Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak lau laguntza-lerro ditu zabalik, prestakuntza, ekintzailetza eta lehiakortasuna hobetzeko

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2023/09/22

Herriko industria-enpresa txiki eta ertainek dirulaguntzak jaso ditzakete erronka teknologiko berriei aurre egiteko, eta trantsizio ekologikoa eta ekonomia zirkularra sustatzeko. Halaber, Udalak ekintzailetza sustatzen du enpresak lekuz aldatzeko, handitu edota modernizatzeko eta proiektu berriak garatzeko; eta, lehiakortasuna sustatzeko laguntzak ere emango ditu, herriko enpresetan energiaren kostu-igoerari aurre egiteko. Unibertsitateaz kanpoko prestakuntza-ekintzetarako laguntzak langabetuentzat edo enplegua hobetu nahi dutenentzat dira.

Eibarko Udalak lau laguntza-lerro ditu zabalik, Eibarko enpresen eta herritarren prestakuntza, ekintzailetza eta lehiakortasuna hobetzeko. Helburua da haien garapen enpresarialean eta profesionalean laguntzea, eta, aldi berean, hiriko ehun ekonomikoa indartzea. Zehazki, honako helburu hauek dituzte dirulaguntzek: erronka teknologiko berriak garatzea; ETE enpresa txiki eta ertainek trantsizio ekologikoa eta ekonomia zirkularra sustatzea; langabetuen edo enplegua hobetu nahi dutenen prestakuntza hobetzea; lehendik dauden enpresak modernizatzea; eta enpresa-proiektu berriak garatzea. Gainera, laguntzak eska daitezke energiaren kostuari aurre egiteko. Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak sustatutako lau laguntza-lerroek, guztira, milioi erdi euro baino gehiagoko hasierako partida dute.

Hamar urtez jarraian, herriko ETEek dirulaguntzak jasoko dituzte erronka teknologiko berriei aurre egiteko.  Deialdi honen bidez, Eibarko industria-enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko azterlanak eta ekintzak egiten lagundu nahi du Udalak, proiektu estrategikoak garatuz. Aurtengo berritasuna da diruz lagunduko direla baita ere enpresek egindako jarduerak trantsizio ekologikoa eta ekonomia zirkularra babesteko.

ETEek, programa honen barruan eta www.eibar.eus udal-webgunean kontsulta daitezkeen baldintzen arabera, honako proiektu hauetarako laguntzak jaso ditzakete: proiektuen berrikuntza, nazioartekotze eta finantzaketan espezializatutako aholkularitza; beren produktuetan, zerbitzuetan eta prozesuetan berrikuntza esanguratsuak sartzeko elementuak eskuratzea; eta nazioartekotzea sustatzeko ekintzak sustatzea, besteak beste.

Dirulaguntzak 4.750 eurotik 6.500 eurora artekoak izan daitezke, eta eskaerak aurkezteko epea azaroaren 10ean amaituko da. Udalak 100.000 euroko partida bat du programarako, eta zenbateko hori handitu egin daiteke eskaerak erantzun gabe geratzen badira.

Ehun ekonomikoaren dinamizazioa

Azaroaren 3ra arte, bestalde, Eibarko enpresak lekuz aldatzeko, handitzeko edota modernizatzeko programan jasotako laguntzak eskatu ahal izango dira; zenbatekoa 6.000 eurora irits daiteke.

Laguntza, besteak beste, aholkularitza fiskala, laborala, kontabilitatekoa, teknikoa edo administratiboa emateko erabiliko da, honako helburu hauekin: enpresak lekuz aldatu edo handitzea/modernizatzea, lokalak erosteko inbertsioak egitea, edo eraberritzeko eta egokitzeko obrak egitea.

Ildo beretik, eta ekintzailetza bultzatzeko eta hiriko ehun ekonomikoa dinamizatzeko xedez, Udalak abian du Eibarren enpresa-proiektu berriak garatzen laguntzeko programa bat, zeinaren bidez, enpresei lagundu nahi zaien proiektu berriak martxan jartzea eskatzen duten gastu eta inbertsioetan, barne-ekintzailetzako prozesu batetik sortutakoak barne.

Hiru laguntza-lerro hauen bidez sustatuko dira enpresa-proiektu berriak: negozio estrategiko eta berritzaile berriak sortzea; negozioen transmisioa edota jarraipena sustatzea Eibarko jarduera ekonomikoari eusteko; eta merkataritza-intereseko eremuetan hutsik dauden merkataritza-lokalak berreskuratzea.

Dirulaguntzak 10.000 eurorainokoak izan daitezke eta azaroaren 29a baino lehen eskatu behar dira. Udalak 195.000 euro bideratuko ditu bi programa horietara, eta baldintzak Udalaren web-orrian kontsulta daitezke: www.eibar.eus.

Energiaren kostua

Herriko enpresen lehiakortasuna hobetzeko, beste laguntza-lerro bat dago energia- kostuaren igoerari aurre egiteko.

Laguntzak jaso ditzakete baldintza jakin batzuk betetzen dituzten pertsona fisiko, juridiko, sozietate zibil eta ondasun-erkidegoek. Baldintza horiek eta eskatzen den dokumentazioa Udalaren webgunean kontsulta daitezke. Dirulaguntza elektrizitatean, gas naturalean, PGL petrolio-gas likidotuan eta fluido termikoetan gastatzeko da, eta batez besteko gainkostuaren % 75 hartzen du barne; gehienez, 3.000 euro jaso ahalko dira.

Izena emateko epea zabalik egongo da urriaren 2ra arte.

Prestakuntzarako laguntzak

Langabetuentzako edo enplegua hobetu nahi dutenentzako, formazio-ekintzetarako dirulaguntzen deialdia ere zabalik dago. Diruz laguntzen da Lanbide Heziketako gradu ertain edo goi-graduak egitea eta enplegagarritasuna handitzen duten ekintzak, hala nola hizkuntzen ikastaro ofizialak egitea edo gidatzeko karneta ateratzea.

Ekimenaren helburua lan-merkatuan sartzeko aukerak eta enplegagarritasuna handitzea da. Jon Iraola alkatearen hitzetan, programak aurreko edizioetan erakutsi duenez, «oso aukera ona da langabetuak lan-esparrura itzuli ahal izateko, edo lan-aukera hobeak izateko ezagutza berriak eskuratzeko. Gaur egungo egoeran, non merkatua gero eta lehiakorragoa den eta formazioa ezinbestekoa, Eibarko Udalak pertsona horiengandik gertu egon nahi du eta bide bat eskaini beren hobekuntza profesionalerako».

Eskabide bakoitzak gehienez 500 euroko laguntza jaso ahal izango du; kopuru horretan sartzen dira formazio-ekintzaren gastuak, beharrezkoak diren materialak edota prestakuntza-zentrora joateko garraioaren kostuak. Interesdunek Udalaren web-orrian kontsulta ditzakete baldintzak, eta urriaren 27a baino lehen egin beharko dute eskaera.