Aurten ere Eibarrek bat egingo du Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearekin, bigarren eskuko bizikleten merkatua eta beste zenbait jarduera antolatuz

Irailaren 15etik 22ra bitartean egingo dira jarduerak.
Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bitartez, Mugikortasunaren Europako Astearekin (SEM) bat egingo du aurten ere, irailaren 15etik 22ra bitartean egingo diren hainbat jarduerarekin. Ekimen honen bidez, eibartarrak sentsibilizatu nahi dira garraiobide jasangarriagoak erabiltzeak osasun publikorako eta ingurumenerako dakartzan onurei buruz, bereziki garraio publikoa eta bizikleta erabiltzearen eta oinez ibiltzearen garrantzia azpimarratuz.
Europako Batzordeak 2025eko kanpainarako aukeratutako leloa hauxe da: “Mugikortasuna guztiontzat”. Tematika honen bidez, azpimarratu nahi da herritar guztiek dutela garraiobide erabilgarri, irisgarri, seguru eta jasangarrirako aukera, diru-sarrerak, kokapena, generoa eta gaitasunak edozein direla ere. Garraiobideen prezio altua edo haiek erabiltzeko aukerarik eza pertsona askori eragiten dioten trabak dira, lanpostuetarako, heziketarako eta oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea mugatzen dutenak. “Pobrezia garraiobidean” esaten zaio fenomeno horri. 2025ean, Mugikortasunaren Europako Asteak gonbidatzen gaitu joan-etorri guztiak birplanteatzera eta pertsona guztientzako mugikortasuna bermatzera.
Ondo diseinatutako mugikortasun-sistemak herritar guztientzat dira onuragarriak. Zerbitzuak, ibilgailuak, azpiegiturak eta komunikazio-sistemak ondo planifikatzeak lagundu egiten die erabiltzaile guztiei, batik bat desgaitasun fisikoak, sentsorialak edo kognitiboak dituztenei. Bestalde, mugikortasun-sistema benetan inklusiboa izan dadin, garraio-aukera anitzak, fidagarriak eta eskuragarriak eskaini behar ditu komunitate guztientzat.
Zentzu honetan, Udala guztiz murgilduta dago Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana (HMJP) prestatzen iazko azarotik. Herriko egoeraren diagnostikoaren lehen fasea amaitu ondoren, datozen hilabeteetan aurrera eraman beharreko ekintzak landuko dira, helburua izanik herriko mugikortasun motak planifikatzea, energia-, ingurumen-, ekonomia-, gizarte- eta irisgarritasun-alderdiak hobetze aldera.
Lehen diagnostiko-fase honetako garapenerako, hainbat kanal bideratu ziren herritarren parte-hartzea errazteko, izan ere, kolektibo bakoitzak bere erara bizi du mugikortasuna, eta interesdunek parte hartzen dutenean, soluzioek komunitatearen benetako premiak islatzen dituzte. Hori horrela, 2024ko azaroan, 2.000 etxetara galdetegi tekniko bat bidali zen, zeinean 218 familiak hartu zuten parte (% 10,9). Era berean, aurtengo urtarrilean galdetegi digital bat prestatu zen, herriko etxebizitza guztietara bidali zena, eta bertan 562 pertsonak esku hartu zuten. HMJP planaren inguruko galdetegi bat ere osatu zen industrialdeko enpresei zuzenduta (12 jaso ziren). Azkenik, otsailean tailer bat egin zen herritarren parte-hartzearekin, Eibarko mugikortasun arazoak partekatzeko. HMJP planaren inguruko informazioa Udaleko web-orrian dago eskuragarri, Ingurumenaren atalean. Hurrengo faseetan ere herritarren parte-hartzea sustatuko da, eta horretarako aurreikusita dago beste tailer bat antolatzea herritarrekin batera, eibartarrek HMJPren proposamenen inguruko iradokizunak eta/edo egokitzapenak egin ditzaten.
Horrela, Udal honek, aurten ere, Eibarko herritarrak mobilizatzeko hitzordu honen alde egiten du, mugikortasun jasangarria sustatzeko, garraio aktiboa bultzatzeko, eta Eibar osasungarriago bat sortzeko xedez. Irailaren 20an, larunbata, bizikleten eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako objektuen bigarren eskuko azoka egingo da. 2018an hasi zen Udala merkatu hau antolatzen, eta, ordutik, urtero egiten da, eta parte-hartze handia izaten du. Azken hiru urteetan, edizio bakoitzean ehun bizikletatik gora edo mugikortasun jasangarriarekin lotutako beste objektu batzuk (patinak, kaskoak, patineteak, bizikleta-euskarriak…) laga dira eta horien % 50 inguru saldu dira merkatuak irauten duen lau orduetan zehar.
Merkatua Untzaga plazan izango da 10:00etik 14:00etara bitartean. Azokan parte hartzeko eta bizikletak edota bestelako objektuak lagatzeko hitzordua eskatzeko, ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea www.merkabi.eus/eibar estekaren bidez, edo 943 67 02 49 telefonoaren bidez. Parte-hartzea doakoa da.
Bai bizikletak bai bestelako objektuak (mugikortasun jasangarriarekin lotuak, hala nola patineteak, kaskoak, eta abar) erabilitakoak izan behar dira eta egoera onean egon; gordailuan lagako dira aurretik hitzartutako orduan. Objektuen kasuan, hiru onartuko dira gehienez ere. Azoka amaituta, salmentaren zenbatekoa entregatuko da, edo, bestela, lagatako objektua itzuli egingo da. Era berean, azpimarratu behar da ez dela onartuko 600 eurotik gorako preziorik; parte hartzeko adinez nagusia izan behar da, eta NANa eta telefono-zenbakia eskatuko dira.
Bestalde, goizean, azokaren ondoan, ohi bezala, bizikletak konpontzeko tailer bat ere egongo da Eibar Klub Deportiboak antolatuta, non bizikleten oinarrizko konponketak eskainiko diren.
Arratsaldean, Eibar Klub Deportiboak bide-hezkuntzako haurrentzako zirkuitu bat eta ginkana bat antolatuko ditu Untzaga plazan (euria egiten badu, Errebal plazan izango da). Jarduera hauek 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzat izango dira. Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da bizikleta edota patinetea eramatea, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.
Azkenik, irailaren 22an, ‘Autorik Gabeko Eguna’ egingo da; horretarako, eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburuarekin, Eibarko Udalbus zerbitzua doakoa izango da.
Kanpaina honen antolaketa Eibarko Udalak 2023an onartutako 2022-2030 aldirako Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planaren (KEJEP) neurrien barruan kokatzen da. Plan horretan, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta klima-aldaketaren ondorioak arintzeko hainbat neurri eta jarduera-ildo ezartzen dira.
Bigarren eskuko azoka hau egiteko, Udalak dirulaguntza bat du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuarena.
Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa Sailak zabaldu egin du “Jarri zure bizikleta prest MUGIrekin” kanpaina. Edizio honetan kanpaina Gipuzkoako 20 herritara iritsiko da, 2024koan baino zortzi gehiagotara, irailaren 15etik (astelehena) 24ra (asteazkena) bitartean. Ekimen honen helburua da bizikletaren erabilera sustatzea garraiobide jasangarri gisa. Gainera, bizikleta erabiltzeak lagundu egiten du biztanleria aktiboagoa eta osasuntsuagoa. Irailaren 15 eta 24 bitartean, furgoneta-tailer bat ibiliko da Gipuzkoako hainbat herritan zehar, bizikletei oinarrizko konponketak egiten, MUGI txartel pertsonalizatua erakutsita. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarekin elkarlanean (GGLA), MUGI txartela eskatu nahi dutenei horretarako laguntza emango zaie.
Eibarko kasuan, furgoneta-tailerra Untzaga plazan egongo da irailaren 15ean (astelehena), 10:30etik 14:00etara. Eibartarrek bizikleta bertara eramateko aukera izango dute, matxura txikiak konpondu eta bizikletak erabiltzeko prest izateko. Furgoneta-tailerrera hurbiltzen direnen artean bi bizikleta zozketatuko dira, baita MUGI txartelean kargatzeko 20 euroko 60 karga ere.