Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza-Plana (2022-2030) onartu du

2023/02/01

Urtarrilaren 30ean egindako osoko bilkuran, dokumentua onartu zen, eta bertan, berotegi-efektuko gasen isurien inbentarioa, arriskuen ebaluazioa eta klima-kalteberatasuna eta arintze- eta egokitze-neurrien plana jaso ziren. Udalak Klima eta Energiarako Alkateen Itunarekin bat egitean hartutako konpromisoetan oinarritzen da Plan hau.

Eibarko Udalak Eibarko Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plana 2022-2030 (EKEJE) dokumentua onartu zuen urtarrilaren 30ean egin zuen osoko bilkuran. Plan horretan, hainbat neurri eta jarduera-ildo ezartzen dira berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta, hartara, klima-aldaketaren ondorioak arintzeko.

Plana onartu dela-eta, Eibarko alkateak, Jon Iraolak, zera adierazi du: “Toki-administraziook gure jarduerak eta politikak bultzatu eta garatu behar ditugu, inguruabarrek eskatzen digutenaren ildotik, eta, alde horretatik, Eibarko Udalarentzat ingurumena gero eta modu irmoagoan eta konbentzituagoan lantzen ari garen gaia da, gure ekimen gehienetan ingurumen-ikuspegia txertatuz.” Lan ildo horretan, alkateak gaineratu du orain onartu den Plan hau dela “neurri guztiak dokumentu berean biltzea ahalbidetzen digun esparru orokorra.”

Zehaztuz: onartutako planak bere gain hartzen ditu udalerriko berotegi-efektuko gasen emisioen oinarrizko inbentarioa eta  efektu horiek arintzeko diagnostikoa, arriskuen eta kalteberatasun klimatikoen ebaluazioa eta, 9 ildo estrategikotan banatuta, 111 arintze- eta egokitze-neurri dakartzan plana.

Ildo horien artean daude energia-aurrezkia eta energia-eraginkortasuna sustatzea; tokiko energiaren eta energia berriztagarriaren sorrera sustatzea; garraio publikoaren eta motorrik gabeko baliabideen erabileran oinarritutako mugikortasun jasangarria bultzatzea; hondakinen sorrera minimizatzea eta hondakinen berrerabilpena eta birziklapena areagotzea; edo ingurune naturala babestea eta ekosistemen zerbitzuak sustatzea.

Era berean, agertoki klimatikoetara egokitutako hiri-plangintza eta hiri-diseinua sustatu nahi dira; klima-aldaketak pertsonen osasunean duen eragina murriztu nahi da; udalerriko sektore ekonomikoei lagundu nahi zaie klima-aldaketara egokitzen; eta Eibarko klima-erronkei erantzuna emango dien gobernantza-eredu bat antolatu nahi da.

Neurri horien bidez, Udalak, 2030erako, Alkateek Klimaren eta Energiaren alde sinatutako Itunari atxikitzeko hartutako konpromisoak bete nahi ditu: Eibarren berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak % 55 murriztea; lurraldeak klima-aldaketarekiko duen erresilientzia ziurtatzea; eta ikuspegi bateratu bat izatea klima-aldaketara egokitzeko eta klima-aldaketaren ondorioak arintzeko behar den bultzada emateko.

Era berean, Plan honen bidez, Udalak aurrea hartu nahi dio EAEko Energia Trantsizioari eta Klima Aldaketari buruzko etorkizuneko Legearen espirituari, bai eta energia-kontsumoa % 35ean murriztu eta Udalak energia berriztagarrietan % 32 sortzeko duen ahalmena handitu ere, EAEko Energia Iraunkortasunari buruzko 4/2019 Legearen eskakizunak betez.

Halaber, aipatu behar da Eibarko EJEKE dokumentua “Euskadiko klimari eta energiari buruzko tokiko planak egiteko gida”-ren arabera egin dela, IHOBEk eta EEEk batera sustatutako gida, eta bat dator guztiz 2030 Agendarekin, garapen iraunkorreko hainbat helburu lortzen lagunduz.

Bestalde, dokumentua egiteko, Eibarko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren dirulaguntza jaso du, Sail horrek garapen jasangarria sustatzeko ekintzak egiten dituzten toki-erakundeei laguntzak emateko duen lan ildoaren esparru barruan.

Plan hau Eibarko Udalak, 2020ko martxoan, ‘Klima eta Energiarako Alkateen Itunari’ atxiki izanaren ondorioa da. Ituna Europako Batzordearen ekimena da, eta 57 herrialdetako 7.000 toki-erakunde baino gehiago biltzen ditu, Europar Batasunak klimaren eta energiaren arloan dituen helburuak borondatez ezartzeko konpromisoa hartzen dutenak.

Eibarko egoera klimatikoa ezagutzeko parte-hartze prozesua

2021. urtean hasi zen Plana egiteko prozesua. Horretarako, talde eragile bat sortu zen, Udaleko hainbat alorretako teknikariek eta udalez gaindiko beste erakunde batzuetako teknikariek (Debegesa, Debemen, Mankomunitatea) osatutakoa. Barne-koordinazioko saioak egin dira talde eragile horrekin, bai eta banakako saioak ere, asmo horretan inplikatuta dauden sailen ekarpenak biltzeko.

Aldi berean, herritarrek parte hartzeko prozesu bat egin da, eta prozesu horren emaitzak kontuan hartu dira Planeko neurrien proposamenak egitean eta lehentasunak ematean. Zehazki, 2021eko urtarrilean, 98 pertsonak hartu zuten parte inkesta batean; 2021eko ekainean, herritarrek parte hartzeko lehen jardunaldia egin zen modu telematikoan, eta 11 pertsonak hartu zuten parte; eta 2022ko irailean, bigarren saioa egin zen, formatu presentzialean, non 9 pertsonak hartu zuten parte.

Ingurumenaren alorrean hartutako neurriak

Udalak hainbat neurri hartu ditu azken urteotan, besteak beste, LED motako lanparekin argiteria publikoa ordezkatzeko plana, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren alderdi guztietan ingurumen-irizpideak bultzatzea edo Eibar osoan materia organikoa biltzeko edukiontziak jartzea.

Azken urteotan, leku jakin batzuetan biomasa-galdarak eta eguzki-energiako panelak jartzeko lanak ere egin ditu Udalak; eskailera eta arrapala mekanikoetan energia aurrezteko sistemak ezarri ditu ‘stop&go’ sistema instalatuz, eta elektrizitate- eta gas-horniketarako kontratuak aldatu egin dira, energia eta kontsumoa aurrezteko.