Eibarren finkatutako enpresek langabeak kontratatzeko dirulaguntzak emango ditu Udalak beste behin
Diruz lagunduko dira gutxienez urtebeteko iraupena duten kontratazio mugagabeak. Ikuskizunen sektorean, iraupen mugatuko kontratuak ere lagunduko dira, baldin eta gutxienez hiru hilabetekoak badira. Laguntza-programak 275.000 euroko aurrekontua du; eskaerak aurkezteko epea urtarrilaren 16ra arte egongo da zabalik.
Eibarko Udalak martxan jarri du berriz ere herrian finkatutako enpresek langabetuak kontratatzeko dirulaguntzen deialdia. Programa, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarekin batera garatzen dena, lan-merkatuan txertatzeko eta enplegua sortzeko udal-politiken barruan kokatzen da.
Laguntzetarako erabiliko den diru-partida 275.000 eurokoa da; horietatik 221.249 euro Lanbidetik datoz, eta gainerako 53.751 euroak Udalak berak jarriko ditu. Kopuru hori % 20 handitu daiteke, baldin eta kreditua agortuta eskabideak erantzuteke gelditzen badira, eta aurretik Udalak onartzen badu.
Jon Iraola alkatearen hitzetan, "laguntza hauek tresna eraginkorra dira Eibarren enplegua bultzatzen jarraitzeko eta tokiko enpresa-sareari laguntzeko. Azken urteotan egiaztatu dugu programa honek funtzionatzen duela: enpresei hazten laguntzen die eta langabeei lan-aukera berriak eskaintzen dizkie. Gure konpromisoa hiriaren garapen ekonomiko eta sozialari laguntzen dioten ekimen horiei eustea eta indartzea da. "
Dirulaguntzak eskuratzeko honako baldintza hauek bete behar dira: kontratatzailearen kasuan, pertsona fisikoak edo juridikoak izango dira lantokia eta jarduera ekonomikoa Eibarren dutenak. Kontratatuko den pertsonaren kasuan, Eibarren erroldatuta egon beharko du gutxienez 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera; horrez gain, langabezian egon, eta Lanbiden izena emanda eta enplegu-eskatzaile gisa alta emanda egon beharko du kontratua hasi aurreko egunean. Gainera, ezin du enpresaburuarekin edo zuzendaritza-karguekin ahaidetasun-harremanik izan, bigarren graduraino, hura barne. Halaber, ezin du enpresa berak kontratatu, baldin eta kontratazio hori aurreko deialdietan diruz lagundu bada.
Kasu guztietan, kontratuak dagokion sektoreko hitzarmenaren arabera egin beharko dira, eta batez besteko plantillan enplegu garbia sortzea ekarri beharko dute, kontratazioaren aurreko sei hilabeteetan. Ez dira lau kontratu baino gehiago diruz lagunduko enpresa onuradun bakoitzeko.
Dirulaguntza motak
Programak bi kontratu mota jasotzen ditu. Alde batetik, lanaldi osoko kontratu mugagabeak edo gutxienez % 50eko partzialtasuna dutenak, gutxienez hamabi hilabeteko iraupenekoak eta kontratu mugagabearen bidez formalizatu eta 2025. urtean hasi behar direnak. Bestalde, artisten, teknikarien eta laguntzaileen iraupen jakineko kontratuak finantzatuko dira, lanaldi osoko ikuskizun publikoetan edo gutxienez % 50eko partzialtasunarekin. Halako kasuetan, kontratuaren iraupena, gutxienez, hiru hilabetekoa izango da. 2025eko urtean hasi, eta diruz lagunduko den aldia hiru eta sei hilabetekoa izango da.
Kontratu mugagabeek 8.000 euroko dirulaguntza jasoko dute, lanaldi osokoak badira; eta kopuru hori jaisten joango da, kontratatutako lanaldi-iraupenaren arabera. Laguntzaren azken zenbatekoak ezin izango du kontratatutako pertsonaren urteko soldata-kostuen % 75 gainditu, enpresaren kargurako Gizarte Segurantzako kotizazioa barne. Laguntza 10.000 eurokoa izan daiteke baldin eta kontratatutako pertsona DSBE edo BGD dirulaguntzen jasotzaile, titular edo onuradun, luzaroko langabetua, edo 35 urtetik beherakoa edo 55 urtetik gorakoa bada.
Artisten eta ikuskizun publikoetako teknikarien eta laguntzaileen iraupen mugatuko kontratuei dagokienez, laguntza gehienez 6.000 eurokoa izango da sei hilabete edo gehiagoko lanaldi osoko kontratu bakoitzeko; eta kontratuaren eta lanaldiaren iraupen-murrizketaren arabera kopurua ere murrizten joango da. Laguntza 7.500 eurokoa izango da kontratatutako pertsona DSBE edo BGD dirulaguntzen jasotzaile, titular edo onuradun, luzaroko langabetua, edo 35 urtetik beherakoa edo 55 urtetik gorakoa bada. Kasu horretan ere kopuru guztiak % 10 igoko dira kontratatutakoak emakumezkoak badira.
Eskaerak egiteko epea azaroaren 11ean, asteartea, hasi zen, eta eskaerak 2026ko urtarrilaren 16ra arte aurkeztu ahal izango dira. Elektronikoki egin behar dira, udalaren web orriaren bidez (www.eibar.eus). Bertan, deialdiaren oinarriak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa ere kontsulta daitezke.