Udalak jakinarazi du Estaziño eta Azitain arteko trenbide-zatiaren estaldura eraikitzeak trenaren zarata-maila murriztuko duela

Ezkerretik eskuinera, Alberto Albístegui, Obretako zinegotzia, eta Jon Iraola alkatea, “Eibar eta Azitain geltokien arteko trenbide-zatiaren azterlan akustikoa” izenekoaren emaitzak ezagutzera emateko egin den prentsaurrekoan.

Ezkerretik eskuinera, Alberto Albístegui, Obretako zinegotzia, eta Jon Iraola alkatea, “Eibar eta Azitain geltokien arteko trenbide-zatiaren azterlan akustikoa” izenekoaren emaitzak ezagutzera emateko egin den prentsaurrekoan.

2023/04/28

Horixe da ETSk azken hilabeteetan egindako azterlan akustikoaren ondorioetako bat. Udal arduradunek bilera ireki batean jakinarazi zizkieten atzo txostenaren emaitzak trenbidetik gertu bizi diren herritarrei.

“Eibar eta Azitain geltokien arteko trenbide-zatiaren azterlan akustikoa” izenekoaren emaitzek ondorioztatzen dutenez, trenbidearen gaineko pasealekua eraikitzeko proiektuak “eragin positiboa izango du zarata-mailetan; izan ere, zarata horiek ez dira nabarmen handituko, aitzitik, murriztu egingo dira bai pasealekuaren plataformak berak trenbide ondoko fatxadetan eragingo duen pantaila-efektuagatik, bai hesi akustikoen efektua duten altuera txikiko alboko hesien eraginagatik”.

Txostena ACC Centro de  Acústica Aplicada enpresak egin du, Euskal Trenbide Sareak (ETS) esleitutakoa, eta gaur aurkeztu dute Jon Iraola alkateak eta Alberto Albistegui Obretako zinegotziak prentsaurrekoan, atzo, osteguna, Eibarko Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan, Cristina López Euskal Trenbide Sareko I+G+b, Kalitate eta Ingurumeneko zuzendariak azterlanaren ondorioak estaldura eremutik gertu dauden etxebizitzetako bizilagunei aurkeztu ondoren.

Azterlanaren emaitzak ikusita, Jon Iraola Eibarko alkateak zera esan du: “Azken hilabeteetan Udaleko eta ETSko teknikariek inguruko etxebizitzetako bizilagunekin egin ditugun bileretan jakinarazi diegu pasealekua eraikitzeak ez duela maila akustikoa okertuko”. “Hala ere, -gehitu du- uste dugu garrantzitsua zela teknikarien baieztapen horiek berariaz egindako azterlan batean oinarritzea”.

Eta horren harira, Iraolak adierazi duenez, “azterlanaren emaitzek berretsi egiten dituzte bere garaian bizilagunei helarazi genizkien baieztapenak, hau da, estaldurari esker, Eibarko erdigunearen eta hiriaren ekialdearen arteko oinezkoen lotura indartu eta hobetzeaz gain, trenak igarotzean sortutako eragozpenak murriztea lortuko dugu”.

Alberto Albistegui zinegotziak, bestalde, ETSk egindako azterlanaren edukia zehaztu du eta hura egiteko erabilitako metodologia, ebaluazio-irizpideak, neurketen emaitzak, egungo eta etorkizuneko egoeraren ebaluazioa eta txostenaren ondorioak.  Lana egiteko, CNOSSOS-EU metodo europar amankomuna aplikatu da, datu-baseen definiziotik abiatuta, ETSren lineetan dabiltzan tren moten emisioak ebaluatzeko.

Albisteguik azaldu duenez, azterlana egiteko neurketak egin ziren honako 4 tarte hauetan:  Eibarko geltoki ingurua, Barakaldo 27 zenbakitik eta Electrociclosetik gertuko bizitegi-eraikinen arteko zatia, Barrena kaleko eraikin industrial baten atzealdea, eta Azitaingo geltokiaren ingurua.

Toki horiek bizitegi-guneetatik hurbilen dauden lekuak izateagatik aukeratu ziren.

Azterketa egiteko erabilitako metodologiari dagokionez, eredu akustiko batekin lan egin da, ahalbidetzen duena etorkizuneko agertokia simulatzea eta aztertzea zer aldaketa-efektu gertatuko den zarataren hedapenean behin pasealekua eraiki ondoren.

Gaur egun, Kalitate Akustikoaren Helburuekiko (KEB) aldi txarrena gaua da, 23:00etatik 7:00etara, salgaien trenek eragiten duten zarataren ondorioz.

Hala ere, proiektuaren eraginpean dauden eraikin guztietan KEB helburuak betetzen dira gaur egungo agertokian.

Era berean, adierazi behar da estalduraren eraikuntza amaitu ondoren ere beteko direla KEB helburuak, azterketaren emaitzek erakusten baitute pasealekua eraikitzeko proiektuaren eraginak onura akustikoa dakarrela, bai pasealekuaren plataformaren pantaila-efektuagatik, bai alboko hesiengatik; azken hori bereziki eraginkorra trenbide-kotaren azpian geratzen diren fatxadetarako.

Azterlan honen aurkezpenaren harira, alkateak gogorarazi du duela gutxi Udalak eta ETSk beste azterlan baten ondorioen berri eman zietela Ego Gain inguruko bizilagunei, Ardantza eta Ospitalearen arteko trenbide-tartean zarata-mailak murrizteko xedez egindakoa. Azterlan horren ondorioetan oinarritua —trenbide-tarte horretako zarata-neurketei buruzkoa— ETSk neurri zuzentzaile batzuk aplikatuko ditu inpaktu akustikoa murrizteko.

Intereseko edukia: