Udalak lursail bat erosi du Urko mendiaren magalean, baso autoktonoa berreskuratze aldera
73.000 eurotik gorako inbertsioa izan da, baso-biziberritzea bultzatzera bideratua.
Eibarko Udalak 28,18 hektareako lursail bat erosi du Urkon (73.005,80 euro, zuhaitzak barne), udal-ondarearentzat balio ekologiko handiko lursail bat eskuratzeko xedez. Lur horietan baso autoktonoa berreskuratzeko asmoa dago, eta horrek paisaiaren babesa eta biodibertsitatearen hobekuntza ekarriko du. Era berean, Eibarko ingurune naturaleko funtzio eta zerbitzu ekosistemikoak hobetuko ditu.
Ekimen hau azken urteotan garatzen ari den basoberritzeko eta ingurumena lehengoratzeko udal-estrategiaren parte da. Zehazki, Eibarko 2022-2030 Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plana ekimenaren barruan kokatzen da. Plan horretan hainbat neurri eta jarduteko lerro ezartzen dira, negutegi-efektuko gasen isurketa murrizteko, eta, horrela, aldaketa klimatikoak eragindako kalteei aurre egin ahal izango zaie. Planaren ekintzen barruan dago baso autoktonoa berreskuratzeko lursailak eskuratzea, baita udaleko baso-ekosistemak lehengoratzeko esku-hartzeak egitea ere.
Jon Iraola Eibarko alkateak aipatutako lursaila eskuratzearen garrantzia azpimarratu du: “Bertako espezieekin berreskuratzen dugun hektarea bakoitza aurrerapauso bat da Eibar berdeago eta biziago bat izateko, eta aldaketa klimatikoak eragindako kalteei aurre egiteko hobeto prestatuta egoteko”. Iraolaren esanetan, “honelako jarduketek, ingurumen-balioaz gain, gizarte balioa ere badute. Izan ere, ahalbidetu egiten dute egungo eta etorkizuneko belaunaldiek inguru osasuntsuago eta jasangarriago izan dezaten”.
Era berean, alkateak adierazi du Urko nortasun-ikurra dela Eibarrentzat: “Uste dugu Urkoren kontserbazio eta berreskuratze ekologikoa hezteko eta sentsibilizatzeko aukera ere izan behar dela. Herritarrak Eibarren bizitzeaz harro egotea nahi dugu, gurea bertako natura-ingurua babesten duen herria baita, ulertzen duena ekologia-trantsizioa aukera bat baino gehiago dela, alegia, konpartitutako premia bat ere badela”.
Landatzeaz gain, proiektuak bidezidor naturalak irekitzea eta egokitzea aurreikusten du, ingurunerako sarbidea erraztuz eta herritarren inplikazioa sustatuz ingurumen-boluntariotzako jardunaldien bidez. Eva Juez Garmendia Ingurumen Saileko zinegotziaren esanetan, “eibartarrak espazio hauek bere senti ditzaten nahi dugu, haien zaintzan parte har dezaten eta gure mendiak eta basoak zaintzeak duen balioa uler dezaten”.
Erosketa berri hau Udalaren beste ekimen batzuei gehitu behar zaie; esaterako, 2023an Pagaegikorta baserria eta haren lursailak eskuratu zituen. Baserriak 23,5 hektareako azalera hartzen du eta oso bisitatuak eta paisaia-balio handikoak diren eremuak ditu, espezie askorentzat funtsezkoa den korridore ekologiko baten barruan daudenak.
Aurretik erositako lursailen mugakide denez, haiekin batera, 50 ha-tik gorako hedadura lortzen da. Lursail hori leku enblematiko batean dago, Urko mendian, eta gaitasun handia du ekosistemen eta haien zerbitzuen funtzionaltasuna berreskuratzeko (jariatzearen eta higaduraren kontrola, karbono-bilketa, paisaia, eta abar).
Hala, azken urteotan udalerriko baso berritzerako egindako lanari jarraipena ematen zaio. Bataren eta bestearen erosketek Udalak lehengoratze ekologikoarekin eta udalerriko naturguneen babesarekin duen konpromisoa indartzen dute.
"Aldaketa globala eta klimaren eragina gero eta handiagoak diren testuinguru batean, jarduera hau beste urrats bat da baso autoktonoko lursailak berreskuratzeko, funtzio babesle eta ekologiko garrantzitsua betetzen baitute", dio Juezek.
Lurzati berria erosteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak 23.154,30 euroko dirulaguntza eman dio Udalari. Beste dirulaguntza bat ere eskatu zaio Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari baso autoktonoa berreskuratzeko proiektu honetarako, lursailaren erosketa barne.