Udalak kirol-instalazioak berritzeko lanekin jarraitzen du, espazio modernoak eta irisgarriak eskaintze aldera

Aurten hobekuntza ugari egin dira kiroldegietan, kirol-esperientzia osoagoa helburu. Ekipamenduak berrizteaz gain, aldagelak modernizatu eta argiztapen-sistema jasangarriak jarri dira.
Udalak kiroldegietako hobekuntza-lanekin jarraitzen du. Aurten, garrantzi handiko lanak egin dira dagoeneko zenbait kirol-instalaziotan, eta horrek erakusten du Udalak espazio modernoak, seguruak eta egokituak eskaintzeko egiten duen apustu sendoa.
Jon Iraola alkateak egindako jarduketen garrantzia azpimarratu du: “Egiten ditugun hobekuntzek, instalazioak modernizatzeaz gain, herritarren osasunarekin eta bizi-kalitatearekin dugun konpromisoa erakusten dute. Ipuruan ekipoak berriztu dira, eta aldagelak eta zorua konpondu Orbean, dena kirola praktikatzen dutenak eroso eta seguru senti daitezen. Eibarren jarduera fisikoa egunerokoaren parte izan dadin nahi dugu, heldu zein umeentzat, ohitura osasungarriak sustatuz eta partekatzeko eta disfrutatzeko espazioak sortuz.
Ipuruan prentsa bat jarriko da 2. fitness-gelan (igerilekuen sarbidearen ondoan); bertako makinak ere berriztu egingo dira, (11.000 euro inguru), baina oraindik zehaztu gabe dago. Horrez gain, aurreikusi da rokodromo bat egitea eta squash-pista guztiz berriztea (2025-2026 urteen bitartean). Lan hauek kirol-eskaintza zabaltzea ahalbidetzeaz gain, instalazioak diziplina eta modalitate berrietara egokitzeko aukera ere emango dute.
Orbea kiroldegian, uztail eta abuztuan zehar egin dira dagoeneko hobekuntza-lanak hainbat espaziotan. Besteak beste, igerilekuko sabaia aldatu da, Ur Bat klubeko entrenamendu-saioetarako euste-sare bat jarri da, emakumeen aldageletako hezetasun-arazoak konpondu dira eta gimnasioko zorua berriztu da, zoladura tekniko egokiagoa jarrita eta makinen banaketa guztiz aldatu da. Kardiorako makina berriak ere jarri dira (bi bizikleta, korrika egiteko zinta bat eta ergometro bat), eta gimnasiorako sarbide ingurua margotu egin da, bai itxurari bai funtzionaltasunari begira.
Unberen kasuan, goiko zelaiko harmailetan eserleku berriak jarriko dira, bai norgehiagokoetan bai entrenamenduetan hobeto hartu ahal izateko jendea. Horrez gain, markagailu digital bat jarriko da beheko zelaian, teknologia berria txertatuta errazago jarraitu ahal izango baitira partidak eta ekitaldiak, nola jokalariek hala ikusleek.
Andoni Ameztoy kirol-zinegotziak adierazi duenez, “ hobekuntza hauek dagoeneko ari zaizkie onurak ekartzen instalazioak egunero erabiltzen dituztenei. Gure helburua da erabiltzaile guztiek nabaritzea bere herriak kirolerako inguru ezin hobea, segurua eta modernoa eskaintzen diola”.
Egiteko dauden lanak
Ipuruan hainbat esku-hartze egingo dira, hala nola aldageletan —-batez ere, dutxetan eta txorrotetan—. Rokodromo bat ere eraikiko da guztiz berriztuko den squash gelan. Era berean, aurreikusita dago fatxada garbitzea eta sarrera margotzea, barruko igerilekurako sarbide-malda konpontzea, 2. fitness gelako makinak aldatzea, erdiko pista berriztea eta argiteria aldatzea.
Orbeako kiroldegiaren kasuan, korridoreetan eta aldageletan erremate-lanak egiteaz gain, sparen pantaila ordeztuko da eta klimatizazio-sistema bat jarriko da fitnes gelan, bertako makinak aldatzearekin batera. Berrikuntza gisa, horma-irudi bat margotuko da sarreran, kirolguneari irudi modernoagoa eta erakargarriagoa emate aldera.
Astelehena frontoian ere eguneratze-lanak egingo dira. : argiteria aldatuko da frontoian eta goiko komunean, kantxa margotuko da eta frontoiko sabaiko itoginak konponduko dira. Horrez gain, harmailetan banatzeko sare bat jarriko da, segurtasuna eta ikusleen erosotasuna hobetzeko asmoz.