Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak lanean dihardu pandemiak atzeratutako obra batzuk 2021ean egiteko

Eibarko irudia.

Eibarko irudia.

2021/02/19

Diru-sarreren jaitsierak, gastuak jarduera ekonomikoari eusteko erabili behar izanak eta Eibarko familia ahulenei babesa emateak, horrek guztiak moteldu egin du proiektu batzuen exekuzio-erritmoa.

Eibarko Udaleko Obra Sailak, gaur egun, karteran eta egiteko zain ditu hainbat proiektu, 2020an Covid-19aren pandemiaren ondorioz atzeratu zirenak. Udal gobernuaren asmoa da proiektu horiek inguruabar ekonomikoek ahalbidetzen duten bezain laster abian jartzea, 2021 honetan hori egiteko aukera izango delakoan.

Birusak udal aurrekontuan izan duen eragin itzelaren ondorioz, nabarmen mantsotu da horrelako proiektuen exekuzio-erritmoa.

Jon Iraola Obren arloko zinegotziak adierazi duenez, “2020ko aurrekontuan, pandemia baino lehen, obretarako zegoen aurrekontua 3.250.000 euro zenbatekoa bazen, pandemia oldarka sartzean, 1.000.000 euro ingururaino murriztu zen. 2021ean, horrelako inbertsioetarako aurrekontuak gora egin badu ere, ia ez da 2.000.000 eurora iritsiko."

Proiektu horietako bat Jardiñeta kaleko 29, 31, 33 eta 35 zenbakietako irisgarritasuna hobetuko duten igogailuena da. Hasiera batean, 2020ko aurrekontuan aurreikusita zegoen hori egitea. “Proiektu honen aurrekontua milioi bat euro ingurukoa da, eta ahalik eta lasterren hastea nahi genuke; obra horren aurretiko lanak dagoeneko martxan jarri ditugu. Ekitaldi honetan, horri aurre egiteko behar ditugun baliabideak izango ditugulakoan gaude. Hori guztia,  pandemiak ekar liezakegun egoera ekonomiko eta sozialaren araberakoa izango da”, dio Iraola zinegotziak.

Asmoa, 2021erako, goian esandako proiektu horretarako finantziazioa aurkitzea da, eta, era horretan, 2021eko aurrekontuan berariaz jasota daudenei gehitzea: Ubitxa eta San Kristobal auzoetako irisgarritasuna hobetuko duen lehen igogailua egitea (2020rako ere egitea aurreikusita zegoen), Milaflores lorategi-basoa edo Sakuneko hiri-baratzeak egitea, hori guztia, Isasiko eraikinaren barrualdea —Astelena pilotalekuaren ondoan—, Andretxea berria hartuko duena, egokitu egin behar dela ahaztu gabe.

2020an atzeratutako beste proiektu batzuk, Udaleko Obra Sailak 2021ean egin nahi dituenak, hauek dira: Urkizuko eskolako komunak berritzea (150.000 euro inguruko aurrekontua) eta Arrateko Andra Mari ikastetxearen patioko harmailetan eskailera bat eraikitzea (70.000 euro inguruko aurrekontua).

Egiteko zain dauden beste proiektu batzuk

Lehen esandakoez gain, Obra Sailak beste proiektu batzuk ditu karteran, oraindik egiteke, baina ez arrazoi ekonomikoengatik.

Horien artean dago Mekola kaleko 6 eta 8 zenbakien eta San Juan kaleko 1etik 9ra bitarteko zenbakien arteko pasealekua hobetzeko proiektua. Proiektu horrek 2022ra arte itxoin beharko du.

 “Lehenago ez da egin, Mekola eta Arratebide kaleetako irisgarritasuna hobetuko duten igogailuak eraikitzeko eta Vildosolako txaleta zegoen lurzatian kokatuko den parkea egiteko obretako kamioien sarrera eta irteera pasealeku horretatik izango delako. Horregatik, ez zuen zentzurik pasealekuaren zati hori konpontzea gero kamioi horiek pasatu eta hondatu zedin”, azaldu du Iraola Obraburuak.

Egiteke dagoen beste proiektu bat Torrekua kalea eta Berdintasun pasealekua lotuko dituen igogailuarena da, Amañako dorreen tren-geralekuaren parean. Proiektu hori, geralekuaren nasari egingo dion eragina dela eta, Eusko Jaurlaritza (ETS) aztertzen ari da, izan litezkeen alternatiba edo aukera guztietatik onena eta egokiena egiteko. “Eusko Jaurlaritzarekin konponbiderik onena adostu ondoren, hura gauzatzeko behar den finantziazioa bilatuko dugu”, gaineratu du zinegotziak.

Proiektu gehiago prestatzen

Aurreko guztiaz gain, hiria hobetzeko proiektu gehiago idazten ari da Udala.

Proiektu horien artean daude Ziriako Aguirre kalearen irisgarritasuna hobetzeko proiektua, Barrena kaleko 21. eta 23. zenbakietako ingurua hobetzeko proiektua, Legarreko aparkaleku berria, Julián Etxeberria kalea berriz urbanizatzea eta anbulatorioko parkea berrantolatzea hango lekua hobeto aprobetxatzeko. Horiei, Mekola eta Arratebideko irisgarritasuna hobetuko duten igogailuen proiektua gehitu behar zaie. Bestalde, Saratsuegi auzoko irisgarritasuna hobetzeko dauden aukerak aztertzeko eta Azitaingo Industrialdearen zirkulazioa hobetzeko beste azterlan bat ere eskatu ditu.