Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak Ipuruako kirol proiektuan txertatuko ditu hango eliza, arkupeak eta egungo sarbideko patioa

Ipuruako komentuaren irudia.

Ipuruako komentuaren irudia.

2022/02/07

Neurri honekin, Udalak balioan jarriko ditu multzoaren interes historiko-urbanistiko handieneko elementuak, herritarrei zerbitzua emango dien eraikin moderno batean sartuz. Udalak Ipuruan bilduko ditu herriko kirol azpiegitura gehienak, kluben eta herritarren beharrei erantzuteko asmoz.

Eibarko Udalak, Ipuruan eraiki asmo duen kirol proiektu berrian (Ipurua II) integratuko ditu eliza, arkupeak eta Santa Ines kalean dagoen komentura sartzeko patioa. Komentua Eibarko Udalak desjabetu behar izan zuen 2018an, haren titular zen Erlijio Ordenak (Monja Kontzepzionistak) hala eskatuta.

Horrela, Udalak multzoaren interes historiko-urbanistiko handieneko elementuak balioan jarri eta kontserbatuko ditu; zati horiek harmonikoki batuz eraikin moderno berri baten parte izango dira, zeinak  herriak behar dituen kirol-instalazioak hartuko dituen.

Jon Iraola alkateak adierazi duenez, “Alkatetza honetatik argi daukagu ahalegina egin behar dugula gure arkitekturaren elementuak balioan jartzeko eta azpiegitura moderno berrietan integratzeko, kasu honetan bezala, hala, Eibarko herritarren eta 30 kirol-kluben eskariei erantzun ahal izango zaie, iragana eta oraina uztartu dituen multzo arkitektoniko bat sortuz, eta, era berean, egungo erabileretarako berreskuratuz.”

Romualdo Galdos kaleko multzo urbanoa Udalak eraiki zuen 1952an eta etxebizitzetarako eraikinak egiteaz gain, hainbat zerbitzu osagarri eraiki ziren, hala nola merkatua eta eskola, lorategiak eta baita eliza berri bat ere, Isasi kalean zegoenaren ordez.

Eliza ez dago katalogatuta, alegia, ez du inolako ondare-babesik. Hala ere, Eibarko Udalak uste du eliza hori, Romualdo Galdoseko jatorrizko multzo urbanoaren elementu esanguratsua den aldetik, kontserbatu egin behar dela. Era horretan, Udalak balioan jartzen du eraikina, etorkizunean Eibarko hiri-bilbean hirigintza-ondarearen zati gisa iraungo duela bermatuz.

Elizaz gain, Eibarko Udalak uste du beharrezkoa dela, era berean, aipatutako elizaren ondoko “arkupeak” nabarmentzea eta kontserbatzea, bai monumentu zein oroigarri historiko gisa.

Ildo horretan, komeni da gogoratzea arkupe horretako harri batzuk Isasiko komentu zaharretik salbatu ahal izan zirela; antza denez, elizako elementu batzuk balio handikoak ziren, esate baterako, XVII. mendeko erretaula bat, gerra zibilean erre zena.

“Galeria arkupeduna” konfiguratzeko espazio libre bat behar da, hau da, komentuaren sarbideko egungo plazatxoa, eta espazio hori ere gordeko du Udalak, aurreko bien elementu integratzaile bezala. 

Horren ondorioz, kirol-instalazio berriek hiriaren ondarea eta memoria historikoa gordeko dituzte, zati horiek kirol-ekipamendua handitzeko egingo den eraikin berrian integratuz, eta hirian dagoen ondare-legatua —herritarrek hain estimu handitan dutena— errespetatuko duen multzo harmoniko bat sortuz.

Hala, Eibarko Udalak, era horretako proiektuetan espezializatutako kirol-eragileen laguntzarekin, oso aurreratuta dauka Ipuruako kirolgune berria izango denaren konfigurazioa, eta, horrela, bai kirol-azpiegitura berriak bai egungo kiroldegi eraberrituak, biek erantzungo diete egungo premiei.

Aurreikusita dago aurki lizitaziora ateratzea fase ezberdinen aurreproiektuen idazketa.