Eibarko Udala

Udalak Julian Etxeberriaren berrurbanizazio-proiektua aurkeztu du, Eibarko erdigunearen parte bat oinezkoentzat izatea ahalbidetuko duena

2023/05/02
Jon Iraola alkatea (eskuina) eta Alberto Albístegui Obretako zinegotzia (ezk.), Julián Etxeberriaren berrurbanizazio-proiektua aurkezteko prentsaurrekoan.

Egitasmoak eraldatu egingo du Errebal, Julian Etxeberria, San Juan, Toribio Etxebarria eta Zuloagatarren arteko eremu guztia, parke handi bat bihurtuz. Jarduketak aldaketak eragingo ditu ibilgailuen noranzkoan Julian Etxeberria eta San Agustin kaleetan.

Eibarko Udalak Julian Etxeberria kalea berrurbanizatzeko proiektua aurkeztu du. Jarduketa horren bidez, erdigunea eraldatu eta hobetu egingo da, eta Toribio Etxebarria, Zuloagatarren eta Julian Etxeberria kalearen zati bat oinezkoen gune bihurtuko da. Egitasmo honekin, oinezkoentzako ardatz bat sortuko da, Untzagan hasi eta Julian Etxeberria 10 zenbakiraino luzatuko dena, eta handitu eta hobetu egingo dira aisialdirako eta egoteko tokiak, berdeguneak eta jardinguneak.

Proiektua gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Jon Iraola alkateak eta Alberto Albistegui Obra zinegotziak.  Girder Ingenieros enpresak egin du proiektua, zeinari Udalak duela hilabete batzuk adjudikatu zion dokumentuaren erredakzioa 35.000 eurotan.  Girderrek aurkeztutako proiektuaren arabera, Julian Etxeberrian eta inguruetan aurreikusitako lanek 3.000.000 euroko kostu zenbatetsia izango dute.

Jon Iraola alkateak proiektuaren aurkezpenean adierazi duenez, “jarduera hau guztiz estrategikoa da hiriarentzat, ez bakarrik oinezkoei protagonismoa eman eta haien mugikortasuna erraztea ahalbidetuko duelako, baizik eta, gainera, egoteko gune eroso eta atseginak sortuko direlako Eibarko erdigunean bertan, batere ibilgailurik gabe".

Bestalde, Iraolak ziurtatu duenez, “ingurumenaren ikuspegitik beste urrats  garrantzitsu bat emango dugu, hirigunean autoen joan-etorria murriztu eta isuri kutsatzaileak gutxitzeaz gain, lorategi-eremu berriak ere izango ditugulako”.

Alberto Albisteguik proiektuaren xehetasunak eman ditu: “Julian Etxeberria erdigunean dago eta San Andres parrokiatik, udaletxetik eta Errebal ingurutik gertu; bestalde, bertan aktibitate etengabea dago, bai oinezkoen mugimenduari dagokionez, bai  merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-jarduerei dagokienez”.

Proiektuak jasangarritasun- eta irisgarritasun-irizpideak hartuko ditu aintzat, eta lehentasuna emango die oinezkoei, haientzako ibilbide seguru, berde eta irisgarriak sortuz.  

Aurkeztutako proiektuaren ezaugarri zehatzei dagokienez,  eremuak 5.350 metro koadro inguru hartzen ditu eta hiru gune izango ditu: Errebal kale-amaieran hasi eta Julian Etxeberriatik, Aldapatxo ondotik, San Juan kaleraino; Julian Etxeberria kale osoa, Bidebarrietako bidegurutzetik hasi eta Zuloagatarren kalearekin bat egiten duen tokiraino (anbulatorioaren parean); bai eta anbulatorioko parkea bera eta Errebalen amaieran dagoen parkea (Caja Ruralen bihurgunean).

Diseinu berriaren arabera, toki horien zati handi bat erabat oinezkoentzat izango litzateke; izan ere, mantenduko den ibilgailuen pasabide bakarra izango da Errebaletik San Juan kaleraino (Correosen aurrean) doana. Aldiz, desagertu egingo da Julian Etxeberria eta Toribio Etxebarriaren arteko zirkulazioa; toki hori parke gunea izango da.  Hala, pasabide hori baliogabetuta eta ibilgailuak ezingo direnez joan ez Zuloagatarren kalera ez Toribio Etxebarria kalera, kale horiek oinezkoen gune izango dira erabat.

Hala ere, Julian Etxeberria eta Toribio Etxebarriaren artean (anbulatorioaren aurrean) pasabide bat egongo da, baimendutako ibilgailuek bakarrik erabili ahalko dutena, edo bizikleta-proben edo bestelako kirol- edo jai-ekitaldien kasuan ireki ahal izango dena.

Proiektuaren jarduera-eremu osoan berdindu eta handitu egingo dira espaloiak eta bideak, inguruko kaleetan aurretik egindako beste esku-hartze batzuetan egin den bezala. Horrela, La Caixa eta Caja Rural artean dagoen Julian Etxeberria kaleko espaloiari 6 metroko zabalera emango zaio, eta kontrako espaloiak 2,80 metroko zabalera izango du. Irizpide orokor gisa, zolatzeko materialak erabiliko dira, hala nola granito grisezko eta arrosazko lauzak eta galtzada-harriak, eta bideetan inprimatutako asfaltoa. Julian Etxeberria kale osoak, Bidebarrietaraino, konfigurazio hori izango du.

Zuhaitzei eta berdeguneei dagokienez, landaketa berriak egingo dira, eta, ahal dela, dauden lekuan utziko dira orain daudenak. Eta ahalik eta ingurune berdeena sortzeko helburuarekin, zuhaitz eta zuhaixketarako espezie alternatiboak hartuko dira kontuan eta inguruko baldintza klimatikoetara hobekien egokitzen diren barietateak aukeratuko dira.  Era horretan, helburua da kaleko guneak naturalizatzea eta kalitatezko espazio urbanoak sortzea oinezkoen mugikortasuna ahalbidetuko dituztenak.

Aldaketak trafikoan

Proiektuak, halaber, aldaketa handiak eragingo ditu trafikoan.  Errebaletik datozen ibilgailuek, Donostiarako noranzkoa hartu nahi badute, ezkerretara jo ahal izango dute Caja Ruralaren parean, Julian Etxeberriatik igoz (orain duenaren kontrako noranzkoa izango du), Bidebarrietan sartzeko.  

Bestalde, Bidebarrietatik doazen ibilgailuek, Eibarko erdigunera itzuli nahi badute, ezkerretara jo ahal izango dute San Agustin zeharkaletik (kale horrek ere zirkulazio-noranzkoa aldatuko du), berriz ere Bilborako noranzkoa hartzeko, Errebal kaletik.

Julián Etxeberriaren berrurbanizazio-proiektuaren planoa