Eibarko Udala
etxebizitza

2026aren hasieran hasiko dira berriz ere Bittor Sarasketako 19 etxebizitzen obrak

2025/11/17
Artxiboko irudia.
Bittor Sarasketako etxebizitzak.

Birgaitutako lehengo epaitegiko eraikinak ateak irekiko ditu, azken gabezia teknikoak konpondu ondoren. Alkatea pozik agertu da aurrerapenarekin eta gogorarazi du sustapen berriak daudela bidean Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan.

Bittor Sarasketako 19 zuzkidura-etxebizitza sustatzeko obrak 2026. urtearen hasieran hasiko dira berriro, lanean jarraitzeko egon ziren akats teknikoak konpondu ondoren. Etxebizitza babestuei dagokienez, herriko proiektu aurreratuenetako bat da, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak eta Eibarko Udalak sustatua.

Jarduketa hau bi erakundeen artean lortutako akordioaren emaitza da, zeinaren bidez Euko Jaurlaritzak —eraikinaren titularra— higiezina birgaitzeko konpromisoa hartu zuen zuzkidura-bizitokiak sortzeko, eta, aldi berean, udalari sotoa eta beheko solairuaren zati bat laga zizkion udal-erabilerarako.

Bittor Sarasketa kaleko lehengo epaitegian kokatutako eraikinean —2002ko martxotik okupatu gabea— birgaitze integrala egin da. Jatorrizko egitura mantendu da, baina barrualdea guztiz hustu da, bizitegi-erabilera berrira egokitzeko. Fatxadak ere eraitsi dira, eta barruko espazioa guztiz birbanatu da.

Zuzkidura-bizitokiak pentsatuta daude udalerrian bizi diren gazteei bizitoki bat emateko, alokairu babestuko erregimenean eta denbora mugatu batez; bizitoki hauen errentak gazteen ahalmen ekonomikora egokituta daude eta merkatu librekoak baino txikiagoak dira. Formula honek ahalbidetzen du gero eta handiagoa den etxebizitza eskuragarrien eskaerari erantzuna ematea eta gazteen emantzipazioa erraztea.

19 etxebizitzetatik hiruk (bakoitzak 58 m²) bi logela izango dituzte eta gainerakoak logela bakarrekoak izango dira, 35 eta 39 m² erabilgarri arteko azalerekin. Guztiek izango dituzte sukaldea, bainugela, berogailua, terraza, garbigailu-lehorgailua eta esekitokirako gune babestu txiki bat.

Bestalde, kanpoko urbanizazioa osatu da, eta Bittor Sarasketa kaleko espaloian esku hartuko da, dagoen goragunea kentzeko eta udalaren zentro ludiko berrirako irisgarritasuna errazteko.

Jon Iraola alkateak oso modu positiboan baloratu du proiektua berriz ere martxan jartzea: "Albiste bikaina da Bittor Sarasketaren sustapenaren obrak behingoz abian jartzea. Beste urrats bat da Udalak etxebizitza eskuragarrien eskaintza zabaltzeko eta Eibarko gazteei aukerak eskaintzeko duen konpromisoan. Gainera, laster iritsiko dira sustapen berriak Egazelaian, AIBEn eta Lapeyran, guztiak Denis Itxaso buru duen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren eskutik”.

Horrez gain, Iraolak nabarmendu du horrelako ekimenen garrantzi estrategikoa. “Etxebizitza Udal honen lehentasunetako bat da. Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan jarraitu nahi dugu, etxebizitza babestu gehiago jartzeko herritarren eskura, eta aurrera egiteko hiri-eredu jasangarri, irisgarri eta justuago baterantz”.