Eibarko Udala
obrak

Hasi dira Hijos de Gabilondo eraikinaren birgaitze-lanak

2025/11/11
Infografia.

6,1 milioi euroko aurrekontua duen proiektuak Urkizu-Barrena eremua eraldatuko du, espazio publiko eta berdegune berriekin. Jon Iraola alkateak azpimarratu duenez, jarduketa "mugarria izango da hiriaren birgaitzean eta suspertze ekonomikoan".

Eibarko Udalak iragarri du astelehen honetan, azaroak 10, hasi direla Barakaldo eta Barrena kaleen elkargunean dagoen Hijos de Gabilondo eraikin historikoa birgaitzeko obrak. Miguel Imaz SA enpresari esleitutako obren aurrekontua 6,1 milioi eurokoa da, eta egikaritze-epea 88 astekoa (2026. urtearen amaieran bukatzea aurreikusten da).

Proiektuak Urkizu-Barrena ingurua sakon eraldatzea ekarriko du, 1938ko jatorrizko eraikina berreskuratuko baitu, eta ondoren egin ziren handitzeak kendu. Horri esker, espaloiak zabaldu, aparkaleku berriak egin eta aisialdi-eremuak sortu ahal izango dira.  Hori guztia Eibarko Udalak bultzatzen duen hiri-berroneratzearen estrategiaren parte da. 

Jon Iraola Eibarko alkateak une honen garrantzia azpimarratu du: “Obren hasiera mugarri bat da herriarentzat. Helburua ez da soilik eraikin enblematiko bat birgaitzea, baizik eta urteetan gutxi erabilia egon den gune bat biziberritzea. Nahi duguna da Hijos de Gabilondo jarduera ekonomikoaren eragile, ekintzailetzarako leku eta eibartarren topagune bihurtzea. Obra hau Eibar biziago, modernoago eta humanoago baten alde egiten dugun apustuaren sinbolo da". 

Era berean, Luis Vicente Castellanos Hirigintzako zinegotziak proiektuak izango duen inpaktua nabarmendu du: "Hijos de Gabilondo berreskuratzea ondare arkitektonikotik haratago doan zerbait da. Espazio bat diseinatzen ari gara, bizikidetza, jasangarriatsuna eta irisigarritasuna sustatuko dituena. Hirigintzak herritarren eguneroko bizitza aldatu eta herriaren kohesioa indartu ditzake, eta egitasmo hau da horren adibide.

Proiektuan aurreikusten da estalkia jendearentzat irekitzea: aisialdirako espazio bat izango da, gazteak egon eta  jolastu ahal izateko.  Halaber, bi gune bereiztuko dira: aparkamendu berria ekialdean eta gune berde bat mendebaldean.

Proiektu honekin, Eibarko Udalak berretsi egiten du ondare historikoa berreskuratzeko eta hiri-ingurunea hobetzeko duen konpromisoa, balioa emanez herriko memoria industrialaren parte den eraikin bati. 

Egitasmoa PSE-EE eta EH-BILDU udal-taldeek duela urte batzuk lortutako akordioari esker sortu zen.