Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak kanpaina berri bat jarri du martxan, hondakinak prebenitzeko Aste Europarraren barruan, herrian birziklatzea sustatzeko

2022/11/18

Ingurumen-hezitzaile bi ibiliko dira herriko kaleetan zehar sortzen ditugun hondakinak behar bezala birziklatzen erakusteko.

Azaroaren 21etik (astelehena) 25era (ostirala), Eibarko Udaleko Ingurumen arloak hondakinen inguruko sentsibilizazio-kanpaina berri bat egingo du. Kanpaina horren helburu nagusiak dira Eibarko herritarrak sortzen ditugun hondakinak (organikoa batez ere) behar bezala bereizteko beharraz kontzientziatzea, eta herritarrei horretarako behar duten guztiaren berri ematea.

Helburu horiekin, bi ingurumen-hezitzailerekin osatutako talde espezializatu bat udalerriko hainbat kaletan ibiliko da bost egunez, eta hainbat edukiontzi-multzo bisitatuko ditu; batez ere, organikoen edukiontzietan hondakinak ez direla behar bezala sartzen edo sartu behar ez direnak sartzen direla detektatu den gune horietako bat; horregatik,  kopuru handia dago hondakin desegokitan edo sartu behar ez diren lekuan sartzen diren horietan. Hezitzaileak kaleetan egongo dira astelehen, asteazken eta ostiral goizetan, 9:00etatik 13:00etara; eta astearte eta ostegun arratsaldeetan, 16:00etatik 20:00etara.

Duela urte batzuk, 2018an, honen antzeko kanpaina bat egin zen, eta oso harrera ona izan zuen. Hori dela eta, aurten ere birziklatzea sustatuko da gure herrian, gaikako bilketaren portzentajeak duela hiru urtetik hona % 56 inguruan geratuta daudelako eta organikoaren frakzioan gero eta gehiago aurkitzen direlako harakoak ez diren hondakinak.

 “Kanpaina honen alderdirik interesgarriena da ingurumen-hezitzaileek Eibarren dauden edukiontzi-multzoetan zehar ibiliko direla, eta nahi duten herritarrei hantxe bertan erakutsiko dietela sortzen dituzten hondakinak behar bezala kudeatzen. Hobeto birziklatzeko, herritarrek dituzten zalantzak argitu behar dira. Eta, batez ere, kanpainarekin berriro ere zera azpimarratu nahi dugu: hondakinak birziklatzea guztioi dagokigun zerbait dela, bai ala bai egin behar duguna”, dio Jon Iraola alkateak.  

Gainera, kanpaina honen bidez, Udaleko Ingurumen Arloak edukiontzien erabilera egokia sustatu nahi du, batez ere hondakin organikoena (edukiontzi marroia) eta errefusarena (edukiontzi grisa) Eibarko gaikako bilketaren tasa hobetzeko, aurten (abuztura arte) % 54,31koa baita.

Datu horien arabera, eta Eibarko birziklatze-tasa 2020rako ezarritako helburuaren gainetik egon arren (% 50ean dago finkatua),  xedea 2030erako gutxienez % 70eraino hobetzea izango litzateke.

Datu horien aurrean, Alberto Albistegui Ingurumen zinegotziak honako hau adierazi du: “Gaur egun % 50etik gora egon arren, datu hori guretzat ez da nahikoa, eta ezin gara lasaikerian jausi. Lanean jarraitu behar dugu eta ekintzak abian jartzen datu hori hobetzeko. Hain zuzen ere, horretarako egin dugu kanpaina hau. Hala ere, kontzientziatu beharra daukagu sortzen ditugun gehiegizko hondakinez eta hondakin kopuru hori murrizteko beharraz, erabiltzen ez ditugun objektuak eta materialak berrerabiliz, haien bizitza erabilgarria luzatuz.”  

Horretarako, Eibarko Udalak Plan Estrategiko bat egitea proposatu dio Debabarreneko Mankomunitateari, birziklatze-helburuak lortzeko. Era berean, Udalak sentsibilizazio-kanpainak eta -ekintzak egiten ditu, hala nola “Berrerabili eta berrasmatu” tailer-programa. Programa hori berriro garatzen ari da, herritarrei beharrezko ezagutzak, teknikak eta tresnak eskaini eta eguneroko objektuen eta materialen berrerabilera eta konponketa sustatzeko. Era horretan, gauzen balio erantsia handitu, haien bizitza erabilgarria luzatu eta hondakinak murrizten laguntzen da.