Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak kirolarekin lotutako programa bat sustatuko du, 2023ko Kirolaren Europar Hiriaren testuinguruan

 Irudian, Jon Iraola alkatea eta Ander Curiel Kirol zinegotzia.

Irudian, Jon Iraola alkatea eta Ander Curiel Kirol zinegotzia.

2022/12/01

Saria Europar Batasunean, Bruselan, jasoko dute abenduaren 6an Jon Iraola alkateak eta Ander Curiel kirol zinegotziak. Ekitaldi bat antolatuko da saria lortzea ahalbidetu duten herriko kirol-agenteei aitorpena egiteko; bertan sariaren kopia bat emango zaie.

Datorren urtarrilaren 1ean hasiko da Eibar Kirolaren Europar Hiri titulua erabiltzen, ACES Europe erakundeak izendapena eman eta Europako Batzordeak babestu ondotik. Horren aurretik, abenduaren 6an (asteartea) Jon Iraola herriko alkatea eta Ander Curiel kirol-zinegotzia Europako Parlamentura joango dira, Bruselan, Eibar 2023ko Kirolaren Europar Hiri gisa izendatzen duen saria jasotzera.

Joan den azaroaren 7an, 8an eta 9an gure herria bisitatu zuen epaimahaiak oso positibotzat jo du bizikletarekin duen lotura estua, kontuan hartuta XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako armagintza eibartarraren zati bat gai izan zela egoera ekonomiko berrira egokitzeko eta bizikletak egiten hasteko; baloratu ditu, halaber, joan den mendearen hasieratik herrian jokatzen ari diren bizikleta-probak, bai eta 1926tik hona Eibarko Txirrindulari Elkarteak egindako lanak.

Era berean, herriaren hautagaitzaren beste indarguneetako bat, epaimahaiak oso begi onez hartu duena, herriaren ehun soziala izan da, bereziki asoziazionismoa.

Hala, Eibarrek balioan jarri zuen 12.325 eibartarrek Udalaren Kirol Patronatuaren karneta dutela, Kirol Zentro Pribatu bateko harpidetza dutela, federazio batekoak direla edo eskola-kirolaren egituretan integratuta daudela. Horrek esan nahi du gure herritarren % 45ek kirola egiten dutela, antolamendu-egitura horietako baten babesean. Gainera, herriko kirol-biztanleriak era guztietako adinak eta maila sozialak hartzen ditu: Eibar herri aktibo bat da.

Kirol federatuari dagokionez, udalerriko biztanleria federatuaren datu absolutuek eta ehunekoen datuek aise gainditzen dituzte Kirol Kontseilu Gorenak Estatu osorako urtero ematen dituen zifrak.

Baina, bereziki azpimarragarriak dira emakumezkoen kirolaren datuak:

Azkenik, herriko elkarteen sarea 21 kirol modalitatetako 27 klubek osatzen dute: mila biztanleko klub bat dugula kontuan hartuta, esan dezakegu eibartarrek ia edozein kirol modalitatetan aritzeko eta lehiatzeko aukera dutela. Klub horien artean, aipamen berezia merezi du Eibar Klub Deportiboak, 1924an sortua, hiriko kirolaren erakusle izan dena 100 urtez.

Ahaztu gabe, noski, herriaren beste kirol-zutabe bat: Eibarko Kirol Elkartea, hainbeste poz eman dizkiona herriari, azken urteotan.

Horrez gain, honako hauek ere hartu dira kontuan: Eibarrek 2017-2027 aldirako Kirol Plan Estrategikoa izatea; kirol-instalazioak handitzeko eta hobetzeko proiektu oso garrantzitsua izatea, Ipuruako moja kontzepzionisten lursail zaharrean (Ipurua II), zeinaren aurreproiektua urtea amaitu baino lehen kontratatuko den; kirol inklusiboa sustatzeko etengabeko lana egitea; eta baita udalerriko gaur egungo beharretara egokitutako kirol-instalazioak bultzatzea ere. Epaimahaiak horiek denak hartu ditu aintzat gure hautagaitza saritzeko, 8tik gorako puntuazioarekin.

Jon Iraola Eibarko alkatearen hitzetan: “Sari hau Eibarren kirola alde guztietatik arnastea ahalbidetzen duten guztiena da. Herriarentzako sari bat da. Horregatik, urtarrilean, Kirolaren Europar Hiriari (2023) hasiera emateko, gure herriko ehun sozial eta asoziatiboa aitortzeko ekitaldi bat egingo dugu, sari hau lortzeko elkarte horiek duten garrantzia nabarmentzearren.

Aitorpenak  berekin dakartza Udalak bete beharreko hainbat obligazio. Horien artean, urtean zehar hainbat ekintza antolatuko dira, hala nola kirolari eta berrikuntzari buruzko kongresu bat eta hitzaldiak eta lehen mailako kirol-ekitaldiak.

Hala, Udaleko Kirol Sailak, herrian jada antolatzen diren ekitaldiak aparteko ekintza gehigarriekin osatuko ditu. Ander Curiel Udaleko kirol zinegotziak adierazi duenez, “Herrian jada egiten den guztiagatik eman digute sari hau. Uste dut garrantzitsua dela egiten den lan hori balioan jartzea eta sustatzen saiatzea. Hala ere, Udalak ekitaldi indartsuak ekarri nahi ditu Eibarrera, bai lehiaketakoak, bai kirol-jarduerarekin eta jarduera fisikoarekin zerikusia dutenak.”

Horregatik, eta “Eibar Kirolaren Europar Hiriaren (2023)” aldeko ekitaldiei hasiera emateko, urtarrilaren hasieran ekitaldi bat egingo da hiriko kirol-eragile guztiei aitortza egiteko, zeintzuei, besteak beste, Europako Parlamentuan jasotako diplomaren kopia bat emango zaien. “Nahiko genuke eibartar guztiek sari hau eurena ere badela sentitzea eta saria, noranahi doazela ere, harrotasunez eramatea.

Urtean zehar, eta ekimenei forma eman ahala, joango gara haien berri ematen", adierazi du Curielek.