Eibarko Udala
Hijos de Gabilondo

Udalak argi berdea eman dio Hijos de Gabilondo eraikinaren birgaitzeari

2025/09/11
Infografia.

Obren adjudikazioaren aurrekontua 6,1 milioi eurokoa izango da, eta exekuzio-epea 88 astekoa. Egitasmoak Urkizu-Barrena ingurua eraldatuko du, espazio publiko berriekin, aparkalekuekin eta aisialdirako guneekin.

Eibarko Udalak “Miguel Imaz S.A.” enpresari adjudikatu dizkio  Barakaldo eta Barrena kaleen elkargunean dagoen Hijos de Gabilondo eraikin historikoaren birgaitze-obrak. Garrantzi handiko esku-hartzea da, 6,1 milioi euroko aurrekontua eta 18 hilabeteko exekuzio-epea duena, eta 2026 urte amaiera alderako amaituko dena.

Planak aurreikusten du 1938ko jatorrizko eraikina mantentzea eta birgaitzea, eta gerora egindako alboetako handitze-lanak kentzea. Erabaki horrek ahalbidetu egingo du espazioa irabaztea, espaloiak zabaltzeko, aparkaleku berriak egiteko eta aisialdirako guneak sortzeko, eta horrek eragin zuzena izango du hiri-espazioaren kalitatean eta bizilagunen eguneroko bizitzan.

Proiektua PSE-EE eta EH-BILDU udal-taldeek duela urte batzuk lortutako akordioari esker sortu zen.

Jon Iraola Eibarko alkateak proiektu honen garrantzia azpimarratu du: "Urrats erabakigarria ematen ari gara hiriaren ekialdea eraldatzeko. Erabiltzen ez zen eraikin enblematiko bat berreskuratzeaz gain, gure helburua da bertan enpresa-jarduera kokatzea, ekintzailetzari lekua ematea eta, gainera, elkargune  erakargarri berri bat sortzea, eremu honetako bizilagunen eta Eibarko herritar guztien aisialdirako".

Hijos de Gabilondo birgaitzea hiria berroneratzeko udal-estrategiaren barruan sartzen da, eta haren xedea da Urkizu-Barrena ingurua biziberritzea, funtzio anitzeko espazio publikoak sortuz, jarduera ekonomikoa sustatuz eta tokiko ekintzailetza bultzatuz.

Luis Vicente Castellanos Hirigintzako zinegotziak balioan jarri du  proiektuaren proiekzioa: "Hijos de Gabilondoren birgaitzea mugarri izango da Eibarko birgaitze urbanistikoan.  Ez gara soilik ondarea berreskuratzen ari; hiriarentzako espazio moderno, ireki eta irisgarri bat eskaintzen ari gara.  Uste osoa dugu obra honek erakutsiko duela nola urbanismoak hobetu dezakeen pertsonen bizitza eta gure auzoen kohesioa indartu”.

Egitasmoa ez da mugatzen eraikina berreskuratzera.  Aldi berean, Udala plan osagarri bat prestatzen ari da fabrika-etxe zaharraren ingurua berrurbanizatzeko eta hobetzeko, auzoari hiri-konfigurazio integratuago eta funtzionalago bat emateko xedez.

Eraikinak, zeinak bere jatorrizko itxura berreskuratu zuen 2024an egindako eraispenen ondoren, estalki ireki bat izango du, eta eserita egoteko eta gazteentzako jolaserako guneak konbinatuko ditu.

Gainera, bi eremu aurreikusten dira.  Alde batetik, ekialdean, aparkamendu berri bat, auzoari zerbitzua emango diona. Eta, bestetik, mendebaldean, birnaturalizatutako espazio ireki bat, herritarren aisialdirako.

Adjudikazio honekin, Eibarko Udalak bere gobernu-ekintzaren funtsezko zutabeetako bat betetzen du: ondare historikoa berreskuratzea hiriaren zerbitzura jartzeko, jarduera ekonomikoa sortzea eta herritarren bizikidetzarako eta aisialdirako espazio berriak eraikitzea.