txartel bat erosi ahalko da edo 100 euroko txartel bat, kategoria berean.
www.erosieibarren.eus webgunean bertan argitaratuko da zer establezimendutan eros daitezkeen txartelak; dagokion kategoriaren arabera egongo dira aktibatuta. Horretarako, txartel guztiek pegatina bat izango dute, kategoria identifikatzeko. Beste kategoria batean erabiliz gero, ez du funtzionatuko.
Bonu-txartelak erosi eta bi egun balioduneko epean jaso ahal izango dira, erosketa-prozesuan aukeratutako establezimenduan; horretarako, erosketa horren ziurtagiria eraman beharko da. Txartela jasotzeko establezimenduak hauexek dira: “Burbujas y más” Estaziño kalean eta “Lakuesta Óptica” Fermín Calbetón kalean.
Urriaren 12ra arte erabili ahalko dira txartelak, eta egun horretan amaituko da kanpaina. Egun horretatik aurrera, txartelak baliogabetuta geratuko dira. Nahiz eta saldoa izan, saldo hori ezin izango da berreskuratu.
Azkenean, txartelak erabili diren azken establezimenduan utzi beharko dira, hala, beste kanpaina batzuetan birziklatu ahal izateko.