Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak jardunaldi bat antolatu du ekintzaileak, enpresak, inbertsore pribatuak eta erakundeak elkartzeko

2018/02/07

“Eibarko Business Market” ekitaldia otsailaren 8 eta 9an egingo da IK4-Teknikerreko instalazioetan eta ahalmen finantzario handiko inbertsoreak batuko ditu. Topaketaren helburu nagusia da Eibarko enpresa- eta ekintzaile-ehuna garatzea eta herrira eta eskualdera enpresa-proiektuak erakartzea.

Eibarko Udalak, IK-4 Teknikerrekin elkarlanean, Gipuzkoan bakarra izango den Eibar Business ekitaldia antolatu du otsailaren 8 eta 9rako. Topaketak harremanetan jarriko ditu pymeak, ekintzaileak eta startups enpresak alde batetik, eta inbertsoreak, arrisku-funtsak, Inbertsio Zaindarien Sarea, Venture-funtsak, eta bertako nahiz kanpoko esparru finantzarioa bestetik. Jardunaldiaren xedea da eragile horien artean harreman eta aliantzak sortzea, enpresa gisa Eibarren garatu ahal izateko.

Topaketa ezinbesteko hitzordua izango da gure herrian edo inguruan finkatu nahi duten hemengo edo kanpoko enpresentzat eta profesionalentzat. Jardunaldia IK-4 Teknikerren izango da eta interesa duen edonor joan daiteke. Foro honen gako nagusienak hauexek izango dira: bertako eta eskualdeko enpresa-sektorea sustatzea, enplegua sortzea eta Eibar topagune gisa kokatzea inbertsoreen, startups enpresen (hasten edo eraikitzen ari diren enpresak) eta ekintzaileen artean. 

Foroan parte hartuko duten entitateak, babes ekonomikoari dagokionez, era askotarikoak dira. 5.000 euroko oinarrizko finantzazioa behar duten proiektuetatik hasi eta 5 milioi euroko proiektuetaraino.  

“Eibar Business Market”-en parte hartzen duten funtsen ahalmenaren bolumena 100 milioi eurokoa da inbertsio-gaitasunari dagokionez. Hauexek izango dira Eibarrera etorriko diren entitateetako batzuk: Startupexplore Comunidad Europea de Inversores, 7.300 inbertsore elkartzen dituena; Swaalab Giza, Israelgo kapitala duena;  Startup Ventures; Keiretsu Forum Business Angels; Big Ban Business Angels; Silicon Valleyn egoitza nagusia duen Plug and Play azeleragailua; Deustuko Orkestra sarea, edo Bstartup Sabadell.  

Ekimen honek ez du Foro honen antolaketan geratu nahi. Ekintzak garatu nahi ditu aurrera begira, eta entitate horiekin aliantza estrategikoak eraiki.

Azpimarratzekoa da, halaber, ekitaldian eragile ekonomiko, instituzional, sozial eta hezkuntzarekin lotutakoek parte hartuko dutela; izan ere, Euskadiko unibertsitate guztiak egongo dira beran (EHU; Deustu, Mondragon). 

Eragile horiekin batera, nabarmendu behar da GEM Euskadiren parte hartzea, erreferentziazko entitatea baita ekintzailetzaren azterketa eta analisian; edo Ashokaren partaidetza, mundu mailako erreferentziazko plataforma, ekintzailetza sozialaren esparruan.

Finantzazioa da ekintzailetzaren zutabeetako bat

Euskadiko ekintzailearen profila hauxe da: unibertsitate-ikasketak dituen profesionala eta batez beste 40 urtekoa. Gehienetan, ekintzaileek berek jarri ohi dute finantzazioa: negozioa garatzeko behar den kapitalaren % 74. Ekintzaileek beren baliabide propioak jarri behar dituzte merkatura irteteko, bankuen finantzazioa oso urria da-eta. Proiektu asko ez dira aurrera ateratzen finantzazioaren zailtasunengatik. 

“Eibar Business Market” ekimenaren xede nagusia finantzazio-premia horiei modu zuzenean erantzutea da, espazioak eta egitura dinamikoak sortuz ekintzaileek eta enpresariek inbertsoreekin topaketa zuzenak izan ditzaten;  era berean, mahai-inguru eta hitzaldietan, enpresen esparruko adituek eta ekintzaileek egungo merkatuaren aukerak aztertuko dituzte.

Jardunaldian, aztertu egingo de ea lankidetza-akordiorik egon daitekeen inbertsore-sareekin ekintzailetza-proiektuen eta enpresa-garapenen analisiari ekiteko, finantzazioa lortzeko xedez Udalari eta enpresei kosturik eragin gabe. Geroago, Eibarko Udalaren talde teknikoak eta topaketaren enpresa antolatzaileak tutoretza- eta jarraipen-lan bat egingo dute proposatutako helburuak lortzeko.

Horren haritik, Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotzi Alberto Albistegik dioenez, "Eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza, produkzio-ehuna egokitzeko; enpresak finkatzen eta hedatzen laguntzea eta esparru ekonomikoa bultzatuko duen finantzazioa bilatzea, horiek denak oinarrizko alderdiak dira Udalaren Ekonomia saileko helburuen artean”. Hortaz, Albistegik zera gaineratu du: " negozio-asmoen eta aipatu ditugun bezalako inbertsore pribatuen arteko topaketa erraztea aurrekaririk ez duen egokiera izango da, Eibarren eta eskualdean harreman-bide berriak zabaltzeko eta enpresek beste aukera batzuk izateko".