Onkoreplica eta Semi Zabala, 2025eko Toribio Echevarria sarien irabazleak
Bio/Osasunera eta espazio-sektorera bideratutako bi proiektuak jaso dituzte sari nagusiak. Sariak gaur goizean banatu dira Eibarren, Euskadiko ekintzailetza, enpresa, zientzia, hezkuntza eta erakunde arloetako ordezkariak bildu dituen ekitaldi batean.
Onkoreplica enpresak, Startup eta Enpresa Proiektuen kategorian, eta Semi Zabalak, Enpresa Berritzailearen kategorian, Toribio Echevarria 2025 sarien 35. edizioko sari nagusiak irabazi dituzte, proposamenen izaera berritzaileagatik eta merkatuari balio bereizgarria emateko duten potentzialagatik.
Horiekin batera, Replay by Wellk eta Acha Herramientas enpresek ere toki garrantzitsua izan dute ekitaldian, Eibarko Enpresa – Made in Eibar saria eta Eibarko Udalak emandako "Iñaki Goenaga" aitorpena jaso baitituzte. Gainera, Reiner Groupek —2010eko edizioan teknologiko kategorian saritua— aipamen berezia jaso du 2025ean bere mendeurrena ospatzeagatik.
Hala, bost enpresa hauek Toribio Echevarria sarien —Euskal Autonomia Erkidegoko ekosistema ekintzailean erreferentzia gisa finkatu den ekimena— aitortutako enpresen zerrendan sartu dira.
Aitorpen ekonomikoaz gain, proiektuen arduradunek azpimarratu dute sari honek bultzada eta motibazioa ematen diela ideiak garatzen eta negozioak hazten jarraitzeko. Ildo beretik, ekitaldian parte hartu duten erakundeetako ordezkariek nabarmendu dute zer garrantzitsua den ekintzaileei laguntza eta babesa emateko administrazio publikoek egiten duten lana, horrek ekimen berritzaileak haztea ahalbidetzen baitu.
Sari-banaketan Juan Garzón eta Ruben Palomero Cultzyme enpresaren fundatzaileek gai honen inguruan hitz egin dute: “Bioindustrialización: la biología como nueva infraestructura productiva”. Aurkezpenean azaldu dutenez, bioindustrializazioa ekoizpen-prozesu tradizionalak eraldatzen ari da: biologia funtsezko zutabe bihurtzen ari da etorkizuneko industriarentzat.
Haien arabera, diziplina horrek potentzial handia du soluzio jasangarriak, berritzaileak eta eraginkorrak sortzeko, ondasun eta zerbitzuak ekoizteko modua birdefini dezaketenak.
2025eko enpresa irabazleak
Startupak eta enpresa-proiektuak
Onkoreplica: botika onkologikoak testatzeko soluzioak eskaintzen ditu, pazienteen tumoreen 3D in vitro ereduak garatuz.
Enpresa Berritzailea
Semi Zabala: Backend zerbitzuen lerro pilotu bat garatzen du, sektore espazialerako GaN gailuak fabrikatzeko.
Eibarko Enpresa-Made in Eibar saria
Replay by Wellk: plataforma digital integrala eskaintzen du kirol-klubetarako eta errendimendu altuko inguruetarako.
Iñaki Goenaga aitortza
Acha Herramientas: 85 urteko ibilbidea duen enpresa eibartarra, doitasun-tresnak fabrikatzen eta merkaturatzen dituena.
Aitortza enpresa-ibilbideari
Reiner Group: duela 100 urte sortua eta doitasun handiko injekzio bidezko moldekatzean espezializatua, nagusiki automobilgintzan eta medikuntzan lan egiten duena.
Hautagaitzak
Sari hauen historian zehar, 820 ideia eta enpresa-proiektu baino gehiago aztertu dira, guztira 45,5 milioi euroko inbertsioaren inpaktua eragin dutenak.
Aurtengo edizioak izaera zientifiko-teknologikoko berrikuntzara bideratutako startup eta enpresa-proiektuen 26 hautagaitza jaso ditu. Proiektu guztiek sektore estrategikoetan egiten dute lan, hala nola bioteknologian eta osasunean, IKTetan, industria aurreratuan, kirolaren teknologietan (Sportech) eta jasangarritasun edo trantsizio ekologikoan.
10 proiektu finalista hautatu zituen ekintzailetzan eta enpresa-garapenean eskarmentu handia duten pertsonek osatutako epaimahaiak, eta proposamen guztietan enpresaren ikuspegia eta berrikuntza sustatzeko gaitasuna baloratu dira nagusiki.
Sariak
Duela 35 urte sortu ziren Toribio Echevarria sariak, ekintzaileen lana aitortzeko, ekintzailetza berritzailea bultzatzeko eta enpresa-proiektu berriak sortzeko xedez.
Urtero egiten dira bi kategoria nagusitan: “Startupak eta Enpresa Proiektuak” eta “Enpresa Berritzailea". Haietako bakoitzak 12.000 euroko sariaz gain, aukera ematen du laguntza-, finantzaketa-, aholkularitza-, mentoring- eta formazio-programetan parte hartzeko.
Halaber, bada sari bat “Eibarko Enpresa – Made in Eibar” izenekoa, Eibarko Udalak ematen duena. 12.000 euroko dotazioa du eta 10.000 eurora arteko bonu teknologikoa, produktuak, prototipoak eta patenteak garatzeko, ahal dela Teknikerrekin edo BRTA sareko beste zentro teknologiko batzuekin lankidetzan.
Entitate sustatzaileak
Toribio Echevarria sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatutako ekimena da eta bertan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzako Ekonomia-Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren Zuzendaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak.
Parte hartzen dute, era berean, SPRI entitateak, Gipuzkoako Ganberak, Elkargik, APDk, Debegesak, Confebaskek eta Adegi, Cebek eta SEA enpresari-elkarteek.